Nola saldu Nafarroa Oinez?

Aise antzeman dezakegu Ikastolen Elkarteak izan duen eboluzioa eta, batez ere, bere besten garapena. Solasten ahal nintzen gainontzeko bestei buruz, baina hemen Nafarroa Oinez izanen dut mintzagai, are gehiago, tituluan azaldu dudan gisan, Nafarroa Oinez nola saldu izanen dut hizpide. Izan ere, urtez urte, geroz eta euskaltzale gehiago hasi da Nafarroako ikastolen bestaren inguruan zalantzak izaten. Zonifikazioak eragiten dituen eskubide urraketak present, beharrezkoa dirudi Ikastolen Elkarteak urtero ospatzen duen besta egun honi buelta ematea. Eta horrela ez bada, Nafarroa Oinez nola saldu pentsatu beharko du NIEk. Hobeki esanda, pentsatu du jadanik.

XXI. mendean euskal eskola publikoaren aldeko aldarria da indarrak biltzen ari dituena. Euskal nazioa eraikitzen ari garelarik, beharrezkoa da guzion beharrizan akademikoak bermatuko dituen eredu euskaldun publiko eta kalitatezkoa. Ez dut zalantzan paratuko Ikastolen Elkarteak orain arte egin duen lana (jakin baitakit aunitzek hortik joko dutela nire aburua kritikatzerakoan) eta ez dut zalantzan paratu nahi egun betetzen duen rola ere (batik bat eredu publikoa legez ukatua den lekuetan). Baina sinetsirik nago eskola publikoaren aldekoa dela euskal gizarteak egin dezakeen apusturik sendoena. Denak berdintasunean, berdintasunerantz, eta euskaraz.

Testuinguru honetan garatzen ari da nafar jendartean kontzientzia berri bat. Orain arte Nafarroa Oinezera gogotsu joaten ziren horiek, kontzertuez gozatzera baizik ez doaz orain. Orain arte sosak uzten zituzten horiek, kaña pare bat baizik ez dituzte eskatzen bestaguneetan. Eta badira ere orain arte euskararen alde urratsak ematera zihoazenak eta egun etxean geratzea nahiago dutenak. Izan ere, geroz eta gehiago gara Nafarroa Oinezen filosofia aldaketa beharrezko ikusten dugunok. Argi geratu zen Jaso ikastolak prestatu zuelarik, 9,5 gunea sortu baitzuten filosofia aldaketaren aldekoek. Aurten ere, gainezka egon da herri-gunea, agerian utzi da jendea ongi pasatzera doala, kontzertuez gozatzera eta bidenabar moxkor goxo bat hartzera. Baina jendetza horrek ez dio ‘bai ikastolari’ ez dio ‘bai euskarari’ eta ez dio ‘bai Paz de Ziganda finantzatzeari’ ere. 

MzU3MQ==

Filosofia aldaketa hori zertan datza? Nafarroa Oinez bestak sortzen dituen etekinak Nafarroako Gobernuak eremu ez-euskaldun gisa izendaturiko horretan diren ikastoletara bideratzean. Tuterako Argia ikastola, Vianako Erentzun ikastola, Lodosako Ibaialde ikastola, Lizarrako ikastola, Zangozako ikastola, Tafallako ikastola eta Irunberriko Arangoiti ikastola dira horiek. Izan ere, hizkuntza eta hezkuntza eskubideak urraturik baitituzte bertako ikasleek, ikastola pribatuan baizik ezin baitute euskaraz ikasi.

