Lantzeko inauterietako argazkiak
Lantzen (Nafarroa) herri inauterien eguna izan zen atzo. Ke, flash eta uluen artean zeharkatu zituzten herriko kaleak Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko eta txatxuek.
Frankismo garaiko bideo klasikoa da Lantzeko inauteriei buruzko kontakizun hau. Haatik, interesgarria oso.
Lantze herriko posadan, eguzkia ezkutatzear eta izarrak agertzear zirela, jantzi zuten Ziripot posadako ganbaran. Hor itxaroten zien Miel Otxinek, geldi-geldi, txatxuei. Miel Otxinen patua idatzia zegoen ordurako: tiroak jaso eta su hartu. Ikusmina zegoen ganbara zaharreko egurrezko zoruan, eskilaretan gora pilatu zen jendentza horren erakusle. Ziripoti jantzi pisutsua jarri zioten laguntzaileek. Beheko solairuan, ganbarako mugimenduaren erruagatik, errautza erortzen zen egur taulen zirrikituetatik barrena.
Posadatik irten baino lehen lepo beteta zeuden karrikak. Ikusmin handia inauteria pertsonaiak bertatik bertara ikusteko. Atera ziren atetik eta denak bildu ziren herrian itzulingurua emateko. Ziripot gizajoa itzulipurdika ibili zen, Zaldikok botatzen baitzuen lurrera. Txatxuek bisitariak beldurtu zituzten makilekin mehatxatuz eta zakuekin kolpatuz. Miel Otxinen aurkako irainak txatxuen marmar eta uluekin nahastu ziren. “Sutara!”. Behin plazan, zalantza unerik gabe, tiroz akatu zuten Miel Otxin. Su eman eta keak gora egin ahala, zortziko dantza, txistua eta danbolina izan ziren gaueko giro magikoaren azken laguntzaileak.
Argazkiak: Imanol Zabaleta. CC By.