«Emakume batek dioenean sexua kategoria politikoa dela nahaste borrastea hasten da» Roque Dalton 3/3
Martitzen on burkide!
Bete dugu hitza (ezinbesteko tresna eraldatzailea berau ere). Esan bezala. Hau duzu Roque Daltonen bildumako hirugarren eta azken talka. Datorren martitzena Greba Orokorrerako material poetiko eta piktorikoa jorratzeko erabiliko dugu. Ez duzu, beraz, bide honetatik bertsorik jasoko.
Geure PDFa hedatuko duzulakoan:
Andreas eta Gudrun UMPS-[ag]
<ezin da edozer defendatu baina bide guztiak dira zilegi>
HIRUGARREN MAITASUN POEMA
Gure maitasuna ohiz kanpoko egoera batean jaio denez
ohiz kanpokoa dela esango dizute,
esaiezu preseski borrokan ari garela
geurea bezalako maitasuna
(borroka kideen arteko maitasuna)
Salvadorko maitasun arrunt eta ohikoena izan dadin,
ia bakarra.
MAITASUN HOBE BATENTZAT
«Sexua kategoria politikoa da».
Kate Milis
Inork ez du zalantzan jartzen sexua
bikotearen munduko kategoria denik:
horri lotzen dizkiogu samurtasuna eta bere aldaera basatiak.
Inork ez du zalantzan jartzen sexua
familiako kategoria bat denik:
hortik seme-alabak,
gauak elkarrekin
eta egunak bananduta
(bata ogi bila kalean,
bulegoetan edo lantegietan;
bestea etxeko lanen erretagoardian
sukaldeko estrategia eta taktikan
hilaren amaierako bataila komunean
biziraun ahal izateko).
Inork ez du zalantzan jartzen sexua
kategoria ekonomikoa denik:
nahikoa da prostituzioa aipatzea,
modak,
bakarrik emakumeentzakoak diren egunkarietako sekzioak
edo bakarrik gizonentzakoak direnak.
Nahaste-borrasteak hasten diren eremua
da emakumeak sexua kategoria
politikoa dela dioenean.
Ze emakume batek dioenean
sexua kategoria politikoa dela
agian berez emakume izateari utziko dio
bere buruarentzako emakume bihurtzeko,
emakumea emakumean eratuko da
bere humanitatetik
eta ez bere sexutik,
jakitea limoi zaporezko desodorante magikoa eta zure azala atsegalez laztantzen duen xaboia
napalma ekoizten duen lantegi berak ekoizten duela
jakitea etxeko berezko lanak
etxe jakin bati dagokion klase sozialeko etxeko berezko lanak direla,
sexuen diferentziak
askoz hobe distiratzen duela maitasunaren gau sakonean
mozorrotuta eta arrotz egiten gintuzten
sekretu horiek guztiak ezagutzen ditugunean.