Neskei dantzan begira
Twiterrean idatzi nuen bezala agian ez zen horretarako kontzerturik egokiena. Zuloak taldearen azken kontzertua izaki, ziurrenik logikoena arreta beraiengan ipintzea litzateke, taula gainean joko polita ematen duen talde horri argazkiak ateratzeko azken aukera baitzen. Urtebeteko bizitza izan duen talde bitxi honen kontzertu batzuk ikusita dauzkat eta argazkiak ateratzen hobekien Antzoki Zaharrean eman zuten lehenengo kontzertuan pasatu nuen. ZULOAK filmaren estraineko pasea ikusi, zine pantaila altxatu eta agertoki hartan eman zuen Zuloak Bandak lehen kontzertua. Bertan liluratu ninduten lehenengoz Ainhoaren jarrerak, Taniaren oholtzan mugitzeko moduek eta Usuaren indarrak. Geroztik asko disfrutatu dut pose horrek oholtza gainean ematen duen jokoaz.
Zuloak bandari buruz ezer ez dakienarentzat, esan beharra dago, ikuskizuna erabatekoa dela. Probokatzaileak dira, bai hitzetan eta bai beraien itxura eta posean. Laka asko, ezpainak gorriz pintatuak, zulatutako pantyak, arropa gutxi, zango luzeak bistan, gerritik gora igotzen diren gonak… Badakit arrok nola ikusten dugun Zuloak taldearen kontzertua. Noski ez garela denak berdinak, ez dugula denok berdin jokatzen, baina gehiago edo gutxiago desioz begiratzen ditugula esango nuke.
Eta neskek?
Sarri hurbildu izan zait mutilen bat oholtza gaineko neskei buruz zerbait esatera; Batzuetan errespetu eta lilura gehiagorekin eta besteetan lerdea dariela, ni kamera atzean egoteagatik, beraiek ikusten duten horri begira arituko banintz bezala.
Eta neskak?
Esan bezala, agian ez zen horretarako egunik aproposena, baina ni horretara jarri nintzen. Argazkilari asko zegoen, ni lehertuta nengoen eta ez nuen kontzertuan sartzerik lortzen. Ez nuen ezer berezirik ikusten. Buelta eman eta jendeari begira jarri nintzen. Ezagun zitzaidan jendea zegoen ikusleen artean, noiz edo noiz argazki ederrak eman izan dizkidaten horietakoak eta beraiei begira jarri nintzen. Bat batean neskak ikusi nituen. Ez da ordurarte neskarik ikusi ez nuela, ez da besteetan baino neska gehiago zegoela, gakoa da nik neskei eta beraiek Zuloak taldearen kontzertua bizitzeko moduari jarri niola arreta. Modu bereziren bat ote zuten jakitean jarri nuela begia; Neskei begira jarri nintzen.
Ederki pasatu nuen. Ez dakit neskek, Zuloak-en kontzertuak, mutilengandik ezberdin bizi dituzten. Ez dakit neskek, Zuloak-en kontzertuak beste taldeekin alderatuta, ezberdin ikusten dituzten. Ez dakit ezer berririk ikusi nuenez. Neskak dantzan ikusi nituen. Dena emanda zebiltzan neskak zeuden lehen lerroetan, jauzika, oihuka, eta kontzertuari arreta beste modu batean jartzen ziotenak atzerago. Oholtza gainean zeuden musikariei idoloak bailiran begiratzen zieten neskak ikusi nituen, kantu guziak hitzez hitz errepikatzen zituzten neskak, zigarroak erre eta garagardoak edaten zituztenak, kamera aurrean keinuak egiten zizkidaten neskak eta kamera ekiditen saiatzen zirenak. Desioz begiratzen zien baten bat ere bazegoela esango nuke.
Baina kontzertu bat izanik, zer beste espero nezakeen ba?!
*Argazkien gainean klikatuz gero, handiago ikusiko dituzu