Hik ala Mikelek klik!
Gaurko egunarekin ezinezkoa da euskarari erreferentziarik ez egitea. Eta euskarari erreferentzia egitean ia ekidin ezina da Etxepare aipatzea. Garaziko bikario izandakoak agindu zion euskarari mundura irteteko, eta baita lortu ere, egun, mundu osoko plaza guztietan entzun baitaiteke euskara (gero, benetan zenbat plazatan entzuten den, beste kontu bat da).
Bera izan zen euskaraz idatzi eta argitaratu zuen lehena bai, baina lehenago, beste batzuk asmatu zituzten sorginkeria hori betetzen lagunduko zuten hitz magikoak. Mikel Laboak ekarri zizkigun Euskal Herriko sorginen hitzak. Eta hitz horiek gordeta izan dute etorkizunerako giltza.
Baga, biga, higa!, zioten sorgin haiek. Haitzuloan bildu eta Akelarreak ospatzen zituzten. Laga, boga sega!, eta edabea prestatzen zuten. Zai, zoi, bele!, eta bertaratutako guztien arteko harremanak estutzen zituzten. Harma, tiro, pun!, eta guztien artean, zetozen ehunka urteetan inork puskatuko ez zuen sare bat osatu zuten.
Sarea baita, hain zuzen, bazarela erakusteko tokia. Sarean ez bazaude, ez omen zara. Euskarak lortu du ba, izatea, sarean ere gero eta gehiago garelako euskaraz irakurri, idatzi, hitz egin, jolastu, partekatu, eta bizi garenak. Ikimilikiliklik!, zioten sorginek beren arteko sarea estutu eta mantentzeko. Gaurdaino iritsi da hitz magiko horien sorginkeria. Erraza da: hik ala Mikelek-baina egin euskaraz-klik!