Aburu honen aitzinean zer? Ba Nafarroa Oinez saldu behar! Hondar urteotan nabaria da enpresa pribatuek bestagunean duten presentzia geroz eta handiagoa. Diario de Noticias, Vocento, Gara eta Berria; Kaiku, Bake eta Euskaltel; Coca-cola, La Navarra eta Mahou; CAN, Rural Kutxa, Gizarte Kutxa eta Euskadiko kutxa. Hamaika enpresek ikusi dute Nafarroa Oinezen negozioa egiteko parada. Baina gisa berean, Ikastolen Elkarteak eremu emankorra lortu du bestaren etekinak handitzeko. Hala ere, nafar gizartean zabalduz doan aburuak etekinek goiti egitea eragozten dute, enpresen diru-laguntzak ezin baitira alderatu jendetzarekin eta beren sakelekin. Horri aitzin egitea beharrezkoa zen Paz de Zigandak antolaturiko Nafarroa Oinezek inoizko arrakastarik handiena lor zezan eta hor sartzen dira marketin estrategiak. Lelo txukunak, euskararen aldeko aldarria, kantu erakargarriak, spotak, interneteko presentzia, … ez da aski, geroz eta gehiago dira filosofia aldaketaren aldekoak. Beraz, etsaiaren aurka ezin denean hari atxikitzea baino hoberik ez denez, aurten izugarrizko ikasbidea eman du Ikastolen Elkarteak Nafarroa Oinez nola saldu daitekeen erakutsiz. ‘Etekinen %20a Lodosako Ibaialde ikastolari emanen zaio!’. Leku guzietarik aditu dugu aurten Paz de Zigandak Lodosan itolarrian dagoen ikastolari “laguntza” eskainiko diola. Hedabideek besta honen inguruan argitaratu duten albiste orotan ageri zen elkartasun keinua. Ixteko zorian dagoen horri, etekinen %20a emanen zaio eta gainera, filosofia aldatzearen aldekoek, dirua utziko dute, bertaratuko dira. Horra bideratu nahi baitituzte haien sosak, eremu ez euskalduneko ikastoletara, eredu pribatuan baizik ikasi ezin duten euskaldunengana. Estrategia bikaina! Heldu den urtean Tafallan izanen da, beraz, arazorik ez.

BARDO GORRI NAFARRA

18 pentsamendu “Nola saldu Nafarroa Oinez?”-ri buruz

  • Ados nago diozunarekin, baina nire bizigune motzera ekarri nahiko nuke nik zure gogoeta: EAEn zer?
    Neuk ez dut argi ikusten Ibialdi batera joanda euskara sostengatzen dela, ez besterik gabe. Ikastola batzuk eskola publiko asko baino hobeto daude, eta hala ere eskola publikoko “bezeroek” ikastola horiek sostengatzera doaz festa horietara… Ikastolek, bistan da, irabazita dute euskararen kapitala

  • Ba nire ustez, ikastolak beharrezkoak dira EH osan, eta are gehiago Iparraldean eta Nafarroan. Eredu publiko unibersala eta euskalduna soilik bermatuta egongo da estatu independiente batean, beraz, luzerako jotzen ditut beharrezkoak.
    EAEn, zer egingo zuten D ereduarekin Pachi eta konpania urte asko egon ezgero boterean??

  • Ibon Garmendia 2010-10-18 22:23

    Galdera horrek badu erantzuna.
    Zer nahi dugu zuhaitz españolaren adar euskalduna, edo zuhaitz euskaldunaren adarra.
    Asuntoa zuhaitzean dago eta ez hizkuntzan. Publikotasuna bere kabuz etorriko da, baina honetan bidezidorretan gabiltz eta hor trabatzen ari garenaren sentsazioa daukat.

  • Iñigo Rubert 2010-10-18 23:13

    Azken Kilometroak antolatu duen Pasaia-Lezo Lizeoko langile eta guraso honentzat, zure hausnarketa interesgarri eta beharrezkoa da eta azken jaialdietan izan dudan hainbat sentsazioak jasotzen ditu neurri batean. Eztabaida asko dira sarrera baterako eta zeresanik ez iruzkin baterako: eskola eredua, lege etnozidari erantzuteko modua, jai eredua… Baina saia gaitezen banatzen zeintzuk dira berezko eztabaidak eta, inolaz ere alboratu gabe, gizarte osoarenak direnak: jaien merkantilizazioa edo hedonismo kontsumistak auzolanari gaina hartzea, ikastolengandik pittin bat hareagoko arazoak dira eta.
    .
    Bestalde, ikastolak eragile historikoak dira eta oraingoz burugabekeria galanta litzateke eragile horri uko egitea… zeren ordez? Gure ikastolako komuniteak dudik gabe bokazio publikoa du eta gure nortasuna eta autonomia bezela, izaera hori ere garatzen saiatuko gara tokatu zaizkigun baldintzetan. Aldiz, administrazioetako jarduera (ez naiz eskolez ari) askoren publikotasuna (parte-hartzea, gardentasuna, demokrazia…) badakigu norainokoa den.

