Diagnosi ebaluazio lehen emaitzak jasota, adabakiekin jarraituko
1. Aurten EAEko ikastetxe guztietan egin diren diagnosi-ebaluazio probek ez digutela, egin den esfortzuarekin, argi handiegirik ekarriko hizkuntzen didaktikarako. Antzeko egoerak haien artean konparatzea ondo dago baina falta izan zaigu erreferentzia orokorrago baten argia, Europako Erref. Marko Bateratuari kasu egitea. Benetako kanpoko erreferentzia bati aipamenak ez egitea nahiko kritikagarria iruditu zaigu batzuei. Euskaraz eta gaztelaniaz dauden komunikatzeko gaitasun mailak haien artean ez erkatzea ere komentatu dugu.
2. Hezkuntza publikoa eta hitzarmenduna hiru hizkuntz eredutan bereiztea oso kaltegarria izan da hizkuntzen didaktikarako eta batez ere, gizarte eraikuntzarako. Hezkuntza eredu bateratu baterantz, Katalunian egin den legez, gogor jo beharko genukeela aldarrikatu dut Felix Etxeberria adituaren argudioak neure eginez.
Aurten argitaratu dira, historian lehen aldiz, diagnosi-ebaluazio emaitzak. Aurreko ikasturtean, 2009. urteko udaberrian, egin ziren neurketa horiek EAEko ikastetxe guztietan. ISEI-IVEIk prestaturiko probak. Gure hezkuntza sistema kanpotik ebaluatzeko beharrezkoa zen lanabesa izango zirela esan ziguten.
Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleek proba batzuk egin behar izan zituzten. Beraien komunikatzeko gaitasuna, euskaraz eta gaztelaniaz, neurtu nahi ziren alde batetik eta matematikarako, zientziarako, teknologiarako eta osasun kulturarako gaitasunak bestetik. Ikastetxeen esku geratu zen azken proba hauek ze hizkuntzatan egitea aukeratzea.
[Artikulu hau luzea da. Fomatu honetan irakurtzen segitu edo eskuratu artikulu osoa pdf formatuan].
Ikastetxe batzuetan beste batzuetan baino maila altuago zegoela guztiok susmatzen genuen. Ikastetxe batean nota on bat beste ikastetxe bateko nota kaxkarraren parekoa izan zitekeela argi zegoen. Irakasleok, normalean, ikasle onenei notarik onenak eta ikasle txarrenei notarik txarrenak jartzen dizkiegu eta Gaussen ezkila forma duen datuen grafikoa irteten zaigu datu asko dagoenean. Erreferentzia bakarra gure ikasleek beraiek ematen ziguten eta kanpoko erreferentzien beharra askok sentitzen genuen.
Gauss kanpaia ere espero genuen diagnosi-ebaluazio proben emaitzekin, baina jakin-mina zegoen ea ikastetxe jakin batek edo ikasle jakin batek zelako gaitasun maila erakusten zuten gaitasunak neurtzeko berariaz diseinaturiko probetan, kanpokoekin konparatuz.
Egin dira probak, argitaratu dira emaitzak baina, zuzen erabili dira datuak?
Matematika gaitasuna eta zientzia, teknologia, osasunerako gaitasunak neurtzeko probak ez ditut epaituko. Komunikatzeko gaitasuna neurtzeko probak, ordea, komentatu nahi ditut Hyde Parkeko iskina honetatik…
Gaztelaniaz eta euskaraz komunikatzeko gaitasuna neurtzeko erabili diren neurgailuak eta emaitzak erakusteko erabili diren taulatxoak eta grafikoak nahiko kritikagarriak iruditu zaizkit:
-
- Oso ondo iruditu zait ikasleak bere inguruko maila soziokulturala kontuan hartu izana. Azken batean familiak eta inguruak, ikastetxeak berak baino eragin handiagoa dauka ikasleen gaitasunen garapenean. Argi dago. DBHn, esaterako, 175 eskola egun. Egunero bospasei ordu. Ikasle askok ordu gehiago egiten dituzte urtean zehar telebistaren aurrean ikasgelan baino. Ikastetxearen eragina, zifra horiekiko proportzioan ibiliko da.
