Isunak eta grebak

Bideoa ikusi baino lehen bururatu zaidan lehenengo gauza ondokoa izan da: “Baina… nola da posible Administrazioak arautu eta kudeatzen duen baimena enpresa pribatuen bitartez banatzea?”.

Ezjakin hutsa naizela pentsatuko duzue agian, baina ez naiz gidaria, eta ez dut azterketa hau inoiz gainditu behar izan. Ez dut sekula autorik gidatu eta, jakina, jabegoan ere ez dut izan. Hala ere, badakit pribatizazioaren itzala oso zabala dela “zezenaren larrua”n.

Lagun batekin hitz egiten ari nintzela esan dit bere autoko kristalean itsatsita daraman pegatinak hemendik hilabete eskasera salatuko duela. Ez dela oraindik azterketara aurkeztu. Orduan etorri zait gogora Irun eta Urnietako IAT zentroetako langileak greban ari direla lan baldintza txarrak salatzeko.

IAT azterketa pasa gabe zirkulatzea arau-hauste larria omen da 2005. urtetik, eta 91/300 € bitarteko isuna jar diezazukete

Urnieta eta Irungoak Tuv Rheinland enpresak kudeatzen ditu, eta Gipuzkoan beste IAT zentro bat dago soilik, Bergaran. Hain zuzen ere, beste enpresa pribatu baten eskutan, nork daki ze lan baldintzatan.

Nafarroan, aldiz, bost gune daude. Horietarik beste bi aipatu enpresa alemaniarrarenak dira: Arbizukoa eta Iruñekoa. Beste hiruak Tutera, Peralta eta Noainen daude.

Araban eta Bizkaian ere badira hainbat. Eta Lapurdin, Nafarroa-Beherean eta Zuberoan mordoxka bat gehiago.

Laguna Donostian bizi da.  IAT azterketa egiteko beste zentro batera joateak elkartasun ezaren kezka piztu dio.

Zer egin?

PS: Gutenberg Galaxia blogean argitaratua.

ITV-AIT pegatina

Irudia | ITV-AIT pegatina | Haritz Rodriguez | Creative Commons By SA

Kazetaria