Lagun “kabroiak” eta pasahitz sinpleak

basykes
basykes
Josuk ez zuen sekula bikoterik izan. Unibertsitateko lau urteetan ez genion ez mutilik, ez neskarik ezagutu. Saiatu izan ginen klasekide batekin elkartzen, baina arrakasta handirik gabe. Behin, ordea, klase batean, ordenagailuetan lanean ari ginela, Josuk e-mail bat arretaz irakurtzen zuela ikusi genuen eta norbait hurbiltzen zen bakoitzeko lehioa txikitzen zuela. Jarrera susmagarri hark gure kuriositatea piztu zuen, ezinbestean.
Aste bete lehenago Alacanten ezagutu zuen neskaren idatzia zen, eta laster, disimulu txarrez, haren e-maila ezagutzea lortu genuen, baita hark neskari buruz zertxobait kontatzea ere. Hasieran Josu bagina bezala neskari idaztea otu zitzaigun, baina, ondo pentsatu ostean, guk Josuri nahi genion jo adarra eta Lidiaren (hala izena zuen) Hotmaileko kontuko pasahitza lortuz gero, txantxa hobea izan zitekeela bururatu zitzaigun.

Bere jaiotze data jarri genuen eta noski, huts. Baina azpian “Ha olvidado la contraseña” esaldia irakurri eta bertan klik egin genuen. Bertan Lidiak berak idatzitako galdera, jada ezpainetan irrifarre bat genuela irakurri genuen “¿Cuál es tu número de teléfono?”. Lortua genuen.

Abizena Josuk esatea lortu genuen, txantxa baten bitartez, eta ondoren telefono aurkibidera jo genuen. Lidiaren Hotmaileko kontua gurea zen.

Gure laguna erromantiko samarra zela deskubritu genuen orduan, baina, bien arteko erlazioari gatz pixka bat gehitu nahian, e-mail lizunei ekin genien. Ezin ahaztuko dut sekula Josuk klasean ireki zuen lehen e-maila irakurtzean jarri zuen aurpegia. Segidan lehioa itxi zuen. Gauean lagunaren erantzuna genuen, graziarik gabea, gure gusturako…

Eta lizunkeriatan tematu ginen.

Hiru egun behar izan zituen Josuk e-mail arraro horien atzean gu ginela jakiteko eta neskari nola hala azaldu ahal izan zion lagun kabroi samarrak zituela. Guri barkatzeko afari bat eta zerbeza mordoa behar izan genituen…

Neskak akaso ikasiko zuen pasahitzen sinpletasuna kalterako izan daitekeela. Lagun “kabroi” batzuk halakoak egin baditzakete pentsa zer egin dezaketen piratek, edota etsaiek…

Zer duzu buruan “Lagun “kabroiak” eta pasahitz sinpleak”-ri buruz

  • Hotmailekin arazoa ez da pasahitz sinpleena soilik.

    Pasahitza ahaztutakoan berreskuratzeko egin beharrekoekin ere oso erraza izan daiteke pasahitza eskuratu eta aldatzea.

    Adibidez, badago Hotmailen pasahitza berreskuratzeko defektuzko galdera bat: Ze zapata neurri erabiltzen duzu? Ezagun baten herrialdea, posta kodea eta probintzia jakinez gero, eta galdera hori azaltzen bazaizu, zenbat aukera daude? 35-etik 45-era: 10! Izugarria!

    Badira beste adibide batzuk ere, ingeniaritza sozial apur batekin segituan asma daitezkeen erantzunen ingurukoak.

    Dena dela, euskaldunok batzuetan badugu abantailarik (baten bat izan beharko genuen!) Espainia ez jartzearren, beste edozein toki zehazten baitugu. Horregatik, zailagoa da galdera hori jaso aurretik eman beharreko pausoetan asmatzea! 😉