Asteko inkesta: zu zeu greziarra bazina, zer egingo zenuke?
Ez dago erraza asmatzen, kamarada. Baina jar zaitez Calista eta Aristo zure lagun greziarren azalean. Areago, zeu zara Calista, zeu zara Aristo. Zer egingo zenuke zeuk haien lekuan?
Gutxi edo asko badakizu zer eskatzen zaion Greziari Europa deituriko entelekia horretan jarraitu ahal izateko: odolkiak ordainetan. Eta BEZA igotzea, erretretak jaistea, zorra osorik ordaintzea… Labur esanda, lehendik zetorren austeritate egoera gogorrari, baldintza are latzagoak gehitu eta balizko hazkundea zalantzan jartzea.
Honez gero badakizu hau eta hura, ezinezkoa baita Greziarren krisiari buruzko ezer entzun gabe bizitzea. Besteak beste, bere motoan igota, Varoufakis oso gizonezko jatorra iruditzen zaizu, ez da hala?
Bai, baina zuk zeuk, zer egingo zenuke zenuke Tsiprasek dakarren irtenbide pozoituaren aitzinean? Ezin duzu ihes egin: harrapatuta zaude, greziar guztiak bezala.
Laugarren aukera hartzen baduzu, “Beste zerbait eginen nuke”, iruzkin hauetan bertan kontatu zer den eginen zenukeen hori. Mila esker.
Zail dauka Greziak, eta behar egoera batean men egitea beste aukerarik ez. Bada zerbait merkatuen eta negozioaren aro honetan kontuan hartu beharko genukeena. Kapitalismoak, liberalismoak eta merkatuek, kapitalak hitz baten, oszilazio eta gorabeheratan lortzen dute negozioa eta etekina handitzea, hau da, egoera egonkorrak kontrako zaizkie (ukatzen bada ere), eta oso ondo edo oso gaizki doazen merkatu esparruetan mugitzen dira erosoen. Arriskua negozioaren parte da, eta krisi egoeratan ere dirua irabazten dela da kontraesana, eta kapitalari berdin zaiola nork sufritzen duen, etekina handitzea da xede bakarra. Krisiak bilatu eta baliatu egiten direla da errealitate tristea, merkatua mugi eta aztora dadin kapitalaren eta negozioaren menera.
Zalantza honako bien artean legoke: batetik, eman tiro bat buruan eta seko edo betiko koman gelditu, ala bestetik, bota zure burua amildegitik, horrela igual zorte pixka batekin bakarrik paralitiko geldi zaitezke-eta, denbora luze eta zailtasun handiekin noizbait erdipurdi oinez ibiltzeko gai izanen zaren esperantzari eutsiz.
Alegia, troikaren “erreskatea” irentsi ala eurotik eta mendebaldeko bloketik atera. Erraza da horrela esatea baina, amildegiak aukera hobea dirudi.
Beste zerbait eginen nuke: ospa
Tira, bere txarrean Greziak zortea ere badu halako hondamendia 2010eko hamarkadan pairatzeaz, non mundu mailako hegemonia politiko-ekonomikoa ez den jadanik bloke bakar baten inguruan soilik biltzen. Latzagoa litzateke Mendebaldearen monopolio absolutu izan ziren 1980-2000eko hamarkadetan zehar tokatu izan balitzaio, hegoamerikarrei bezala. Egon badago alternatibarik, baina politikoki, ekonomikoki, kulturalki eta historikoki gertuko izan den Mendebaldeari bizkar ematea esan nahi du horrek eta zalantza dut benetan hain urrutira iristeko prest ote dauden greziarrak (edota beste inor). Historiaren pisua astuna da eta alternatiba hori “antinaturala” izateaz haratago joko-taulatik horrela irtetearen ondorioak lazgarriak izan daitezke oso. Ukraina ekialdean badute horren berri.