Aritz Aranburuk 2011ri baikor
Edozein modutan, denboraldi ona burutu du 25 urteko surflariak, bi txapelketa irabazi baititu Brasilen. Zarauztar gazteak aitortu du bi probak irabazita, WCT -World Championship Tour- zirkuitura itzultzeko itxaropen izpia izan zuela. Hala ere, denboraldi honetako puntuazio sistema haren eta bigarren mailan zeuden guztien kaltetan zela gaineratu du, eta hortaz, jakin bazekien garaipenek ere ez ziotela ezer ziurtatuko.
Orkatilean min hartuta ibili da azken aldian, eta horrek galarazi dio Hawaiiko azken proban parte hartzea.
Datorren denboraldiaren hasierarako, otsailerako, sasoi betean egotea espero du.Datorren denboraldian puntuazio sistema aldatu egingo da, eta maila gorenera bueltatzeko bi aukera izango ditu Aranburuk; denboraldi erdian eta bukaeran. Hori bakarrik ez: aurtengo garaipenekin pilatutako puntuak kontuan hartuko dituzte eta horrek bidea erraz diezaioke.
Surfaren bigarren mailan egonik ere, Aritz Aranburuk gogora ekarri du kategoria horretan 300 surflari daudela eta bera multzo horretan zortzigarren dela.