Krisiak izena galtzen duenean akabo
2008 urte inguruan hasi ginen krisian murgiltzen. Edo, akaso, lehenago izan zen, baina orduan hasi zitzaizkigun krisiarekin benetan bonbardatzen. Eguneroko hizketagai bilakatu da eguraldiarekin parez pare jarriz. Gogorrena “krisia” hitza erabiltzeari uzten diogunean helduko da, gizarte atzeraldi iraunkorrean sartzen garenean.
Amildegian, maldan behera edo putzuaren ertzean. Berdin non gauden, beheranzko bidean da eta. Gure gazteria gurasoena baino okerrago biziko omen da. Lan gehiago, bizi kalitate gutxiago. Krisi madarikatua. Krisi alua. Nahi eta ezinean biziko den belaunaldia oraingo gazteena. Eta, txarrena, urte gutxi barru ez da krisirik izango. Krisia ez delako “sakoneko eta bapateko aldaketa” besterik. Ez luke zentzurik izango hamarkadetan krisiaz hitz egiten segitzeak.
Krisiaren erruz galdutako guztiak iragan distiratsuko aztarnak izan daitezke laster, “ongizate gizartearen une goreneko pribilegio horiek”. Helduko da eguna 2008an hasitako hondamendia historia liburuetan, oroimen kolektiboan, ezarrita egongo dela, “beste garai bat” izan zen. Aurrera begira jarri beharko gara aro berria ezaugarritzen joateko, beheraldiak ekarritako egoera normaltzen joateko: “Hau da duguna, ezin gara atzera begira bizi”. Agur krisia, kaixo 2030 urtea.
Noruntz egin bidea? Orain arte garatzen joan den “ongizatearen estatuaren” ildoa jarraitu ala beste zer edo zer deskubritu? Ez da bereziki ezkorra naizelako, baina ikusitakoak ikusita, bide okerrean segiko dugula uste dut. Kontsumoan eta etekin etengabean oinarritutako ekonomiak jango gaitzake. Gizarte elkartasun ikuspegia murriztu eta kontsumoan oinarritutako status desberdintasunak areagotu.
Krisia baino okerragoa dirudi, ezta? Hala ere, ez da hori krisiak eragindako behin behineko desbideraketa izango, atzera bueltarik gabeko bidez baizik.
Baikorrek, ordea, kontrakoa esango dute. Aurreko batean Xabier Azkargortari irratian aditutakoa: “krisiak benetan garrantzia duten gauzetan arreta jartzeko balioko digu”. Baina, nola demontre gertatuko da hori haur garenetik zoriontasuna eros daitekeela erakutsi badigute? Ni ez nago gutxiagorekin bizitzeko prest, ez behintzat koman dagoen sistema ekonomikoa bizirik mantentzeko.
Diruaren ordezkoak bilatzeko kontzientzia maila handia behar da, barru-barruraino dugu eta dirua miresten. Borroka sozialak gorabehera, ekonomiak bere bidea egin du, eta, gehienok, salerosketa paradigma hori geureganatu dugu bete-betean. Bai, egia, orain ekologiaz mintzatzen gara, iraunkortasunaz, lan eskubideez eta justizia sozialaz. Baina, geure begiekin ikusi dugu nola hiru urte eskasean kontzeptuok pikutara bidali dituzten errekuperazio ekonomiko ezinezko baten izenean. Hori izan al da Adam Smithen esku ikusezina?
Krisitik ez gara aterako, uneko normaltasunean biziko gara beste krisi batek harrapatzen gaituen arte. Gogoratu okerrago daudenak, Somalia.
Zoritxarrez benetako krisia ez da oraindik izan. Munduko aberatsak oraindik ez dute herrialde guztiak hustu, Asiarekin egin zuten, duela 30 urte amerikaltinarekin, orain europari tokatzen zaio. 70ko hamarkadan amerikalatina NDFri eta banku mundialari egin zion kasuberaie kredituak bueltatzeko(kreditu hoiek okzidenteko empresetarako zian azpiegiturak egiteko), ondorioak, ia guztia pribatizatu zuten, langabezia hirukoiztu zen, eskubide sozialak baztertuak izan ziren eta bere rekurtso guztiak hustuta.Batzuk esaten dute orain kapitalaren benetako aurpegia ikusten ari garela, nik esango nieke kapitalimoarekin mila milioi pertsona gosez zeudela eta orain bakarrik Europan konturatzen garela, beste herrialde askok bakarrik kapitalismoaren alde txarra ikusi bait dute beti.Une oso latzak datoz eta espero dut Euskal Herrian et mundu guztian agintariek, jendeak eta gusti guztiak alde batera egitea datorrena hain latza izan ez dadin, baina munduan dauden agintariekin….
euskal herritik madrilera doan dirutsa ,bai seguru sozialakin, bai gasolinan pagatzen den zergan, bai kuporekin, geratu behar dugu aguro , honela segituz madrildarak aberasten ta gu pobretzeko sistema dugu aplikazioan, eta pnv eztanez gauza hori lortzeko bozka dezagun alderdi benetako independentistaak