Antzeko Parezido
Bazen garai bat aski ernegatzen nintzela norbaitek esaten zidanean beste inoren antza nuela. Gure gizarte narzisista eta berekoi honetan bakanak, errepikaezinak, berezietan berezienak izan behar garela sinestarazten zaigu aukera dagoen guztietan, eta hala, laido bihurtzen da kasik besteren baten antzekoa zarela entzutea. Ispiluari begiratu eta “hi haiz hi” esan behar diozu zure buruari bularraldea puzten zaizularik. Aldi berean, besteren orban itxusi, akats, herrenak pilatzen jardutea ez da ideia txarra norberaren estimua hobetuko bada. Gisa horretan ibiltzen gara maiz albokoari zeharka begira zelatan gu baino pixka bat bat ere goratu ez dadin.
Esan bezala, jipoien jipoiez-edo, iritsi da unea non jada urratu txikiena ere ez didan eragiten norbaiten antza dudala entzuteak. Pentsa, poztu ere egiten naiz jada inork halakorik esaten didanean, nire buruari beste izaera bat, beste identitate bat gehituko balitzaio bezalakoa baita.
Behin esan zidaten “Aimar Olaizolaren antza duzu” eta gero “eta badakizu hark nesken artean arrakasta handia duela ezta?” Ejem. Kontua da pilotari baino letrei emana dagoen ni bezalako arratoi batentzat halako zerbait entzutea ez dela zertan samurra izan. Hausnarketa sublimeetan neroni eta kirolari batekin konparatu, eta ze kirolari eta pilotari batekin gainera. Gauza bakarra dago idazle bati pilotari batekin konparatu dezaten baino min handiagoa egiten diona: bertsolari batekin konparatzea. Hainbestera ez da inor iritsi oraindik baina behin Goenkaleko aktore ote nintzen galdetu zidaten Hernaniko taberna batean. Ondo begiratuta hain arraroa ere ez da; izan ere, laster probableagoa izango da euskaldun bat Goenkalen inoiz agertu izana kontrakoa baino.
Thiago Splitter-en antza dudala behin baino gehiagotan esan izan didate eta baita Gerard Piqué-rena ere. Musikaren mundura igaroz baina Katalunia utzi gabe Guillem Gisbert Manel taldeko kantariaren aire nahikoa omen dut. Kuriosoena da Guillem ezagutzen dudala lagun komun batzuk medio. Aipatu nion behin, antzekotasunaren kontuarengatik ezaxolati jada, baina ez ziola grazia zipitzik ere egin jabetu nintzen azkar. Katalunian jarraituz, Aritz Galarragarekin nengoen batean anaiak ote ginen galdetu ziguten. To eta no; bai, galdera egin zigunak betaurrekoak daramatza. Aspalditik gainera. Haren okulista, ostera, ideiarik ere ez nor den. Izan da antzekotasun intelektualagoren bat aurkitu didanik ere ordea: Vladimir Maiakovski. Ezin esan harrotzeko motiboa ez denik.
Berriki, baina, kontua are urrutiago joan zen. New Yorken nengoen, taberna batean, eta hara non halako batean neska bat gerturatzen zaidan erabakitasunez eta “Ei, Paul, ez al duzu agurtzen jada?” galdetzen didan ingelesez haserre puntu nabariarekin. Metro erdira baino ez nuen eta harrituta begiratu nion. Berak ordea ez zuen bere espresioa amiñi bat aldatu. Hitz egiten hasi nintzaion arte ez zen ohartu, ene ingelesez ez bereziki BBCdarra medio, benetan ni ez nintzela Paul delako hura. Paul eta neska haren arteko ingurukoaren espekulazioa zuen imajinazioaren esku utziko dut.
Nire jasangarritasunak, alta, bere mugak baditu. Izan ere, muga horiek igaro zituen Xabier Mendiguren Elizegi editoreak Gorka Maneiroren antza “pixka bat” (detaile bat, Xabier) dudala bota zuenean twitterren. Undimendua, Patetismoa eta Dolorea. Horixe sentitu nuen hori irakurtzean. Antzekotasun arrazoizko eta irraziozko gehiago utzi ditut bidean. Hori bai, ez galdetu niri zertan diren antzeko Aimar Olaizola, Thiago Splitter, Gerard Piqué, Guillem Gisbert, Aritz Galarraga, Paul gizajoa eta Gorka Maneiro. Nire ulermenetik at geratzen den zerbait da.
Jatorrizkoa Separata blogean.