Ofizialtasunaren aldeko manifestazioa deitu du ESAITek Gasteizen
ESAIT, Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak, ofizialtasunaren aldeko manifestazio nazionala deitu du abuztuaren 7rako, Espainiako gizonezko seniorren saskibaloi selekzioak egun horietan Eslovenia eta Lituaniako selekzioen aurka Gasteizko Buesa Arenan jokatuko duen triangeluarra dela eta. Arratsaldeko 18:30ean irtengo da martxa Gasteizko Bilbo plazatik, “Inposaketen, aurrean guk geurea. Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat” lelopean.
Egoitz Askasibar ESAITeko kideak Gasteizen eman duen prentsaurrekoan adierazi du “euskal gizarteak ezin duela onartu eta ez duela onartuko bere nortasuna ukatzen duen inposaketarik”. Gaineratu du manifestazioa Gasteizko Andra Mari Zuriaren jaietan izango denez, Koadrilekin hitz egin dutela manifestazioaren ordua zehaztu aurretik, eta azkenean “koadrilek parte hartu dezaketen ordu batean” izango dela martxa, hots, 18:30ean.
Bestalde, Martxel Toledo ESAITeko koordinatzaile nagusiak gogor kritikatu ditu Patxi Lopezen gobernua osatzen duten indar konstituzionalistak, “balizko normalkuntza prozesu baten izenean”, Espainia eta Euskadi batzeko egiten ari diren saiakerak. Bere hitzetan, “Estatua eta Euskadiren arteko gerturatze politika, herri honen gehiengoaren nahiarekin bat egiten ez duen apustu antidemokratikoa da”.
Honez gain, ESAITek antolaturiko ofizialtasunaren aldeko mendi martxan parte hartzen ari diren 150 lagunak ere manifestazioan izango direla iragarri du.