1.023 euroren truke
1.023 euroren truke
18 urterekin alde egin nuen gurasoen etxetik eta Madrilera etorri nintzen ikastera. Ikasturtean zehar ikasketak arazorik gabe gainditzen nituen eta udaran, sosa batzuk ateratzeko, jatetxe batean egiten nuen lan ostiral eta larunbatetan. 15 ordu jarraian batzuetan.
20 urterekin Mexico D.F.ra joan nintzen ikasketak han jarraitzeko. Bueltan, nire lehenengo praktikak egiteko aukera izan nuen. Astean zehar kazetari moduan egiten nuen lan; asteburuetan, jatetxean.
22 urterekin kazetaritza ikasketak amaitu nituen eta ordurako urte t’erdiko lan eskarmentua nuen. Ikasketak amaitu eta mugagabeko lan bat eskaini zidaten baina uko egin nion beste batengatik. Madrilgo kazetari elkarteak urtero antolatzen duen “Lehen lana” programarako hautatu ninduen. Hau da, Madrilgo kazetaritza fakultate bakoitzetik bost kazetari hautatu zituzten (noten arabera) eta sei kazetarik egindako elkarrizketa baten ondoren, 25 lagun aukeratu eta komunikabide ezberdinetan banatu gintuzten.
Niretzat egokiena zen komunikabidea estatu mailan irrakurriena den egunkaria zela otu zitzaien. Hiru urte iragan dira iada. Egunkaria ixten hasi nintzen. Bederatzi hilabete egin nituen han. Ordutik, Madrilgo informazio lokalaren berri ematen dut: lehenengo paperean eta orain web orrian.
25 urte izateko ez dago batere gaizki. Edo hori uste dut behintzat.
Egunean hamar bat ordu egiten ditut lan, zazpi egin behar nituenean. Hamar bat teletipo igotzen ditut. Paperean atera diren berriak ere bai. Berrietarako argazkiak bilatu eta berrian txertazen ditut, gero Madrilgo portadara igotzeko, askotan tetrisera jolasten arituko banintz bezala. Horrez gain, bideoak bilatu eta gure plataformara igotzen ditut. Tuiteatu. Egunean ateratzen diren berriak egin (eta horrek suposatzen dituen dei guztiak). Irakurleek bidaltzen dituzten gutunak gainetik begiratu eta baten bati deitu. Gainera, berri bakoitzeko lehen ehun iruzkinak irakurri behar ditut (akatsen bat badago, hor ematen dute abisua gehienetan). Erreportaiak prestatu, posta elektronikoa erantzun. Erredakzioan dugun blogean iruzkinak utzi. Gai berriak bilatu…
Baina zer lortu dut denbora guzti honetan? Duela hiru urte baino diru gutxiago irabaztea. “Nola liteke hori?”, pentsatuko duzue askok. Tamalez, erantzuna oso erraza da. Egunkaria ixten nuenean, igande eta gaueko plusak nituen. 300 bat euro hilabetean. Sailez aldatu nindutenean, eskubide horiek galdu nituen.
Baina garai nahasia bizi dugula esaten dudanean, ez naiz horretaz ari. Gure zuzendariak kazetariokin kafe bat hartu edo bazkaltzeko ohitura du. Lehengo astean niri tokatu zitzaidan. Gauza askotaz hitzegin nuen berarekin: duela aste pare bat egin genuen grebari buruz, etorkizunerako dauden proiektuei buruz edota egunkariaren egoerari buruz. Egunkaria itxi egingo duten zurrumurruak egia diren galdetu nion eta ezetz esan zidan. Hala ere, egoerra txarra zela eta dirua aurrezteko planteamendu berriak egingo zituztela aurreratu zidan: lanordu gutxiago egin eta soldata jeistea, adibidez.
Tentel aurpegia geratu zitzaidan. Ziur naiz. Kalkuluak azkar egin nituen burua: 1.023 euro irabazten dut hilabetero eta emakume honek soldata jetsi nahi dit. Bai zera! “Ba agian askoi ez digu pena mereziko lan egiteak”. Sorbaldak makurtu zituen.
Soldata horrekin ozta-ozta iritsi naiteke hilabete bukaerara. Zuzendariarekin izan nuen solasaldiaren ondoren dena pikutara bidaltzeko gogoa besterik ez dut.
Lagunei nire kasua kontatu ondoren, bere egoera antzekoa dela esan didate. Guztiek dute eskarmentu dexente bere lanetan, baina etorkizuna nahiko beltz ikusten dute. Ba bai, garai nahasia da: ikasketak eta esperientzia izatea bermea ziren lehen, baina gaur egun ez dutela ezertarako balio dirudi.
Eguerdi On Izaskun,
Nire kasua zurearen arront antzekoa da, alegia, neu ere unibertsitateko ikasketak lana eta praktikaldiekin eraman nituen. Emaitza, karrera bukatzerako, 4 urteko praktika/lan eskarmentua.
Orain, zure moduan, nire egoera ikaslea nintzenekoa baino okerragoa da. Tamalgarriena? Gauza anitz; lehena, gure promozioko askok ez dutela oraindik euren lan aukera eduki eta bitartean, ikasketa gelak betetzen jarraitzen dituztela. Eta ez hori bakarrik, euren gelakidea, beraiek baina hamar eta hogei urte gehiago dituen jendea dela. Emaitza, superformatutako jendea. Krisi egoera pasatzean, jendetza honek aurkituko al du beren lanpostua? Eta ikasketetan gastatutakoa zeozertarako balioko al zaio? Berreskuratuko al du gastatutako dirua? Ni, mesfidakor nago.