    Edonola osasuna! edozein sare eta baldintzetan lanean ari diren euskaltzale guztientzat. Guztiok gara beharrezkoak eta euskararen etorkizuna elkarlanaren fruitua izango da, edo ez da izango.

    Eta kritikak kritika, eztabidak eztabiada, Zorionak Oinez 2010-ri! Elkartu ginen familiak egun pasa ederra gozatu genuen eta. Eta egitarauaz ia enteratu gabe… agian Bizardunak haurrik gabe ikustea nahiago dudalako 🙂

  • Arrazoirik baizue, bino Naparroko ikastola gehienek dutena bada gurasuen Ikastolarekiko eta Euskerarekiko konpromezua. Honako konpromezua, ni atra berri naizen ikastolan bederen, arras errotue dago ta gurasuek, euskaldun edo euskal-gabe, haurrak bertara eramin eta jarduerak prestatu zeinetan parte hartu eta abar iten duten.
    Bertzetik, Ikastola publikoetara doazen hainbat lagun ditutelarik eta beren gurasuek izautzen dituztelarik, aurretik solastu konpromezue ez da batre halakoa. Seme-alabak han sartu (gutxi ez delarik) ta lixto, hor akitzen da beren euskerarekiko lana.

  • Ez dago ikusi nahi ez duena baino itsuagokorik. Zer nahi dugu eraiki, escuela nacional-a euskaraz edo euska eskola publikoa? gaur egungo escuela nacional publikoa euskaraz existitzen da toki batzutan. Hori da estatu españolean dagoen D eredua, nafarroako zonalde handi bat ahaztu duena, estatu frantsesean ez dagoena. Euskal eskola publikoa nahi badugu, ikastolen mondutik etorriko da ohinarria. Izan ere falta zaion gauza bakarra diru publikoa da, denok jartze dugun dirua. Apostu publikoaren aurretik apostu nazionala egin beharko genuke

  • Atarrabiako Nafarroa Oinezaren alde lerro batzuk erantsi nahi ditut. Jendetza ikaragarria batu zen eta antolamendua aspaldiko partez ikusi dudan onena izan da. Bestela ni enaiz eskola publiko bakarraren aldekoa, alderantziz, aniztasuna eta aukera ezberdinak izatearen aldekoa naiz: eskola publikoa, ikastolak, eliz-eskolak…denetarik egon dadila eta familia bakoitzak bere gustokoena aukeratu dezala.

    “Bakarra” hitza aipatzen duzuenean harritu egiten naiz, zergatik bakarra? ikastolek kriston kalitatea eskeini dute azken hamarkadetan eta ikuspegia “itxia” iruditzen zait zuena, errespetu osoarekin.

  • Jontxo. Apustu batzuk egiteko (ikastolaren aldekoa, adibidez) dirua ere behar da, e! Ez ahaztu! Eta denok ez daukagu!!!

  • Harrigarriak dira erantzunak. Nire xedea ez zen publiko vs pribatu eztabaida piztea, are guttiago publikoa super waia da vs pribatua da aukerarik onena abertzale eta konprometituenak garelakoz eztabaida. Julenek planteatzen duena hagitz subjektiboa da, izan ere, nola neurtu ikastolan konpromezu handiagoa duten guraso eta ikasleak daudenik? Hori ez da ereduaren araberakoa, hori pertsonen araberakoa da. Ikastolan zein eskolan ditugu pertsona konprometituak eta kontzientziatuak; biño bietan ageri dira etxera heldu eta euskara ahantziko dutenak.
    Escuela nacionalarena ere, ez dakit, uste dut aspaldi akitu zirela Francoren eskolak. Egungo D ereduak (EAEn imajinatzen dut Nafarroa Garaian gisan izanen dela) ez du zer ikusirik gobernariekin eta haien ideologiarekin. Patxi Lopezek eta Miguel Sanzek ez dute lortu ikasgeletan sartzea, Euskal Herriko mapak eskola publikoko paretan zintzilik dirau.
    Bestalde, ez dut uste Ikastolek ekarriko dutenik euskal eskola publikoa. Eraikitzen hasi gara eskola euskaldun eta kalitatezkoa, sortu ditugu apustu horren aldeko erakundeak.

