Euskarak berotu gintuen

Eta larunbat gauean, hainbat auto hartuta (gutxi edo edango ez zutenei esker) Andoaingo auzo bateko bestetara azaldu ginen, hor nonbait, mendipuntan, gogoratzen ez dudan leku batean. Baso baten erdian, txiringito itxura zeukan txosna bat lagun. Kontzertuak erakarri gintuen eta han azaldu ginen 15-20 bat lagun; adinekoak eta parrandazaleak ez zirenak Adunako aterpean lo goxoan utzita.

Gaur egun aritzen ez diren bi talde bertan ziren: The Solanos eta Sagarroi; eta oker ez banago Etxe aritu zen haien aurretik. Gaua luzea, bustia (alkoholaz ari naiz, bereziki) eta mugitua izan zenez ez dut Etxerena ongi gogoratzen; azken batean, Solanotarrak (Trikitixa Nobel Saria Euskal Herrian Xabi Solanok merezi du, eta ez hainbeste Junkera jaunak) eta Sagarroikoek eman ziguten martxa ikaragarria izan zen eta horiek bereziki gogoan ditut. Kontzertu bukaeran Miren Gaztañagarekin argazkiak ateratzen eta guzti aritu ginen, gure “musa” berria bailitzan. Eta parranda eroari ekin genion, eta dantzak, ligoteak eta bestelakoak suertatu ziren. Barnetegiko lehen astea zen eta dena lehertzear zegoen; lehen bikotea zirudiena, bost minututan horietariko baten bat beste batekin irudikatzen genuen, parranda basatia eta nahasia. eta Adunara itzultzear ginela ikusi nuen hurbilketa bat, berea, nirea, aukera bat, konplizitatea.

50 bat litera duen gela bakarra du Adunako Ustartza aterpeak eta barnetegi horretan izandako ligoteoa (hori baino gehiago, oso neska interesgarria eta aparta ezagutu nuen, barnetegitik kanpo izanen zuen jarraipena harremana horrek eta gerora ere bukaera), bai, ondoko literan ari zen barnetegi hasieratik. Eta bizitza oso berezia denez, barnetegiko 6. egunean izanen nuen kontaktu berezi hori orain arte hurbil hurbil lo egiten ari zen neska horrekin izanen zen.

Gau hartan, bai, dagoeneko,guztiok Aterpean ginela, bakoitza bere literan, parrandan ateratakoak zein ez, nire ohera sartu zen, bera ausart, neu urduri, koldar. Muxuak izan ziren, isil isil. Igandeak argitu zuen, berehala; bera bere ohean esnatu eta ni nirean; gure sekretua omen; nire koldarkeria antza. Une gehiago izan genituen barnetegiko bigarren astean, eta une beroa pasa genuen bai, Adunako bestetan, herriko txoko batean; dantzalditik desagertu, ejem, eta berriro plazara azaldu parrandan jarraitzeko prest.

Oso oroitzapen onak ekartzen dizkit Adunako barnetegi hark, anekdota goxoa bihurtu da hemen kontatutakoa; barnetegia hori baino gehiago izan zen, ederki gozatu genuelako bertan ginen guztiok, hamabost egunez, 24orduz, AEK eta euskarari esker.

MzA5Mg==

Irudia | Leku ederra | Asier Sarasua | Creative Commons By SA

2009ko urritik aurrera AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko Kidea, Nafarroako arduraduna, hain zuzen ere. Hainbar urtetan Donibane auzoko Irrintzi Euskaltegian, ikasle, irakasle, didaktikari eta arduradun aritu ondoren.