Argentina-Bolibia-Argentina bidaia taupadak (XV-XXVI)

cc-by. Polifemus. Flickr.
cc-by. Polifemus. Flickr.

XVI

Handia da lagunen konpainia zerbeza basotan hurrengo egunean kopetari soka latz batek atzeraka tiraka ez balio.

XVII
Buenos Aireseko etorbide handi eta zabalena. 9 de Julio. 9 karril norabide bakoitzeko. Iluntzeko 9ak dira. Gautu du. 9 gradu baino gutxiagoko hotza. Eskalestriaren erdian zuhaitz bakarreko irla bat eta familia bat. Andre, 3 haur-neskatila ttiki eta aita. Pailasoz jantzita aita. Semaforoa gorrian irteten da errepidera eta malabarak egiten hasten semaforoa berdatzean autoetatik limosnaren bat jasotzeko esperantzan. Oinez pasa gara gu euren albotik. Guri ere “una monedita” eskatu digute. Eta guk ere ez diegu eman.

XVIII
Uruguaira heldu gara gaur. 09-07-13. Itsasuntziz heldu gara Buenos Airesetik. Colonia izeneko herriska batean gaude. Zittertal izeneko zerbeza edaten fruitu lehorrak lagun. Hiriko zurrunbilotik herriko patxadara egin dugu jauzi. Eta eskertzen da. Denborak ere deskantsu hartu duela ematen du.

XIX

-Y, ¿Vos cómo se llama?
-Yo, Imanol.
-¿Manolo?
-No, Imanol.
-Bien. Imanolo…
-¡No! Me llamo I-ma-nol
-¡Ah! ¿Imanol? Como Imanol Arias.
-Sí. Arias se llama como yo. Imanol

XX

Montevideon bizi da Carlos Aznarez. Montevideon elkartu ginen berarekin. Ez luzaz. Palestinari buruzko hitzaldi bat hastear zen unibertsitatean eta agurtzeko denbora baino ez genuen izan.
Kontatu zigun Uruguayn euskaldunak asko miresten gaituztela (Zarauzko Euskal Jaitan ere ez dut hainbeste euskal txapela ikusi), zenbait euskal errefuxiatu estraditatu nahi izan dituztenean kalera behin berriz atera izan direla…
Dagoen gauzarik handiena da herrien arteko elkartasuna. Joan etorrikoa baldin balitz behintzat. Ze, guk Uruguay non dagoen ere ez dakigu ia.

XXI
Bakarrik nabil Montevideoko kaleetan eta kafe bat hartu nahiko nuke. Baina ez dut tabernarik topatzen. Autobus geltoki batekin topo egin dudanean. Sartu naiz eta Frantziako Tourra telebistan. Azken 10 kilometroak ikusi ditut. Uruguayn etapak eguerdiko 12etan amaitzen dira. Irabazlea zein izango den Frantzia bertan baino lehenago jakiten da hemen.

XXII
3 egun eta 2 gau egingo ditugu Uruguayn. Denbora motza. Egun bat Colonian, 2 Montevideon. Hemen ere pobrezia gardena da. Turistak galbitzan lekuetan polizia turistikoa jartzen digutelako kezkarik gabe jan ditzagun hanburgesak eta edan zerbezak.

XXIII
Evo Morales Uruguayn dabil egun hauetan. Eta gu ere bai. Baina gu ez gaitu presidenteak hartu. Autobusetik jaistean ez genuen inor zain. Baina gu Montevideoko kaleetan eskutik helduta paseoan ibili gara, entsalada bat afaldu dugu eta Splendidon egin dugu lo.Hori bai, Boliviara iristean Evo Moralesek hartzen bagaitu, ez gara kexatuko.

XXIV
Argentinara heldu berritanm euro sorta bat peso argentinaretara aldatu genuen. Eta kalkulatu euro bat eta 5 peso argentinar diru kopuru bera zela. Peso argentinarrak eurotara ekartzeko zati bost egin eta kito.
Uruguayra heltzean kajero automatikoak peso uruguayarrak eman zizkigun. Eta kalkulatu euro bat eta 30 peso uruguayar diru kopuru bera zela. Zati 30 egin eta kito.
Baina kontua ez da hain erraza ere: hiru txanpon klase ditugu poltsikoan eta laister laugarren bat izango dugu. Peso bolibiarra.
Egun beltzak matematiketan zeroa garenontzat, euroa besteen gainetik indartsu, harro, garesti egongo ez balitz.

XXV
Montevideoko autobus geltokiara gentozen. Kalez bestaldera kantu hots ozena entzun dugunean. Gizon bat zen. Gu bezalaxe oinez zihoana. Kantuan. Altu. Inbidia ematen zuen kantuan hain gustura ikusita. Kontajiatu egiten zuen bizi nahia.
Baina gehienok hartu dugu zorotzat, susmagarria delako oso, konplexurik gabe horren zoriontsu abesten duen norbait izatea. Ziudadean.

XXVI
Buenos Airesetik Boliviara atera bezperan amaitu dut Coaderno boliviano. Liburua baino koadernoa da Miguel Sánchez-Ostizen hau, Bolivian 2-h3 hilabetez bizi-ikusi-ikasiak papereratzen baititu: herri memoria eta historiari buruzko testigantza jasoaz, kronika poetikoak tartekatuz, bidaian ibiltzearen eta batez ere, bidaian bakarrik ibiltzean izan dituen gogoeta kritikoak eginez. Zenbateraino ezagutu daiteke herri bat betaurreko (eta batez ere poltsiko) europarretatik? Zenbateraino Lonely Planetetatik edo bidaia agentzien ofertetatik?
Jendeak gauza handiak esan dizkigu Boliviaz. Liburu handia da koaderno hau. Bidaia handia dugu aurretik.

La terre est bleue comme une orange