Hizkuntza kontuetan ere, berdea nagusi
Gasteiz Europako Hiriburu Berde izendatu dute 2012rako. Europako Batzordeak hiriari aitortu nahi izan dizkio azken hamarkada hauetan garatutako ingurumen politikak eta gasteiztarron bizi-kalitatea hobetzearen alde egindako ahaleginak.
Gasteizko Udalak nabarmendu ditu saria irabazteko merezimenduak: klimaren aldaketaren aurka eratu dituen borroka-planak, airearen kalitatea, Eraztun Berdea, ura aurrezteko plana, hondakinen kudeaketa, eraginkortasun energetikoa, hirigintza eramangarria, hiriko parke eta lorategiak, bidegorriak, garraio publikoa, etab. Europako hiriburutza berdearen urterako erronkak ere zehaztu ditu udalak, besteak beste, garraiobide publikoaren erabilera % 10 igotzea eta udal instalazioetan gastu energetikoaren maila % 5 jaistea. Azkenik, Gasteizko Udalak European Green Capital 2012 ospatzeko prestatu duen egitaraua ere aurkeztu dute… Orain arte, hizkuntzen eta hauen kudeaketaren inguruko aipamenik ez da ageri, ez merezimenduen artean, ez erronken artean ezta saria jaso izana ospatzeko egitarauan ere.
Zorionez, urriaren 18an, Gasteizko Udaleko Euskara zerbitzuaren twitterrean, David Crystali egindako elkarrizketa baten aipamena irakurri nuen. Bertan, “hizkuntza-ekologia premiazkoa” dela azpimarratzen zuen hizkuntzalariak. Izan ere, globalizazio prozesu batean murgilduta gaude, aldaketa politikoak, ekonomikoak, sozialak, teknologikoak eta kulturalak eragiten ari dena eta horiek, halaber, hizkuntzen ekosisteman eragiten ari dira. Kontuan izan munduko biztanleen % 97k hizkuntzen %4 hitz egiten duela ama hizkuntza gisa, eta hizkuntzen gainerako % 96a biztanleen % 3k hitz egiten duela.
Eta, zer dio hizkuntza-ekologiak edo ekolinguistikak honetaz? Hizkuntza-ekologia etika-balioetan oinarritzen den zientzia bat da, hizkuntzak bere ingurunean aztertzen dituena, bere ekosisteman, eta hizkuntza guztiak elkarrekin orekan bizitzeko modua proposatzen duena. Hizkuntzen eta hizkuntza-komunitateen artean sortzen diren harremanak ekologiaren ikusmoldearen bitartez aztertzen ditu.
Ekologiaren arabera, ekosistema sendoenak eta aberatsenak ekosistema anitzenak dira. Gaur egun, hala ere, bestelako jarrerak ikusten ari gara, aniztasuna sustatu beharrean, globalizazioaren izenean uniformizazioa ezarri nahi dutenak. Hizkuntzek aberastasuna ematen diote gizadiari eta horietako bat galtzen denean, denok galtzaile! Gasteizko Udalaren Euskara zerbitzuaren azken komunikazio kanpainak honela dio: “Elebiduna naiz, aberatsa naiz”. Bidezkoa da, beraz, hizkuntzen aldetik ere iraunkortasuna eta aniztasuna indartzea eta babestea, hizkuntza bakoitzak bere lekua izan dezan. Horretarako, hizkuntzen arteko oreka bilatu behar da, subsidiariotasun-printzipioa erabiliz, arnasguneak garatuz eta hizkuntza guztiei prestigioa, erabilera eta ezinbestekoak zaizkien oinarrizko funtzioak bermatuz.
Gasteiz Europako Hiriburu Berde izango da 2012an eta Gasteizko udalak aitzindaria izan beharko luke hizkuntza-ekologiaren diskurtsoa eta praktika zabaltzen. Zer egingo du hizkuntza-ekologiaren etika-baloreak bermatzeko? Zein izango da udalaren hizkuntza-politika euskaraz bizi nahi duen hizkuntza-komunitatearen beharrak asetzeko? Hizkuntza bat, hizkuntza bizia izan dadin, gizarteko esparru guztietan erabili behar da. Eman ditzagun, bada, urrats berdeak eta urrats biziak.
Rober, artikuluaren estekak ez daude ondo jarrita.
Zuzenduta!
Mila esker! 😉
Asko harritu ninduen Hiruburu Berdearen egitarauko bederatzigarren puntuak: “Gizartean eta enpresan iraunkortasunaren kultura sustatzeko plana”. Hizkuntzari buruz ere badio zeozer puntu horren garapenak. Ikusi nahi nuke zein urrats ematen dituen Udalak bide horretan. Lehenengoan behintzat huts: kazetariei emandako egitaraua bera gaztelaniaz zegoen oso-osorik.
Zergatik ez dut behin ere (10s baino gehiagoz) Maroto alkatea euskaraz hizketan entzun euskalduna bada?
Benos dias, soy aentge de viajes y me gustaria trabajar con vosotros. ¿a que email os puedo enviar mi cv ?un saludo y quedo a la esperaOlivia Cruz