Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban korrituko da Emakumeen Bira
Emakuemeen Birak bost etapa izango ditu. Ekainaren 12ko bigarrena da Arabako lurretan korrituko dutena. Amurrion hasi eta amaituko da eta Belandia mendatea (2. mailakoa) igoko dute.
19 taldek parte hartuko dute Emakumeen Biran: guztira, 114 txirrindulari. Horietatik lau euskaldunak dira: Bizkaia-Durango, Lointec-Ugeruaga, Debabarrena-Kirolgi eta Tolosa.
Iaz ia etapa guztiak eta sailkapen nagusia irabazi zituen Marianne Vosek ez du aurtengo aldian parte hartuko. Fabiana Luperinik (2006) eta Edita Pucinskaitek (2002) badakite Emakumeen Bira irabaztea zer den, eta irteera puntuan egongo dira. Horiekin batera, hainbat txirrindulari gaztek osatzen dute faboritoen zerrenda: Iaz bigarren eta hirugarren amaitu zuten Tatiana Guderzok eta Luise Kellerrek, esaterako. Claudia Haussler ere kontuan hartzeko txirrindularia da.
Hala ere, faboritoen artean faborito da Nicole Cooke; Munduko Txapeldun eta Txapeldun Olinpikoa den galesak lehenengoz parte hartuko du, eta Ruizek ez dauka zalantzarik Bira bere palmaresera gehitzeko “asmo sendoarekin” etorriko dena.
Lehiakortasun handia dagoenez, talde euskaldunek zail dute etapa garaipena. Hala ere, itsaso nahasian etekinak norentzat izan ohi diren badakigu, eta faboritoek batak bestea zaintzeari bakarrik jartzen badiote arreta, gainerakoek egoera hori aprobetxatu egin dezakete.