“Oraindio ez dut guztiz asimilatu aurten gertatu zaidan guztia”

MzgyMA== 


Zelan joan zen Montmellóko lasterketa?
Lasterketako irteerako postua erabakitzeko lehian lehenengo geratu nintzen, Xabi Domenech-en aurretik. Ondoren, lasterketako txanda bietan irabaztea lortu nuen.

Txapelketan zehar puntu gehien batu badituzu ere, ez zara txapeldun geratu.
Ez. Pilotu guztiek puntuaketatik lasterketa bat kendu behar dute. Domenech-ek punturik batu ez zuen bat kendu zuen eta nik, lasterketa denetan puntuatu dudanez, horietako bat kendu behar izan nuen. Ondorioz, Domenech aurretik geratu da.

Penatxoa geratu zaizu?
Egia esanda, bai. Ez dut esango ernegatu nintzenik, ez da hori ere, baina pozagaz batera sentzazio gazi-gozo samarra geratu zitzaidan.

Dena dela, lasterketa denetan podiumean egon zara, eta horietako lau irabazi dituzu.
Alde horretatik oso gustura nago. Ez genuen inondik inora uste hain goian ibiliko ginenik. Gure denboraldi hasierako helburua apurka ikasten joatea zen.

Iaz arte kart-etan ibili zara. Aurten barquetta hori aurrean ipini zizutenean zer pentsatu zenuen?
Printzipioz, aitak berak gidatzeko erosi zuen barquetta hori. Nik noizean behin erabiltzen nuen, baina ez txapelketari begira; probatzearren bakarrik.

Zergatik hartu zenuten saltoa emateko erabakia?
Karting denboraldia ondo joan zen; maila itzela dago eta hamargarren amaitu nuen. Beraz, CMagaz lasterketa bat korritzea erabaki genuen, probatzearren, eta errendimenduagaz gustura geratu ginenez, jarraitzea erabaki genuen.

Imajinatzen dut gauetik egunerako aldea egongo dela modalitate bien artean.
Oinarri-oinarritik hasita, orain hiru pedal kontrolatu behar ditut. Dimentsioetan ere ez dago konparaziorik, eta abiaduran zer esanik ez. Beste mundu bat da.

15 urtegaz horrelako abentura batera egokitzeak, teorian, denbora eskatu behar lizuke. Zu, ordea, berehala moldatu zara.
Lehenengo lasterketan doikuntza eta prestazio aldetik justu ibili arren, gero, itxaroten genuen baino hobeto ibili ginen. Egia esanda, ustekabea ere izan zen. Ez genuen itxaroten.

Zure edadeko pilotu asko dago CMetan korritzen?
Ez. 17 urteko bat denboraldi erdian gehitu zitzaigun, baina horixe bakarrik.

Esperientzia askoz zabalagoa dutenen parean ibili zara.
Egia esanda, oraindio ez dut dena ondo asimilatu. Aurten aldaketa asko gertatu zaizkit eta denbora apur bat beharko dut. Dena dela, poz handia daukat.

MzgyMQ==

Domenechekin baduzu traturik? Zer esan dizu?
Denboraldi hasieran tratu ona genuen. Gerora ere bai, baina, apurka, txapelketa irabazteko lehian arerio zuzen legez hartzen ninduela somatu nuen. Asteburuan urduri zegoen.

Nondik datorkizu auto lasterketetarako afizioa?
Aita auto lasterketetan ibili izan da; beraz, erreferentea etxean izan dut. Zazpi urtegaz Gueñesen kartetan ibili eta gustatu egin zitzaidan. Kataluniako txapelketako lasterketa batean ere parte hartu nuen. Gero, pare bat urtean utzi eta bederatzigaz berriro hasi nintzen.

Gurasoek alde guztietara lagundu dizute?
Bai, aitak eta amak, biek. Gainera, aita izan dut beti mekanikari. Bera barik hau guztia ez zen posible izango; hori argi daukat. Horrez gainera, babesleekin eta musutruk laguntzen dabiltzan guztiekin ere esker oneko nago.

Aita mekaniko izateaz aparte, psikologo ere izan duzu?
Hasieran bere aholkuak beharrezko nituen. Orain ohituta nago. Lasaitasuna hartuta daukat.

Formula Libre Txapelketan ere bazabiltza. Hor ere lider nago, eta proba bakarra falta da amaitzeko.
Monoplaza bategaz korritzen dut; Formula 1ekoen antzeko autoa da, jendeak ulertu dezan.Formula 1a aipatu duzu.

Formula 1a aipatu duzunez: Gustura aurtengo txapeldunagaz?
Alonsok baino, beste norbaitek irabaztea gura nuen. Webber, Vettel… berdin zitzaidan. Vettelek gehiago ere irabazi ditzakeela uste dut.

 

Durangaldeko albiste gehiago: www.anboto.org

Irudia | Igor Urien txapelketako autoagaz | Joseba Derteano | LGPL
Irudia | Igor Urien txapelketako autoagaz | Joseba Derteano | LGPL

AbadiƱon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria