Euskaraz gain, zein beste hizkuntzetan moldatzen zara hizketan?
Euskararen egunean gu guztiok gara zorioneko, eta era berean euskaldun izatearen gazigozoen lekuko. Baina, jakin badakizkigu hizkuntza gehiago ere.
Euskaldun elebakarrik egon ez dela esan ohi da, eta esan daiteke gero eta gehiago direla euskaldun eleanitzak, hiru hizkuntza edo gehiago erabiltzeko gai direnak. Gazte direnek ingelesez ikasi dute eskolan, zaharragoek frantsesez eta borondatez ere asko dira atzerriko hizkuntza ikasteari ekiten diotenak. Azken aldian, halabeharrez alemaniera da modako hizkuntza. Datuen arabera, euskal herritarren erdiak gutxi gora behera, bertako hizkuntza ofizialaz gain, badu besteren baten ezagutza.
Ikasteak ez du esan nahi hizkuntza menperatzeko gaitasuna dugunik. Ohartu bestela D ereduan ikasirik euskara oso traketsa eta baldarra duten gazte andanaz. Berbera ingelesarekin: eskolako eremutik atera orduko ardi galduen gisan dabiltzanak Ingalaterran, mimo senaren laguntza beharrezkoarekin.
Jakin nahi dugu ea hizketan maneiatzen zaren atzerriko hizkuntzetan. Gauza bat irakurtzeko gai izatea da, irakurritako hori ulertzea, bestea, aldiz, ahoa ireki eta hizkuntza horrekin, asko ala gutxi, komunikatzeko gaitasuna izatea. Horra ba galdera: Euskaraz gain, zein beste hizkuntzetan moldatzen zara hizketan?
RT @zuzeu: Euskaraz gain, zein beste hizkuntzetan moldatzen zara hizketan?: Euskararen egunean gu guztiok gara zorioneko,… http://t.co …