Kopako finala, presioa eta karramarroak
Athleticen Durangaldeko bost jokalarik jokatzen dute: Koikili Lertxundi, Fernando Amorebieta, Ustaritz Aldekoa-Otalora, Xabier Etxeita eta Eneko Bovedak. ANBOTO astekarian, finalak eragindako zurrunbiloaren harira, denak argazki batean batu, ohiko adierazpenekin jantzi eta erreportajea osatzea otu zitzaigun. Orduan ez genekien zenbat buruhauste emango zizkigun denak batzeak. Ikaragarri kosta zitzaigun. Errealitatea geure ikuspegitik eta geure mundu txikitik bakarrik aztertzeko inertzia dugunez, esango dut, aste horretan ez zidatela sinpatia handirik eragin jokalariek.
Enpatiak eraginda, bertsolari ezagun batek jarri zion oreka apur bat nire ikuspegi partzialari. Hura ere, sasoia iristen denean, argazki kameren jomuga izatera ohituta dago. Jokalarien egoera ulertu beharra dagoela esan zuen. Mundu guztiaren ahotan dabiltzalako euren izenak; egunero finalari buruzko hamaika irudi, argazki, albiste eta solasaldi irentsi beste erremediorik ez dutelako. Eta hori guztia nekagarria eta apur bat gogaikarria delako. Onartu zuen, nerbioek “onarte iritsi gara” diotenean, sentitzen dela halako “ez dut inorengandik ezer jakin nahi” sentipena. Ez inoren kontra, norbere buruan alde baino.
Presio hori guztia asimilitzako jokalari bakoitzak duen ahalmena garrantzitsua izango da. Hainbeste baloratzen den talde lanaz gainera, bakarrik egin beharreko barne bidaia bat ere eskatzen du finalerako prestakuntzak. Karmelo Cedrun atezain handiak aitortu zidan final handi baten atarian zegoen bakoitzean baserriko errekara joaten zela karramarrotan; hobe esanda, karramarroen aitzakian, bake eta lasaitasun bila. Finala hasteko egun bakarraren faltan, ezin gomendatuko diegu jokalariei karramarrotan joatea, baina guri, zaleoi, ez litzaiguke txarto etorriko holango osteratxo bat, bihar goizean bertan, jokalariei arnasa pixka bat emateko eta, bide batez, burua ur freskotan sartzeko.