Hiriko ez da soilik auto bat

hirikoBalia dezagun Hirikok edo beste edozein enpresa-proiektuk eskaintzen diguten aukera, euskara berrikuntzarekin, aniztasunarekin, jasangarritasunarekin, abangoardiarekin, garapenarekin eta aberastasunarekin uztartzeko.

Hiriko ez da kotxe bat. Hiriko hiri barneko mugikortasunerako irtenbidea da. A new solution for the new urban mobility. Jesús Echavek, Hirikoren presidenteak adierazi duen bezala, jasangarriak izan eta pertsonengan oinarritu nahi diren hirietako mugikortasunari ekarpen berritzailea izateko helburuarekin jaio den proiektua da, Green Capital 2012 den Vitoria-Gasteizko izena munduan zehar zabaltzen ari dena. Gizarte berrikuntzaren eta hirien aldeko apustu sendoaren eredua, bere lurraldearen jasangarritasunarekin eta garapenarekin konpromiso tinkoa duen giza-talde batek garatua. Gainera, aberastasuna sortuko du Hirikok, izan ere, 800 lanpostu sortzea aurreikusten baitute proiektuaren arduradunek.

Hiriko, beraz, proiektu iraultzailea da garraioari dagokionez, Gasteiz iraunkortasunaren abangoardian kokatuko duena, garapen ekonomikoa eta soziala planetaren berezko orekarekin uztartuko dituena… Baina, hizkuntza-jasangarritasunaren abangoardian ere egongo al da Hiriko?

Hiriko izenaren bitartez bertakoa dela adierazi nahi da; keinu bat da. Hala ere, nire ustez behintzat ez da nahikoa, ez naiz horrekin konformatzen. Jakin badakit bizi garen mundu globalizatuan, nazioartean komunikatu ahal izateko, ezinbestekoa dela hizkuntza nagusiak  baliatzea. Baina gurean beste hizkuntza batzuk, beste hizkuntza-komunitate batzuk ere badirela azpimarratzea ezinbestekoa iruditzen zait, sozialki berritzailea den ekimen honen sostengu izango direnak. Sozialki arduratsu jokatu nahi badugu, jasangarritasuna eta aniztasuna sustatu behar dira, hizkuntza-komunitate guztiek lekua izan dezaten. Sozialki berritzaile izan nahi badugu, egitasmo honek bertako garapenaren alde egin behar du, baita bertako hizkuntza-komunitateen garapenaren alde.

Honelako proiektuek euskara bezalako hizkuntza bat munduan kokatzen lagundu behar dute. Hain erraza den www.hiriko.com webgunea euskaraz ere ipintzea, proiektuaren ordezkariek (enpresa eta ekonomia arloko erreferenteak direnek) egiten dituzten adierazpen eta komunikazioak euskaraz izatea, edota etorkizunean proiektu honetan lan egingo duten pertsonei euskaraz egiteko aukera ematea, oso garrantzitsuak dira euskararen posizionamenduaren mesederako.

Izan gaitezen jasangarriak hizkuntza arloan ere. Balia dezagun Hirikok edo beste edozein enpresa-proiektuk eskaintzen diguten aukera, euskara berrikuntzarekin, aniztasunarekin, jasangarritasunarekin, abangoardiarekin, garapenarekin eta aberastasunarekin uztartzeko.

Euskaltzalea