    Hondarrekotz, nabarmendu nahiko nuke sarrera hau idaztera eraman nauena batez ere NIEk egin beharko lukeen filosofia aldaketa dela (nire aburuz beti ere). Nafarroa Garaiko egoera ez da normala eta ez da bidezkoa. Horregatik jo behar dugu bidegabekerien aurka, horregatik da beharrezkoa Nafarroa Oinez besta, “zonalde ez-euskalduna” deritzon horretan diren ikastolak finantzatzeko erabiltzea.
    Zer iduritzen honen inguruan eztabaidatzea? Eredu pribatuari edo publikoari harriak botatzea hagitz gustuko dugu, argi, biño gaia beste bat da.

  • Arrazoi duzu Julen, xedeak ez du publiko vs pribatu izan behar, baina askotan hala da. Edo hobe esanda interes partikular batzuk horretara eramaten dute eztabaida. Nire ustez, eztabaida hezkuntza ereduan jarri beharko genuke eta zure bigarren textu hau ikuspegi horretatik erantzungo dizut, ez sosak gora behera.

    Norbanakoak norbanako, herrigintzako konpromisoa ikastoletan handiagoa dela esatea ez da subjetiboa kuantifika daitekeen gauza objetiboa da. Zorionez bada eskoletan ere norbanako konprometiturik, baina ez erakundea bera. Nola esan dezakezu “Egungo D ereduak (EAEn imajinatzen dut Nafarroa Garaian gisan izanen dela) ez du zer ikusirik gobernariekin eta haien ideologiarekin”? ez al dakizuzu ikastolek publikatzen dituzten liburuak Nafarroan ILEGALIZATU dituztela? Ez al duzu irakurri zergatik ilegalizatu dituzten? Nor uste duzu sartu dela ikasgeletara hori egiteko, Sanz-en ikuskariak nafarroan bai behintzat. Zuk diozun bezala “Euskal Herriko mapak eskola publikoko paretan zintzilik” badirau, zorionekuak gu. Baina bada ezbada ere ez zazula esan non diren, bestela Catalanek bihar bertan bidaliko du norbait kentzera. Eta zer uste duzu dela Celaak egin nahi duen hezkuntza eredu bakarra? D ereduaren eraso bat besterik ez. Zer gertatuko da horrela segiz gero D eredua B eredu bihurtzen dutenean? Escuela Nacionalari dagokionez izena aspaldi akitu da bai, baina ez bere estado ikuspegia (norbanakoak norbanako beti ere), izenak min ematen badu ez dut gehiago erabiliko baina ez ahaztu mamia.

    Zure idatzian iruditzen zait zentzua bilatzen diezu ikastolei eremu ez euskaldunean eta euskaldunean ez dutela izateko funtsik. Oso urruti zaude errealitatetik., ikastolak ez dira euskaraz klase ematera mugatzen. Euskara ez da tresna akademiko bat, zerbait gehiago bada. Euskal kulturak eta Euskal Herriak berzko pisua dute zazpi herrialdeetako ikastoletan.

    Amaitzeko, jakin ezazu, Paz de Ziganda ikastolako gurasoak solidarioak izan direla Oinezarekin, baina batez ere solidarioak dira hilabetero hilabetero. Beraiek eta gainontzeko ikastoletako gurasoo jarritako kuotatik puska inportante bat “solidaritate poltsara” joanten da. Poltsa horretatik jasotzen dute estu eta larri daudenek laguntza. Guraso konprometituen aportazioe esker bizi dira besteak beste estu dabiltzan ikastolak. Zuk diozun “bidegabekerien aurka” gurasook hilabetero hilabetero berritzen dugu konpromisoa eta ematen dugu sosa.