-
- Ez zait batere txukuna iruditu komunikatzeko gaitasuna neurtzeko hartu diren hainbat irizpide. Euskaraz bi multzotan banatu gaituzte. Bi proba mota desberdin diseinatu dira (1) euskaraz komunikatzeko gaitasuna neurtzeko. Gaztelaniaz proba bakarra. Ahozko ekoizpena, komunikatzeko gaitasunean oinarri-oinarrizkoa, ez da neurtu. Problema logistikoengatik.
-
- Entzumenaren ulermena eta irakurritakoaren ulermena, gaztelaniaz maila batean eta euskaraz beste bi mailatan neurtu dira (biak, gaztelaniazkoarekin konparaturik, apalagoak).
-
- Idatziz komunikatzeko gaitasuna neurtzeko hiru maila ezarri dira. Bat gaztelaniarako eta beste bi, biak apalagoak, euskaraz idatziz komunikatzeko gaitasuna neurtzeko. Ez zen, ziur aski, hori izango planteamendua, baina itxura hori hartu diogu kontuari.
- Datuen emaitzak, nik argi daukat, makillatuta eta Photoshopekin orraztuta erakutsi dizkigute. (Photoshop diot zeren, guztiok dakigunez, gure administrazioak beti nahiago izaten du ordaintzea ordaindu beharreko lizentzia guztiak GIMP bezalako programa libreak erabiltzea baino).
-
- Gure ikastetxeek eta gure familiek jasoko dituzten euskaraz komunikatzeko gaitasunaren txostenak EZ DIO INOLAKO ERREFERENTZIARIK EGITEN Europako Erreferentzia marko Bateratuari. A eredukoak A eredukoekin konparatuta, B ereduko batzuk A eredukoekin beste batzuk D eredukoekin konparatuz (2) eta D eredukoak D eredukoekin konparatuta, guztiok dakigun begi bistako egi bat nolabait ezkutatu digute: euskaraz lortzen ari garen komunikatzeko gaitasuna gaztelaniaz lortzen ari garena baino askoz kaxkarragoa dela.
- Ze komunikatzeko gaitasuna daukate gure ikastetxeetako DBH2ko ikasleek? A1, B2, A2? Euskaraz? Eta gaztelaniaz? Erantzunak ez dituzue aurten inondik inora inon topatuko. Diru publikoarekin inoiz egin den neurketarik osoenetakoa Europako Erref. Marko Bateratuari bizkarra eman dio. Zergatik? Arazo logistikoengatik berriro ere.
Horrela jarraitzen badugu euskara beti izango da erabat gutxiagoturik dagoen hizkuntza. Bazterturik dagoen hizkuntza ez esateagatik. Nago A ereduetan ikasleek ez dutela maiz ezta A1 maila apal hori lortzen. (Bide batez, gaztelaniaz eta beste irakasgaietan ere D eredukoak baino maila eskasagoarekin ateratzen dira ikasleak A eredutik). Zenbait B eredutan ere gauzak oso ilun egongo lirateke antzeko beste egoera txarrekin konparatzen ibili beharrean gaztelaniazko gaitasunarekin konparatuko bagenu, esaterako, urrutirago joan gabe.Ereduen kontu hori, hizkuntza bat baztertzeko eta ikasle batzuk baztertzeko balio izan digu. Gutxiagoturik dagoen hizkuntza gutxiagoturik jarraitzeko eta bazterkeria sustatzeko.Katalunian aspaldian konpondu zuten kontua, ea guk ere noiz konpontzen dugun errotik.Oraingoz, alde batetik eskola pribatu eta hitzarmendun elitistak klasistak ditugu eta bestetik eskola publiko baztertzailea daukagu. Argi dago ikasleak hiru ereduetan bereiztea hizkuntza kontuetan desastre hutsa izan dela, hortxe orain arte egin diren ebaluazio guztien emaitzak; ikasleak hainbat urtetan ordu luzeetan denbora “galdu” eta gero, elebakar irteten dira askotan gure hezkuntza sistematik, bai, baina desastre hutsa izan da gizarte berria eraikitzeko beste helburu sakonei begiratuta ere.
