Agur musu bat
Hondarribiko benta berriaren inguruan nenbilen, arrantzaleei buruzko erreportaje baterako argazkiak ateratzen; berez antxoaren inguruan egin nahi dut erreportajea, baina oraindik ez zen askorik sartu. Goiz hartan ere, antxoa sartu zenez ikustera hurbildu nintzan kaira, baina aurrekoetan bezala, makarela asko, txardin apur bat eta nahasitako arraia sartu zen bakarrik… hotzegia omen zegoen ura oraindik.
Arrantzale tartean nenbilela, telefono dei bat jaso nuen, Donostiako Bulebarrean antolatutako askegunean eguna pasatzen izaten ziren gazteak kartzelaratzeko agindua plazaratu zutela esateko. Gaiak kitzikatzen ninduen, aktibitate politikoagatik kartzelara sartu behar duten lagun batzuen inguruan sortutako gazte jendearen babesa irudikatzeak oso interesgarria behar duela pentsatuta, beraz harantz joatea deliberatu nuen.
Bertaratu nintzenerako, elkartaratze bat hasia zuten. Jende andana zegoen ‘Askegunea, libre eta legala’ zioen pankartaren atzean. Lehen lerroan senide eta lagunak zeuden, bigaren lerroan Aitor, Mikel, Ekaitz, Adur, Egoi eta Oier, lagun eta senide gehiagorekin eta beraien atzean jende multzoa. Argazki bat egin nuen, baina intentzio handiegirik gabe. Ez nuen inolako presiorik, ez nion inori ezer eskaini beharrik, ikusten nuenak konbentzitzen baninduen, argazkia aterako nion, baina bestela esku hutsik itzultzeak ez ninduen kezkatzen. Ederra da inolako presiorik gabe lanera joatea, orain arte beti entregatu behar izan dut argazki kopuru bat, gustatu edo ez, zerbait gertatu edo ez. Oraingo kasua ezberdina zen; ez dakit bazkaltzeko emango duen, baina lanerako egoera atsegina da. Benetan.
Elkartaratzea bukatzera zihoala, pankarta eusten zeudenak eta auziperatuek buelta emanĀ eta atzean zuten jendeari begira geratu ondoren, Oierrek mikrofonotik hitz batzuk zuzendu zizkien gerturatutako guzieri. Ez nuen konbentzitzen ninduen ezer ikusten, ni pankartaren atzean nengoen, beraz bizkarrez neuzkan protagonistak, jendea beraiei begira zegoelarik. Hitzalditxoa amaitu eta 6 auziperatuak elkar besarkatzen hasi ziren. Ni hor berotu nintzen, holako zerbait nahi nuen nik, beraiek lehen planoan besarkatzen eta atzean babesa ematera azaldutako jendea, KLIK, KLIK, KLIK… Argazki batzuk egin nituen, pare bat kamera begi parean jarrita, lauzpabost kamera buruan gainetik igo eta beherantz pikatuta eta beste bizpahiru berriro kamera begi parera jaitsita.
Elkar besarkatzeari utzi eta beraiek pixka bat sakabanatu ziren, ez gehiegi, baina bakoitza beste norbaitengana zuzendu zen. Halako batean Mikel nire parean pankarta heltzen zegoen gizon batengana hurbildu eta musu bat eman ondoren indarrez besarkatu zuen. Nik KLIK, KLIK, eta KLIK egin nuen. Berriro jarri ziren hasieran zeuden bezala eta txalo egin zieten laguntzera etorritakoei eta hauek ere txaloz erantzun zieten.
Hor bukatu zen dena, gero jendea lasaitu, bazkari planak egiten hasi eta ni azken hilabetean ikusi ez nituen lankideekin eseri nintzan, garagardo bat hartu eta zertan nenbilen kontatzera. Banuen zerbait. Ez nekien zer, baina besarkada hark indarra bazuen.
Etxera etorri, argazkiak ikusten hasi eta hara!, musuaren argazkia ikusi nuen. Itxita dauden 4 begi horiek zenbat esaten duten… gainera gizonak badu Mikelen antza, beraz, pentsatu nuen aita behar zuela izan.
Ez nekien zer egin argazkiarekin, ‘bostok’ hasi berria da eta webgunea oraindik prest ez zegoenez, editatu, ingelesezko testua jarri (aita musukatzen duela idaztera arriskatu) eta Facebookera igo nuen.
Hortik aurrerako bidea bakarrik egin zuen; jendea irudia elkarbanatzen hasi zen, ahoz aho zabaldu, sare sozialetan asko komentatu eta bi egunetan 30.000 lagun baino gehiagok ikusi zuen argazkia. Ezin nuen gehiago eskatu, Bostok Photoren izena zabaltzen lagundu digu, jendeak, bai hemengoak eta bai hangoak, agentzi berriaren sorreraren berri izan du eta etorkizunean gure argazkien erosle izan daitezken horiek interesa azaldu zuten.
Hori guzia, nola ez, beste kazetari batzuek eta batez ere askegunean gertatzen zena lau haizetara zabaltzeko bertakoek egin duten lan izugarriari esker gertatu da, argazki horren indarra zer gertatzen ari den dakizunean handitzen baita. Semeaz harro dagoen aitak, kartzelara doan semeari emandako musu bat da. Agur musua. Maitasun musua. Babes musua.