    40 urte pasa dira ikastolak jaio zirenetik, herritik sortuak eta herriarentzat.

  • “Testuinguru honetan garatzen ari da nafar jendartean kontzientzia berri bat. Orain arte Nafarroa Oinezera gogotsu joaten ziren horiek, kontzertuez gozatzera baizik ez doaz orain. Orain arte sosak uzten zituzten horiek, kaña pare bat baizik ez dituzte eskatzen bestaguneetan. Eta badira ere orain arte euskararen alde urratsak ematera zihoazenak eta egun etxean geratzea nahiago dutenak”

    Demagogiko samarra iruditzen zait ikuspegi erabat subjektiboa besterik ez dena horren borobil aurkeztea. Eta gainera, izatekotan, “kontzientzia berri” bat baino, kontzientzia galera litzateke… Eta horrekin ados nago; baina ez da hori Nafarroa Oinezen arazoa… bakarrik. Esan nahi dut energia hori ez dela beste inora joan, Oinezek ez du babes hori “hobeto egin” edo “gehiago merezi” duen beste baten alde galdu. Hain zuzen ere, indar galera bera somatu dut Herri Urratsen ere (eguraldiaz aparte), zure eskemaren arabera aipatzen dituzun ajeetatik libre eta babes handiena beharko lukeen jaialdian.

    Ez al da -indar,kontzientzia, bizipoza, energia, konpromiso- galera hori, langile, ikasle edo gazte mugimenduan eman den berdin berdina? Eremu horietako bakoitzean eta horien barruan eragile bakoitzak bere ñabardura eta arazo zehatzak izango ditu baina sustraian arazo orokorra da: gizartea eskuinera doala aldapa behera… “Oinez nola saldu” bezalako esamoleetan islatzen dena. Ez dut maximalista izan nahi, kontraesan txikiei ere erantzun behar baitzaie, baina ez dezagun tiritarik jarri odolustutzen ari denari.

  • Badakit aski ongi zein den Nafarroako egoera, badakit aski ongi nola saiatzen diren liburu batzuk eskoletatik aldentzen. Baina jakin badakit ere aunitz direla inposizio horiei buelta eman eta klaseak lehengo gisan ematen dituztenak. Gertutik ezagutzen dut irakasle euskaldun konprometitua, orain hezkuntza publikoaren alde lanean diharduena, eta etorkizunean aberri aske bateko eskola publikoan (eredu bakarra izanen da orduan noski) lan egitea amesten duena.

    Bestalde, logikoa da enpresa beraren barnean egonik, haien “solidaritate poltsa” komuna izatea. Ez luke zentzurik Ikastolen Elkarteak ikastola batzuk erabat ahanztea. Dena-den, horrek ez dirudi nahikoa denik, eta guk, publikoan ikasi dugun euskaldun konprometituok (egon bagaude, eta aunitz gara) haien aldeko apustua egiten dugu, jakin baitakigu hor dagoela Nafarroa Garaiko hegoaldean euskara hazten hasteko bide bakarra.

    Hondarrekoz ereduen jokoa dugu. Salagarria, noski baietz, baina horrek ez du zilegi bihurtzen eskola publikoa arbuiatzea eta pribatuaren aldeko apustua egitea. Ereduen borroka heldu da EAEra (Nafarroan urte batzuk daramatza Gobernuak TIL eta British ereduen bidez euskara zokoratu nahian), baina horri ere heldu eta buelta emateko gisan gara. Izan ere, herritik ere sortu dira Gobernuaren estrategia makur hauei aurka egiteko erakundeak.

    Eta berriro esanen dut, ez dut zalantzan paratu nahi Ikastolek egindako lana, ezta egiten dutena ere. Baina nik (eta bakoitzak egin dezala hobekien uste duena) berdintasunean oinarritzen den eredu euskalduna nahiago.

