Carpe Diem

LindseyGeeCarpe Diem“. Goza ezazu momentua omen da Horacio poeta erromatarraren esanaren itzulpen egokia. Hitzen moldaketa baino harago doa, hala ere, esaldiaren pisua. Nork ez ote du nerabezaroan barneratzeko abenturan banderatzat hartu unean-unekoa bizitzearen axioma? “Segundu bakoitzari zuku guztia atera eta nahi duzun hori egin bi aldiz pentsatu gabe, biharrik itxaron gabe” hitzok horren oihartzun ederraz laztantzen dituzte belarriak…

Izango da aipaturiko bidea hartuta zoriontsu eta gustura bizitzerik lortu duenik noski, baina egungo gizarte honetan, hitz polit eta potoloak errealitateak birrintzen ditu maiz.

Duela pare bat urte ( nerabezaroan barneratzeko abenturaren amaiera aldera ) kapitalismoak unea gozatzearen ideia nola baliatzen duen salatuz idatzi nuen. Gaur beste kontu batekin nator: “Carpe Diem“-era behartuak, izan nahi ditut mintzagai.

Abiadura handiko tren, Olinpiar Joko eta bakezale amorratuen sorterri den lurralde sendo hartan, Espainian, bada gizarteak bizkarra emana dion biztanleriaren zati bat (edo beste bat, esan beharko agian): bizitza maila “onera” ohituta egon eta goi-mailako ikasketak izan arren, langabezian edota 1.000 eurotara iristen ez diren soldatak ematen dizkieten lanetan murgildurik bizi diren 20-35 urte bitarteko gazteak.

Beste asko eta askoren egoera larria ikusita, 900 euroko soldata paregabea irudituko zaio bat baino gehiagori, “bizitzeko ematen du” argudiatuta. Hala da bai, 900 euro nahikoa da bi lagunekin konpartitutako pisu txikia, lantokira joateko gasolina eta eguardiko zuritoa ordaintzeko.  Baina, bizi proiektua osatzeko horren esanguratsu diren gaztaro-heldutasun urte horietan, garagardoa eskas geratzen da. Ezin familia bat sortu, ezin bizilekurik finkatu, ezin jakin bihar lanik izango duten ere.

Bizi dira bai, bizirauten dute eta frustrazio edo nahiak aparte, gustora ere izango dira haietariko asko. Baina, nerabezaroan horrenbeste maite zuten “Carpe Diem” hark nekatzen baditu inoiz, zer egin? Uneaz gozatzen saiatzea besterik ez dute, biharko ezer ez utzi eta momentuan nahi duten hori egin. Izan ere, biharrik izango duten ere, nekez dakite.

NIRE KONTRA ESANAK