Katakraken ez dute Nespressorik

Ez dugu ikasten, jakin badakigu, baina ez dugu ikasten; edo, beharbada, badakigulako ez dugu ikasten: publizitatean kontatzen den guzia gezurra da, tranpa hutsa gu liluratzeko eta zer edo zer erosarazteko. Badakigu dena iruzurra dela, karrikan gizon-emaztekiak ez direla iragarkietan bezain ederrak, jostailuak ez direla pantailan iduri duten bezain dibertigarriak, eta arropa ez zaigula inoiz telebistan bezain garbi aterako garbigailutik. Eta, halere, ilusioa egiten digu erakusten diguten horrek. Niri berriki gertatu zait hori Nespresso kafearen iragarkiarekin. Eta ez, ez dut kapsulak irensten dituen makina ergel hori erosi; eta, hotel batean kafe mota hori probatu nuelarik, ez nuen ona izatea espero (ez zegoen gaizki, dena den). Iragarkiak erakusten duenaz ari naiz: George Clooney, Nespresso bat prestatu berria eskuan daramala, ostatu dotoreko terrazan jarri da emazteki eder baten ondoan. Aurkezpenak eginda –emaztekiak aktorea ezagutu ez izanaren planta egin du, eta Clooneyk, anonimotasuna atxiki nahian, George gisa aurkeztu dio bere burua ezezagunari–, Clooneyk mahaikideak bere Nespressoa akitu duela ikusi eta bertze bat ekartzea eskaini dio. Baietz, emaztekiak, baina hura ostatura sartu bezain fite, “George Clooney barnean dago!!” egin du oihu; terrazako bezero guziak uholdeka joan dira aktorea ikustera, eta emaztekiak beretako eskuratu ditu Clooney-ren kafea eta hutsik geldituriko terrazako lasaitasuna. Biziki gustuko dudan iragarkia da.

Katakraken ez dute NespressorikIruñeko Zinurri atomikoa liburu-denda tokiz aldatu dute: Karrika Nagusira eramanda, Katakrak paratu diote izena, eta lehenagokoa baino aise handiagoa eta ederragoa da. Atea ireki eta kafetegira sartzen da bezeroa; liburuak barnexeago daude, eskailera batzuk iganda. Duela bi aste-edo, Katakrakera joan, kafesnea eskatu, katilua mahai baten gainean utzi eta barne aldera abiatu nintzen, liburuak ikustera. Bi minutuz –guti goiti-beheiti– egon nintzen esperoan, ilusioz betea baina prisarik gabe –har dezatela behar duten denbora, erran nuen nire artean–, baina ez, hondarrean onartu behar izan nuen: inork ez zuen oihu eginen –“Santi Leoné barnean dago!!”–, eta ostatuko bezeroak ez ziren purrustaka niregana etorriko. Lur joa gelditu nintzen istant batez, baina berehala ohartu nintzen funtsezko diferentzia bat bazela Clooneyren egoearen eta nirearen artean: Katakraken ez dute Nespressorik.

Edo, akaso, neurriz kanpo ditut baloratuak nire xarma eta nire fama, eta horrek esplikatuko luke Katakrakeko bisitarien jarrera ezaxolatia. Are gehiago: nire autoestimuak azalpen hori onartu nahiago ez balu ere, azken bolada honetako adibide batzuk aski behar lukete argi uzteko ez naizela uste bezain inportantea. Duela egun batzuk, adibidez, Nafarroan gehien saltzen den egunkariak argitaratu zuen Bilduk e-mail bat igorria ziela “bere” funtzionarioei, manatzeko Nafarroako administrazioan ahalik eta ardura handiko postu gehien erdiesteko. Zenbakia ere zehazten zuen Kordobillako tabloid-ak –60? 80?–, baina ez dut gogoan. Albisteak hasieran koleratu, eta gero triste-triste utzi ninduen, nik ez baitut e-mailik jaso. Tira, egia da ez naizela Bildu-Bildukoa, baina, kontxo!, Bakartxo Ruizek eta biok elkarri segitzen diogu Twitterren, eta horrek erdi-militante bihurtzen nau. Edo hala nengoen ni. Baina, nonbait, ez naute beren helbide elektronikoen zerrendan, eta, ondorioz, nora ezean nabil, prentsan irakurri artio nola jokatu behar dudan ez dakidala. Eta hori ez da behin gertatu, bi aldiz baizik, eta arras denbora gutian: atzo, egunkari horrek berak (eta iduri luke Diario de Navarra bai dutela beren e-mailen zerrenda, niri baino lehenago ailegatzen baitzaizkio ezker abertzalearen albiste guziak) argitaratu zuen ETAk bere jarraitzaileei nafar hezkuntza sisteman agitazioa eragiteko, asaldura sorrarazteko agindua emana ziela, EAJren eskola eredua ezartzeko asmoz (edo horrelako zer edo zer, nahiko kontu nahasia baitzen). Berriz ere, niri hitz erdirik ere ez. Politikariek bezala, prentsaren bidez jakin dut zein den orain nire zeregin berria.

Nespressoren iragarkian, baten batek pentsatzen ahalko luke George Clooneyk sortu duela aztoramena ostatu hartako kafezaleen artean. Baina, egia erran, Clooneyk, gainerako guziek bezala, kafetto bat hartu bertzerik ez zuen nahi. Albistea, George Clooney han zebilelako albistea alegia, garrasika hedatu duenak sortu du agitazioa eta asaldura terrazan trankil-trankil Nespresso bat edaten eta solasean ari zirenen artean. Bistan da estrategiak emaitza onak eman dizkiola iragarkiko emaztekiari, eta minutu baten buruan, terraza osoa beretako izan du. Bertzelako argudioen eskasian, garrasi egitea eraginkor samarra izaten da maiz.

Hondar gogoeta horrek lasaiago utzi nau: beharbada, Katakrakeko bezeroak nire xarma ukaezina aitortzeko irrikan ziren, baina jende adeitsua eta tolerantea izanik, ez ninduten asaldatu nahi, ez zidaten agitaziorik eragin nahi. Nolanahi ere, onartu behar da iragarkia ona dela, irudimentsua. Publizitatean, neketan kausituko dugu ideia falta baino ataka gaiztoagorik. Horrelakoetan, erran nahi baita ideiarik ez dutelarik, iragarki-egileek haurrak erabiltzen dituzte, haurrek, oihuka hedatzen diren leloek bezala, ez baitute behin ere huts egiten. Adibidez, haurrekin egin zuten duela urte batzuk Zumosol zukuaren iragarkia. Mehatxu baten aitzinean, mutiko batzuk Zumosol anitz edaten zuen lehengusu gihartsu zakarraren eske joaten ziren, hark problemak konpon ziezazkien.

Berriki, Yolanda Barcina Madrilen izan da, Nafarroa kontrolatu nahian euskaldunek duten konspirazioaz mintzatzen. Albistean ez zuten zehazten, baina joka nezake lepoa Zumosol hartu zuela gure lehendakariak zintzurra leuntzeko. Nik, aukeran, Nespresso nahiago dut, edo kafetto bat Katakraken. Gustura, garrasika aritzen ez diren bezero diskretu eta toleranteen artean.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

 

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.