  • Ez dizut ulertzen Iker, aurreko idatzian “Nire xedea ez zen publiko vs pribatu eztabaida piztea” zenion eta oraingoan, parrafo bakarrean lau aldiz erabiltzen duzu “publiko” hitza. Hezkuntza ereduaz hitz egin beharrean publiko & pribatu bihurtu duzu kontua. Hala bada, azkar bukatuko dugu eztabaida, ados nago zurekin, ni ere publikoaren aldekoa naiz, ikastola publikoaren aldekoa. Ikastola publikoa diot eta ez D eredu publikoa. Eta nik ere “berdintasunean oinarritzen den eredu euskalduna nahiago”, Euskal Herri osoan edaturik dagoen eredua, ikastola.

  • Bittor Bitoria 2010-10-22 00:47

    Ikastola (pribatua/kontzertatua) ala ikastetxe publikoa? Hainbat ikuspegitatik defendi dezakegu gure jarrera. Seme-alabak zeinetara bidali erabakitzeko orduan, dakienak badaki eta ez dakiena harrituko litzateke jakinen balu zergatik hautatzen den aukera bat eta ez bestea. Ideia batekin has gaitezke eta kontrakoa defenditzen bukatu. Eta erabat normala iruditzen zait.

    Hobe honela: ikastola eta ikastetxe publikoa, biak, euskaraz. Posible baldin bada bi aukerak egotea, egon daitezela biak, eta bakoitzak hauta dezala nahi duena.
    Bi aukerak ezin badira egon (demografiagatik, adibidez), Administrazio Publikoari exijitu beharko genioke ikastetxe publikoa (euskaraz) jartzeko. Eta Administrazio Publikoak behartuta egon beharko luke eskaera hori betetzera. Osasunarekin (Sanidadearekin, ez futbol taldearekin) bezala. Eta kasu horietan, ni publikoa jartzearen alde, dudarik gabe.

    Ni Atarrabian izan nintzen, eta gustura gainera. Baina, esan behar dut oso pozik nagoela Atarrabian bertan aurten DBHko ikastetxe publiko berria ireki dutelako (D eredua nagusi izanen da, baina beste bi ereduetako ikasleak ere izanen dira).

    Bukatzeko, Nafarroa Oinezera joatea dela eta, oso errespetagarriak iruditzen zaizkit iritzi guztiak, baina gauza bat eskatuko nioke mundu guztiari: iritzia eman baino lehen, informazio ona bildu dezagula denok, ondorio okerrik edo txorakeriarik ez esateko.
    Gutxieneko baldintza hori betez gero, mila esker denei gune ireki honetan zeuen iritziak trukatzeko adorea eta ausardia edukitzeagatik!

    Bittor

  • Bittor, ados nago zure idatziarekin. Ni ere pozten naiz nonnahi bi hezkuntza sistemak indarrean egotez, gutxienez euskaraz izango litzake hezkuntza. Nik ere uste dut norberak erabaki behar duela bere ustez egokia dena. Baina hamaikagarrenez diot, eztabaida ez da publiko-pribatu, sakonagoa da. Ikastolen bokazioa publikoa da. Eta denon dirutik egiten bada hezkuntza publikoa zergatik ezin du gure hautuak publiko izan behar? (ratioak hala ahalbideratzen badu behintzat). zergatik ezin ditugu berdintasun ekonomikoan hezi gure haurra? Eta ikastolak poltsikoari begira D ereduaren pareko balira nora eramango genituzke? Euskal Herria ukatzen duen eredura? Ereduez ari naiz eta ez bertan lan egiten duten norbanakoez.

  • Ukatutako herri baten Hezkuntza Sistemari buruz ari gara, ukatzen dutenek ezartzen dituzte arauak eta Hezkuntza Sistema giltzarria da prozesu horietan: hori ahazten badugu eztabaida faltsutzen ari gara goitik behera.

