Erromatarrak eta barduloak

Aurten ez dugu izan erromatarrik Zarauzko Musika Plazan. Hori izan da bosgarren urtez antolatu duten festa horren nobedadea: erromatarrik gabeko Erromatar Eguna izan da. Sikiera aurreko urteetan erromatarrez jantzitako koadrilak ikusten genituen Zarauzko parte zaharrean, baita malekoian ere, tarteka batailak eta borroka-teknikak erakusten zituztela. Taldetxo bat ere bazegoen barduloena eginez, baina espektakuloa erromatarrek ematen zuten. Aurten, krisia tarteko nik uste –nahiz eta beste esplikazio batzuk eman dituzten Udal agintariek–, barduloen inguruko antzerki bat, haurrentzako tailerrak eta gure ustezko arbaso diren bardulo horien bizimoduaren demostrazioa izan dira bi eguneko egitaraua bete dutenak.

Burutazio horiek nerabiltzan Parrokia ondoko parketik Musika Plaza aldera nindoala, barduloen akanpada horren inguruko giroa ikusi eta gero. Komentario asko egin daitezke festa horren inguruan, baina beste baterako utziko ditut. Niri, tribuaren ideak eman zidan atentzioa.

Nik ez dakit barduloak “tribu” bat izan ziren edo ez, hitz horren erabilerak ere badu eta ukatu ezin den intentzionalidadea; izan ere, antzinako giza-talde batzuei “zibilizazio” esaten diegu, haien kultura eta jakintza munduan zabaldu zutenak dira, (erromatarrak…) eta gero badaude “tribu” deitzen diegun giza-talde atzerakoiak, ezer askorik aportatu ezin dutenak (barduloak…). Herri batzuek “kultura” dute, itxuraz behinik behin zeozertarako balio duena; dokumentaletan, ostera, kulturarik gabeko hainbat komunidade erakusten dizkigute: badirudi haienak “erritoak” direla, edo, bestela, “folklorea”. “Baserritarrak” eta “kaletarrak”. Beti da kontu bera.

Otamendineko terrazan eserita, kafe usaina eta periodikoa eskuetan, tribu batekoa sentitu naiz ni ere. Motiboa ez da izan inguruko mahaietan bertakoak baino atzerritarrak gehiago izatea; ez da izan, Musika Plaza erdian, etengabe atzerritarrak kamera eskuetan kartelari argazkiak ateratzen ikustea: Basque Country is not Spain nor France. Edo akaso horiek ere izan dute zerikusirik…

Azken artikuluan aipatzen nuen sentsazio hori izan da, bakarrik egotearen intuizioa, tribu bateko parte izatea sentiarazi nauena: alegia, tribu galdu batekoa izandako jendea ezagutu izana eta, nolabait ere, ni haiekin identifikatu izana. Antton Lukuk idatzitako liburu bikaina etorri zait gogora, Euskal kultura?, eta hura argitaratu eta gero prentsan egin zizkioten elkarrizketetan esan zituenak; ezin da hobeto esplikatu, Iparraldeko euskal kulturaren egoera azaltzen hasita, zer den bakardade sentsazioa eta galtzen ari den kultura baten azken ordezkaria izatea. Argia aldizkarian egin zioten elkarrizketaren bukaeran esaten du, emozioz beteta, nola nahiko lukeen jendeak bera gogoratzea: azokan topo egiten duten bi lagun haien antzera, batak besteari esanez “Badakizu hori sekulako dantzaria izana dela?”, eta besteak erantzunez, “Ah, bai?”. Eta hor uzten dute dena.

Ni ere aritua naiz elkarrizketa batzuk egiten Zarauzko dantzari, txistulari, nahiz beste kultur arlo batzuetan aritutako jendeari; “Ah, bai?” erantzunean kabida izango luketenak denak, edade handikoak, gehientsuenak dagoeneko hilda daudenak.

Ezagunen bitartez bidea egin eta gero, etxera bertara gonbidatu izan naute gehienek. Hasieran, errezeloa ere izaten da: protagonistak jakin nahi du zein zaren, zer jakitera zatozen, zergatik daukazun halako interesa… Aurreneko elkarrizketan nekez esango dizu jakin nahi duzun horren inguruko konturik, baina kontatuko dizu beren gazte-denbora nolakoa zen, zer egiten zuen, ezagutzen ez dituzun izen eta ezizenak bata bestearen atzetik… Baina bigarren edo hirugarren elkarrizketan, konturatzen da zure interesa galdetegi estu batetik haruntzago doala, eta benetako harremana sor daiteke: kontatuko dizkizu direnak eta ez direnak, amistadeak eta haserreak, frustrazioak, garai zailetako eginahalak… eta garbi asko konturatuko zara tribu galdu baten historia ari zaizula kontatzen, azken mohikanoa dela, eta zuk ere bat egiten duzu sentimendu horrekin. Ematen du, une batez berpiztu direla garai bateko tribu haren ibilerak, inoren memorian lekuren bat aurkitu dutela. Zer kontatua baduela eta, zailagoa dena, nork entzuna.

Zuk badakizu biharamunean bakoitzak bere bidetik segituko duela. Une emozionante horiek “praktikan” –gaur “praktikoa” ez denak ez baitu ezertarako balio– ez duela ezer aldatuko. Ez dela izango titularrak beteko dituen aktibitate “estrategiko” horietako bat.

Akaso elkarrizketa noiz edo noiz argitaratuko duzu; baina gordetzen duzuna da beti inportanteena. Eta zeure martxan segituko duzu, tarteka tribuko azkena den horrekin topo eginez kalean, gelditu egingo zarete pixkatean, zer moduz zabiltza, etxean denak ondo, eta hark betiko agurrarekin utziko zaitu: “Segi horrela urte askoan!”. Edozein egunetan ailegatuko zaizu hil dela notizia.

Laster dira Euskal Festak Zarautzen, eta egun hauetan denok izango gara dantzari, txistulari, folkloriko eta taberna-zuloko bisitari ere bai. Biba txakolina eta sagardoa! Nik ere galtzak bete lan izango dut egutegian apuntatuta edukitzen ditudan aktibitateekin konplitzen, neuk aukeratutakoak eta gustura egiten ditudanak denak. Izan liteke gai egokia hurrengo artikulurako.

Tribu handi batekoak izango gara egun horretan, edo tribu txiki asko, elkarren armonian; azken mohikanorik ez. Horixe da Zarauzko Euskal Festa.

 

Xabier Etxabe Zulaika
2010eko irailaren 6an

Erromatar Eguna Zarautzen (2007ko abuztua)

Irudia | Erromatar Eguna Zarautzen (2007ko abuztua) | Zarauzko Arte eta Historia Museoa | LGPL

Zarautz (1974). Xabier ingeniaria izateaz gain, idazlea eta folklorean aditua....