Skastiren aro berriari “New Age” esaten zaio
Apirilaren 26an Gaztea irratiko Maketa Lehiaketako finala jarraitu zuten milaka euskal herritarretarik gutxi batzuk soilik ezagutzen zuten talde irabazleak atzetik duen ibilbidea. Gutxik ezagutzen orain dauden lekura iristeko bizitako guztia.
Izan ere Skasti taldea Zarauzko boragine musikal emankorraren beste ale bat izan zen duela jada 8 urte. Dibertitzeko asmoz elkartutako gazte talde bat, Deloreanekin entsegu gela konpartitzen zuen gazte taldea. Abendaño industrialdeko zulo batean. Ska sukarrak eta festarako gogoak inspiratuta hasi zen, baina eginaren eginaz, ibiltzearen ibiltzeaz, sekulako sona hartu zuen herrian, festa zegoen lekuan ezinbesteko bihurtzeraino. Euskal Herritik jira-biran ibili izan dira ordutik, eta lehen maketa bat erditu zuten; amateurra zentzurik onenean. Haiena, benetakoa, zinezko gauzen halako gabezia bizi dugun garaiotan.
Hara nola, azken hilabete luzeetan lanean jardun dute Joel Crespo taldeko kitarjole eta soinu teknikariaren aginduetara, “New Age” izeneko haien lehen diskoa grabatu, atondu eta amaitzeko asmoz. Eta sortu zirenetik ia guztiarekin egin duten bezala burura eraman zuten duela hilabete gutxi. Ez izerdi gutxi botata amaitu ere. Cresporen betaurrekoetatik sortutako lanari azken ukitua Grises talde zestoarreko Eñaut Gaztañagak eman zion, nahasketekin zein masterrarekin. Mimoz egindako lanak zer ikusi gutxi du hasierako gazte talde haren doinuekin, hasierako Skasti harekin, Deloreaneko kideak haserretzen zituen Skastirekin. Ez da sobera, eta topikoa dirudien arren ez da topikoa esatea, askoz helduagoa dela taldea. Bilatu duela urratzeko ibilbide bat, Ska, Dancehall eta musika elektronikoaren artean, doinu dantzagarriak ardatz. “New Age” lanarekin eman dituela lehen pausoak bide honetan. Fermin Etxegoienek irratian esan bezala, “ez dira ohiko ska taldea”. Xinplekeria litzateke ‘ska-talde’ bezala soilik definitzea.
“New Age” lanak eta ibilbide oso batek eman dizkie Gaztea Maketa Lehiaketako sariak, ia ezustean, azken unean parte hartzea erabakita. Merezitako bultzada. Baina sekulako aukera dela ahaztu gabe; bai ekonomikoki, bai ezagutzera emateko; anekdota besterik ez da aurretik aipatu bidean. Apirilaren 26an oholtza gainean, “New Age” diskoko akorde bakoitzean, nahiz, Abendañoko industrialdean Deloreanen anplifikadoreekin jotzen zutenean, bertute batek bereizten zituen: benetakotasunak. Eta aurretik duten abenturan ere, datozen kontzertuetan, BBK Liven uztailean, horixe izaten jarraitu behar dute guztiaren gainetik, jotzen dutena jotzen dutela: benetakoak.