Pentsiodunak gaur kalera ateratzeko arrazoiak
Hauek dira Hego Euskal Herriko pentsiodunen federazioak mugiaraztera bultzatu dituzten kezka batzuk:
-«Espainiako Gobernuaren erreformarekin, erretiratu ondoren, pertsonak duintasunez bizi ahal izateko aukera gutxituko da»
-Gaur egun 300.000 pentsiodunetik gora pobrezia larrian edo erlatiboan bizi da. Pobreziaren muga, Espainiako Gobernuaren beraren arabera, 1.020 eurokoa da, eta alargun pentsiodun ugarik 350 eurotik behera kobratzen dute hilean.
-Gizarte zerbitzuen eskaintza urria eta garestia da, eta ez du betetzen benetako eskariaren % 25 ere. Gizarte zerbitzuetara barne produktu gordinaren %2 bakarrik bideratzen da, Eurapako batez bestekoaren erdia.
-Emakumeak dira egoera okerrenean daudenak: kotizazio gabeko pentsioak, alarguntzakoak eta etxeko langileenak direlako baxuenak.
Hauek dira gaurko lau manifestazioekin kaleratu nahi dituzten eskaerak:
-Erakundeek ezikusiarena egiteari utzi eta ardurak beren gain hartzea agintariek, “publikoez jabetzen ari diren aberats gutxi batzuen interesen gainetik, euskal herritarron eskubideei lehentasuna eman diezaieten”
-Gutxieneko pentsioak: Pobreziaren atakatik atera eta duintasunez bizi ahal izateko, pentsio guztiak 1.020 eurotik gorakoak izatea
-Gizarte zerbitzuak: Aurrekontu publikoetan bestelako pisua behar dute eduki gizarte zerbitzuek. Zerbitzu publikoen zerga sistemari dagokionez, finantzatzeko zerga-politika zuzen eta mailakatuak erabili behar dira.
-“Hemen bizi gara, hemen kotizatu dugu, hemen erabaki nahi dugu”. Pentsioei buruz Euskal Herrian erabakitzea eta erabaki horietan gizarte erakundeek eta sindikatuek parte hartu ahal izatea.