  • Ea, pare bat gauza besterik ez (burura etorri bezala, desordenatuak):

    1. Ikastolek ere bete behar dituzte Hezkuntza Sailen arauak.
    2. Publikoaren aukera izanik, ikastolara daramanak plusa ordaintzen du, beste ikastetxe batzuetara eramaten dituztenek bezalaxe. Betebehar hori dute, beste eskubide batzuk dituztelako ikastetxe horretan. Dena dela, derrigorrezko irakaskuntzari dagokion arloa, nik dakidala, ehuneko ehun subentzionatua dute.
    3. Euskal Herria ukatzen duen eredua… “Emaiozu” euskara nahi duzunari, eta berak aurkituko du Euskal Herria, nahi badu. Ez izan dudarik.
    4. Guraso bazara, zeure haurra daramazun lekura daramazula, parte har ezazu ikastetxearen funtzionamenduan.
    5. Ikastetxetik ikastetxera egonen da aldea, pentsatzen dut. Ikastolatik ikastolara ere bai. Non dagoen kokatua, zer zuzendaritza taldek daraman… eta batez ere nolako irakasleak dituen.
    6. Benetan txalogarria iruditzen zait ikastolen mugimendua, oro har. Eta zehazki hor parte hartu duten hainbat pertsonak egin duten lana (ez dira gutxi gero irakaskuntza publikoan buru-belarri lan egitera pasa direnak). Eta zenbait tokitan egiten ari direna ere bai.
    Baina ikastetxe publikotan ere badira, eta ari dira! Jakina! Eta hain gutxi gustatzen zaizkigun bulegoetan eta erakunde batzuetan ere, ez pentsa, oso garrantzitsuak izan diren erabakiak hartu dituzte batzuek (ez denak kalterako).
    7. Zoritxarrez, Euskal Herriko txoko askotan oraindik ere euskarazko eskaintza publikorik gabe gaude. Mingarria eta lotsagarria.
    8. Unibertsitatera ere begira dezakegu… Ikusi zer dugun Nafarroan eta Iparraldean!

    Asteburu ona pasatu!

  • Ea, pare bat gauza horiei zenbait erantzun. Desordenaturik baita ere.
    “1. Ikastolek ere bete behar dituzte Hezkuntza Sailen arauak.” Bai noski, baina kurrikulum propioa dugu eta hezkuntza sailek ahalbideratzen diten % horretan gurasook erabakitzen dugu nolako hezkuntza nahi dugun gure haurrentzat.
    2. “nik dakidala, ehuneko ehun subentzionatua dute.” Ez gaitezen engaina, administrazioak Nafarroan LH-ko D ereduko ikasle bakoitzeko urtero 6.000 €-tik gora gastatzen du. Kontzertatutako ikastoletako ikasle bakoitzeko 3.500 € inguru. 2.500 € gutxiago, hori al da %100 subentzionatzea? Publikoarekin konparatuz merke ateratzen zaio administrazioari konzertatutako ikaslea.
    Plusa ordain du behar izanari buruz ere zenbait gogoeta. Lehenago ere aipatu dut solidaritate poltsarena, ikastola aunitzetan bada € bakar bat ordaindu gabe dagoen ikaslerik. Ikastolek bokazio publikoa dute eta egoera horretan dagoen ikaslerik bada, kuota hori gabe ere, aurrera egiten du.
    3. Gustatu edo ez, Euskal Herria ukatzen duen eredua… horretarako sortua behintzat bai. Zergatik sortu zuten ikastolak indarra zuten herrietan bakarrik? Zergatik ez beste eremu batean? Zorionez, leku askotan kontra itzuli zaien boumerang-a izan da.
    6. puntuan diozunaren arira, niri ere txalogarria iruditzen zait administrazioan, D ereduan eta abar langile batzuk egiten duten lana. Sator lana nekeza eta askotan esker txarrekoa izaten da. Erabaki guneetan euskaldunak kokatzea ezinbestekoa da, eskertzekoa eta ona. Baina beste kontu bat da guraso bezala egiten den hautua.
    “7. Zoritxarrez, Euskal Herriko txoko askotan oraindik ere euskarazko eskaintza publikorik gabe gaude” bide horretatik, hau da nire eskaera, egon dadila nonnahi eskolako D eredua zein Ikastola publikoa aukeratzeko eskubidea.
    Izan bizkor.