A gripea eta kakalarria
Ez gara mediku, baina geu gara testigu: H1N1 birusak eragiten duen gripe motak, kakalarria ere badu bere sintomen artean.
Semeak istripu bat ukan du hondartzan. Zauri zatar bat egin zaio ezkerreko hankan futbolean ari zela, eta herriko medikuek ezin dutela ezer egin eta Baionako Ospitalera joateko agintzen dute. Larrialdietara. Autoa ziztuan jarrita, bazoaz autopistan gora, A8 honetan dabiltzan milaka kamioitzar erraldoien artean, urteko egunik beroenetako batean. Arratseko zazpirak dira.
Iritsi eta ospitale eraberrituan ez duzu aurkitzen ahal pasabide egokirik zeure autoarentzat, eta atetik urruti aparkatu beharrean aurkitzen duzu zeure burua. Familia osoa doa zeurekin larrialdian lagun, baina zeu zara etxeko gizona eta zeu egokiena semea altzoan hartu, eta Pietá maskulino eta berritu baten antzera, oinez ezin ibili duen seme maitea larrialdietako ateetan barrura eramateko.
Urruti daude, ordea, ateak, Baionako Ospitalean. Autoa uzten den lekutik, esan nahi dut. Eta zu ere ez zara lehengo morrosko sasoiko bera, eta zure seme ederra ez den arren batere astuna, pisua gero eta da pisuago. Urrats bakoitzean.
Izerdi apur bat, beste hogei pauso eta atean zara. Eta atean, urrutitik ikusi duzun afixa bat:
Bai, A gripea dutenak eskuinera joateko agintzen du ateko geziak, eta kristaletik harantzago, jendea ikusten duzu egongela itxaroten. Ez da ametsa, hementxe zaude: Centre Ospitalier de la Côte Basque.
A gripea ez zegoen zure buruan. Semearen oina sendatzea baino ez. Hortxe dago, ordea, A gripea. Metro batzuetara. Ez Mexiko edo Siberian, hortxe, kristalaz bestaldeko aldean. Eta kakalarriaren lehen sintomak sentitzen dituzu. Pausoa geratu egin duzu bat batean, begiratzen diezu familiakoei, eta ohartzen zara denek dutela zurearen kakagura berdina.
Halako batean, maskara batzuk ikusten dituzu atearen bazter batean. Argazkian dago euretako bat:
Eta pentsatzen duzu salbatua zaudela, horietako maskara bat jantzi eta ez daukazula arriskurik batere. Eta bazoaz bat hartzera, eta irakurtzen dituzu ondoan dauden lerro batzuk (frantses hutsean), eta ohartzen zara ez dela zuretzakoa. Alegia ez dela sano daudenentzat, baizik eta kutsatuta daudenentzat. Afixak argi dio, A gripearen sintomak dituzula uste baldin baduzu, halako maskara bat dagokizula. Baina ez bestela.
Eta semearen pisua oraindik besoetan, izerdi patsetan, hondartzan zenuen bainujantzi bustiaren gomak eta sareak leku aipaezinetan sartuta, etc. etc, pentsatzen duzu ez duzula ihesbiderik. Harrapatuta zaudela: “hauxe behar genuen, gripeaz hiltzea”.
1- Ezin baduzu maskararik jantzi, ezin zaitu ezerk babestu. Ezin duzu ezer egin zeure burua (eta familiakoena, jakina) babesteko.
2- Zertarako behar dute maskara kutsatuta daudenek? Ez al zen inor kutsa ez zedin asmatutako tresna?
3- Norbait etorri baldin bada honaino A gripearen sintomekin horietako maskara bat hartzera, zeu zauden lekuan bertan egon da, oinak ukan ditu zeure oinak dauden leku berean, maskara jantzi gabe. Aire bera haru du biriketan. Beraz, arnasten duzun airean egongo dira birusak. (Gainera, gaurko bero eta hezetasunarekin, biribilketa eta kalejira ederrean ibiliko dira, segur).
4- Nik gripea harrapatzea ez da larria, baina nire familiako guztiek eta, gainera, ospital batean eta denok batera, baditu bere artalak.
5- Etc. etc.
Bai, zin dagit, kakalarria ere A gripearen sintometako bat dela.
Eta semea?, galde lezake baten batek, honaino iritsita. Semea ongi dago. Lau puntu eta oin ezkerreko behatz lodia limoizko izozki baten tankeran bildua.
Neu nago apur bat makal. Hipokondria izango da. Baina, egia esan, oraintxe hasi naiz doministikuka eta ez dakit ba, sukar apur bat ere ez ote daukadan.