Eskola publikoan, eredu erdaldunenak helburu akademiko apalenak dituztenen biltokia izan da. Eskola pribatuan ez. Baina eskola pribatuan eta hitzarmendunean dirua ordaindu beharrak ez duela zertan klasismoa ekarri behar eta beka sistemak elitismoa saihetsi duela uste duenarentzat besterik ez doaz kontuak ondo. Datuak hortxe daude, etorri berriek, proportzioan, gehiago jotzen dute eskola publikora hitzarmendunera baino eta gehiago eredu erdaldunetara bertoko beste edozein familiak baino. Eskola publikoak gizarte pitzadura hori konpontzen saiatuko da edo pitzadura sakontzen? (A eredua “indartuz”, esaterako).
Ikasleen emaitzak hiru multzotan banatzea ondo dago, baina ikasleak hiru eredutan banatzea ez. Gurasoen aukeratzeko eskubideari lehentasuna osoa eman behar zaie hizkuntza bat eta hiztun asko baztertzeko?
Felix Etxeberriaren argudioekin bat egin nahi nuke hemendik:
“(…) A ereduak ez du balio ikasleek euskara ikas dezaten. Bereduak ere ez du helburu hori lortzen, D ereduari hurbiltzen zaionean izan ezik. (…) euskara trinkoen lantzen duen eredu bakarraren aldeko hautua honako faktore hauetan oinarritzen da:
• Euskara modu eraginkorrean ikastea ahalbideratzen duen bakarra da.• Hezkuntza-legediak agintzen duenari lotzen zaio.• Familien artean joera nagusia da.• Behar adina trebatutako irakasleria badago.• Ikasmaterial eta testu egokiak badaude.• Ikasleen arteko diferentzia soziokulturalak gainditzen laguntzen du.• Etorkinen gizarteratzea errazten du.• Beste herrialdeetako esperientzien bermea du”.
Laugarren puntua izan daiteke zalantzagarriena. Baina irakasleriaren azken urteotako bilakaera ona ikusita ez dirudi oraindik elebidun ez diren irakasle multzoa nahikoa aitzakia izan daitekeenik hainbat ikasle elebakar izatera behartzeko
.
Felix Etxebarriaren argudioak, berriro ere, neure eginez:
“Gure proposamena eredu trinko baten aldekoa da, egungo ereduek baino hein handiagoan bermatuko duena ikasleek euskara nahiz gaztelania mendera ditzatela, baita egoera gaitzenetan ere (familia gaztelaniadun elebakarrak, ikasle etorkinak). Horretarako premiazkoak dira honako hauek:
• Eskolak beharrezko diren baliabideak izatea: irakasle trebatuak, irakasle laguntzaileak, itzultzaileak, materiala, bitartekoak…• Ikastetxeek irakasle, ikasle eta gurasoentzat hezkuntza-proiektu erakargarri eta motibagarriak lantzea.• Aisialdia eta eskolaz kanpoko jarduerak euskararen ikaskuntza bizkortzeko funtsezko baliabide gisa aprobetxatzea.• Ingelesaren eta atzerriko beste zenbait hizkuntzen irakaskuntza behin euskararen eta gaztelaniaren ikaskuntza bermatu ondoren abian jartzea.• Ikaslearen eskola-arrakasta bermatzea”.
Gure hezkuntza sistemak aldaketa sakon batzuk egiteko premia badauka. Utz ditzagun adabakiak eta hari zuriak praka beltzetan.
(1) ISEI-IVEIko txostenen arabera proba bat A eredukoentzat diseinatu zen eta beste proba mota bat besteentzat baina…
(2) Susmoa daukat zenbait B eredutan A eredurako diseinaturik zegoen euskara proba pasatu zitzaiela. B ereduak direnak izenez, izanez, A ereduak izaten dira edo D ereduak, edo tartean dagoen espektroko edozer.
Artikulu hau beste itxura batekin hementxe
[…] hau ZuZeu.com horretan ere eskegi […]