Musukoa derrigorrezkoa hiriguneetan eta ostalaritzak 1:00etan itxiera EAEn

Musukoa derrigorrezkoa hiriguneetan eta ostalaritzak 1:00etan itxiera EAEn –

Maskara derrigorrezkoa hiriguneetan eta ostalaritzak 1:00etan itxiera EAEn LABIren Aholku Batzordearen bileraren ondoren egindako agerraldian, Urkullu Lehendakariak, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuarekin batera, dekretu berrian jasotako edukiaren berri eman du, eta egungo egoera epidemiologikoa azaldu du. Hala, Bizi Berri IV Planaren adierazleei erreparatuta, 2. agertokitik 3. agertoki berrira igaro garela adierazi du.

Hauek dira LABIk ostegun honetan, uztailak 22, covid-19ari aurre egiteko onartu dituen neurri guztiak. Lau erabaki gehitu zaizkio indarrean jarriko den Dekretu berriari:

  • Musukoak

Aire zabaleko espazioetan maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, baldin eta pertsonen artean metro eta erdiko distantzia etengabe mantendu ezin bada. Ondorioz, musukoa nahitaez erabili beharko da hiriguneetan.

Ostalaritzako eta jatetxeko establezimendu eta zerbitzuetan nahitaez erabili behar dira (bai barnealdeetan, bai terrazetan). Salbuespen bakarra jateko edo edateko unea da.

Edozein kirol-jardueratan ez da maskararik erabiliko naturguneetan, hiriguneetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, entrenamenduetan eta taldeen lehiaketetan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean, ezta kanpoko jarduera fisikoko uneetan ere.

Hondartzetan eta igerilekuetan ez da derrigorrezkoa izango, betiere pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatu badaiteke. Hondartzetara eta igerilekuetara joan-etorriak egiteko, maskara erabili beharko da nahitaez.

Garraio publikoan ere derrigorrezkoa da maskara erabiltzea.

  • Harreman sozialak

Dekretu berriak 01:00ra aurreratu du jarduera komertzial, sozial eta kultural guztiak ixteko azken ordua.

Lokal eta instalazio guztietarako baimendutako gehieneko edukiera % 35era murriztu da.

Gizarte, kultura edo kirol-ekitaldietako gehieneko pertsona-kopurua murriztu egin da, parametro hauen arabera:

– 1.600 pertsona arteko edukiera duten esparruetan: 400 gehienez, eta kanpoaldean 600.

– 1.600 eta 5.000 bitarteko esparruetan: 600 gehienez, eta 800 kanpoaldeetan.

– 5.000 pertsonatik gorako esparruetan: % 20ko edukiera gehienez.

– Antolatzaile jakin baten kontrolpean ez dauden pertsonen pilaketak gertatzen diren ekitaldi sozialetan, pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia mantentzeko betebeharra ezarri beharko da. Pertsona bakoitzeko gehieneko edukiera lau metro koadrokoa da, aglomerazioa gertatzen ari den espazioan.

Nolanahi ere, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren jarraibideak errespetatu behar dira.

  • Erantzukizun sanitarioko betebehar zibikoak

Dekretu berriak ezartzen duenez, kutsatze-kasu batek edo haren kontaktu estuak eragindako pertsonek nahitaez lagundu behar dute kutsatzeen arrastoan eta trazabilitatean, ahalik eta azkarren eta egiazkotasun handienarekin.

Dekretuak, halaber, konfinamenduaren edo koarentenaren betebeharra ezartzen du, osasun-agintari eta zerbitzuen jarraibideak betez.

  • Jende pilaketak saihesteko deiak

Covid-19 pandemiaren aurkako EAEko Legearen 20.1 artikuluaren arabera, dekretu honi “gaueko mugikortasuna eta talde pilaketak saihesteko deialdi berezi bat” gehitzen zaio.

Horren bidez, herritarrei, norberarekiko erantzukizunean oinarrituta, borondatezko autolimitazioa eskatzen zaie, honako neurri hauek aplikatzeko:

– Gaueko mugikortasuna mugatzea 01:00etatik 06:00ak bitartean.

– Taldekatzeko muga: gehienez sei pertsona (ez badira elkarrekin bizi).

– Autokonfinamendua eta autoisolamendu pertsonala, covid-19arekin bateragarriak diren lehen sintomak izan bezain laster; baita osasun-zerbitzuekiko harremana ere.

Maskara derrigorrezkoa hiriguneetan eta ostalaritzak 1:00etan itxiera EAEn

 

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.