San Mames berria, krisiak eta borroka politikoek baldintzatuta
San Mames berriaren diseinua eta maketa orain bi urte aurkeztu zuten talde zurigorriko agintariek. 58.000 ikusle hartzeko ahalmena eta kanpoaldeari itxura distiratsua emango zion iluminazio berezia ziren zelai berriaren ezaugarri nagusiak. Proiektuak eskatzen zuen inbertsioa zenbatekoa izango zen ere jakinarazi zuten: 180 milioi euro. Baina, orain, krisiaren eta borroka politikoen ondorioz, hasierako asmo horiek aldatu egin direla dirudi.
Krisia dela eta, hasierako aurrekontua 5 milioi eurotan merketzeko asmoz, kanpoaldeko iluminazioaren ideia bertan behera utzi da eta aurreikusita zegoena baino 5.000 ikusle gutxiago hartzeko ahalmena izango du orain zelaiak, hau da, 53.000.
Baina krisia ez da San Mames berriaren proiektuak bere bidean aurkitu duen arazo bakarra. Eusko Jaurlaritzan eman den aldaketa politikoa ere arazo bihurtu daiteke. Izan ere, finantziazioaren atala ez dago oraindik guztiz zehaztuta. San Mames Barria SL elkartearen asmoa zen Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta BBKk 55na milioi jartzea eta Athleticek gainerako 10 milioi euroak. Eusko Jaurlaritzako lehengo agintariak ados zeuden sistema honekin. Baina, orain, PSE-EEren asmoak bestelakoak dira: Jaurlaritza berria ez dago prest bere 55 milioi euroak ordaintzeko. Printzipioak ala borroka politikoak?
Eusko Jaurlaritzaren arrazoiak edozein izanda ere, oraindik erantzunik aurkitu ez dizkiedan galdera pare bat sortzen zaizkit:
1.- Beharrezkoa da bost izarretako San Mames berri bat eraikitzea?
2.- Erakunde publikoek horrenbesteko partaidetza eduki beharko lukete erabilera publikorik izango ez duen proiektu batean?