Bankuek, krisi sasoian ere, ehunka milioiko irabaziak

Euroak
Euroak

BBKk %5,1 handitu ditu bere irabaziak urteko lehen sei hilabete hauetan, 185,5 milioi euroko mozkinak lortuz. Banestok, bere aldetik, %8,9 murriztu ditu bere irabaziak, baina irabaziak izan ditu hala ere: 409,52 milioi euro. Datozen egunetan BBVA, Santander eta abarren lehen seihileko datuak izango ditugu albiste eta seguru ez dugula zenbaki gorririk ikusiko. Ez behintzat banku eta kutxen kontuetan.

Herritarrek, berriz, sasoi latzak bizi dute, oso latzak. Adibidez, Gasteizen %33 handitu da gizarte-behar larrietarako laguntza jasotzen dutenen kopurua, gazteek gero eta sailago dute etxe bat erostea, sinatutako hipotekak ordaindu ezin dutenen kopurua gero eta altuagoa da eta, ekonomiaren sektore bakar bat aipatzearren, autoeskoletara doazen ikasleen kopurua %61 jaitsi da azken zortzi hilabeteetan.

Etorkizuna, gainera, ez da hain baikorra. Europako Banku Zentralak dio, datozen hilabeteetan enplegu gehiago galduko dela. Eta Nazioarteko Diru Funtsaren aurreikuspenen arabera, gure inguruko barne-produktu gordinak behera egiten jarraituko du, gutxienez, 2009an eta 2010ean.

Hala ere, banku eta kutxen irabaziak handitzen joango dira.  Erakunde publikoengandik (hau da, gure poltsikoetatik) jaso duten laguntzari esker izango ote da?

Egoera honen aurrean zer egin? Bernabé Tierno Jimenez psikologoak zera dio: “Krisi sasoietan zoriontasun eskuragarria bilatu behar da, pobreagoak izan arren zoriontsuagoak izan gaitezkeelako”. Ez dakit nahikoa izango zaizuen, baina ez dago besterik.