Hitz batzuk Xabier Leteri
“Euskalerri nerea ezin zaitut maite, baina non biziko naiz zugandik aparte” kantatu zuen poetak gure herria -eta hizkuntza- amodio lazgarri horrekin maitatzen lagundu zidan, “O katalunia”ren letrekin gurearen antzeko besteak ere ondoan ditugula ohartzen lagundu zidan bezalaxe.
“Periodikua letzen ilustratzen” ginen garaian, konplizitate irribarrea eragiten zigun “teologiak programa nola bihurtzen ziren” esplikatzen zuen kantari bihurriak.
Une malenkoniatsuetan “desiozko hotzikaran, etsipenaren tamalez, gaua zelatan, kontzientzia bilutsik” sentitzen nintzen hainbatetan harekin batera. Eta harekin batera ere “izaki guztien aldakuntza etengabea dela eta izatetik izatera atsedenik gabeko mugimenduak garamatzala” sumatu nuen noizbait.
Bilakuntza etengabean ibili zen gizonaren ondoan “sinisten dut egun batean hilen naizela, hutsean eroria, ezerezean amildua, hauts bihurtuko naizela”. “…eta jauzi eginez izate lurtarretatik infinitoetara, joan zirenetaz mintzo den eresi zorabiatu hori pena batek dirauenean erredimi ezina, (Bachen) musika goiarnastuen dardarrek antzaldatzen” zutenarekin bat egin nahi dut gaur bihotzean.
Xabier,
“Orain badakizu nun zauden
eta zer zeran
eta zer itxoin zenezakeen
egunsenti batetatik.”