Gerrari mugak jartzen saiatu zirenekoa
70 milioi pertsona hil ziren II. Mundu Gerran. Erabat suntsitu zen gizartea berrosatu asmoz sortu edo indartu ziren gerraostean Nazio Batuen Erakundea, Banku Mundiala, Nazioarteko Moneta Funtsa… eta baita egunotan 60 urte betetzen dituen Ginebrako Konbentzioa ere.
Zer da Ginebrako Konbentzioa?
Ginebrako Konbentzioaren helburu nagusia gerrari mugak jartzea zen. 63 herrialdek sinatu zuten akordioa 1949an, eta bi oinarri nagusi zituen: borrokatzeari utzi zioten militarrei eskaini beharreko tratua hobetu eta populazio zibila gerratik salbu uzteko akordioa adostea. Ordura arte, gerra euren estatuaren nahiak defendatzen zituzten militarren arteko kontua zen, eta eurek ezartzen zituzten neurriak.
Halere, Gurutze Gorriaren sortzaile izan zen Henri Dunantek egin zuen gerra mugatzeko lehen saiakera, eta 1949ko hitzarmenean, Dunanten proposamenei zenbait aldaketa egin arren, aintzat hartu ziren suitzarraren asmoak.
Dunantek, gerraren txikizioa, Solferinoko guduan, Italian, 1859. urtean, sufritu zuen lehen aldiz. Izututa geratu ei zen zaurituta geratzen ziren militarren patuarekin. Inork hartatu ezin zituenez gudu-zelaian bertan hiltzen ei ziren. Ginebrara itzultzean, Gurutze Gorria sortu eta gerretan errespetatu beharreko oinarrizko neurri batzuen tratatu bat idatzi zuen.