Hegemoniaren prezioaz

Hegemoniaren prezioaz

Gehiengoak artikulatzea, toki komunak, hegemonia. Duela bizpahiru urte arte apenas entzuten genituen hitzok orotariko mugimendu, alderdi, pentsalari, politologo eta kazetariren ahotan dira orain, politika egiteko -ez politikariek soilik- modu edo ikuspegi berriak martxan diren seinale. Berriak diot, baina jatorriz, 1891n jaiotako Antonio Gramsci pentsalari martxistarenak dira kontzeptuok. Ez da kasualitatea, hortaz, azken urteotan ernatutako mugimendu hainbatek behin eta berriz italiarra gogora ekartzea.

Diskurtso zein praktika esentzialista eta erromantikoenak ingurua aldatu eta helburu politikoak lortzeko ezgauza izan dira, Europan bederen, azken hamarkadatan. Sozialdemokraziak eta ustezko ongizate estatuak, kriminalizazioan aditu egin diren medioen eraginarekin batera, itzali egin du iraultzarako itxaropen oro. Horrek mugimendu ezkertiar zein independentista iraultzaileenen frustrazioa eta ondoriozko estrategia aldaketa ekarri du, eta aldarrikapen erradikalenak -uler bedi erradikal = errotiko – gehiengo batek onartu ahal izango lituzkeen aldarrikapen orokorragoen atzean edo azpian geratu dira.

Ustezko ongizate estatu horri eusteko ezintasuna erakutsi duten instituzioen aurkako haserre olatua baliatu eta euren gabeziak frogatzea da erronka; behingoz, “demokrazia liberalon” praktika autoritarioak agerian utziko dituen demokratak izan eta gehiengoaren alternatiba bilakatzea. Horrek ordea, badu bere albo-kaltea ere: gehiengora heltzeak borrokak lehenestea dakar, eta horrek, ezinbestean, aldarrikapen batzuk bigarren mailan utzi edo are, traizionatzea;diskurtso eta praktika politikoak komunikazioa, marketinga eta estrategiaren arauetara moldatzea, alegia.

Podemos eredua

Ziur asko Podemos da estrategia berriaren erakusle nagusiena, bai espainiar estatuan bederen. Ikus-entzunezkoen garrantziaz jabetuta, urte luzez telebistaz telebista aritu den Pablo Iglesiasek biztanleria guztiak ezagutzea lortu zuen, politologo eta aditu talde handi baten laguntzarekin. Bestetik, euren burua ezkertiartzat jo beharrean, bereizketa hori saihestu eta engainatua sentitzen den herritar oro konbentzitzeko diskurtsoa osatu dute, demokrazia (herriari erabakitzeko aukera ematea) oinarritzat hartu, eta ustelkeria etengabe salatuta. Nork ez luke bat egingo aldarrikapen horiekin? Gainera, euren oratoriarako gaitasunak agerian utzi du egungo politikari gehienen gaitasun falta. Kasta esaten dioten horrek Podemosen aurka hitz egiten duten aldiro, boza gehiago lortzen ditu alderdiak. Estrategia irabazlea da.

Hegemoniaren prezioaz

Ustez jokabide populista dena gogor salatu dute PP eta PSOEk, baina baita Podemos bera baino ezkerrerago kokatzen diren mugimenduek ere. Aurrera egin ahala, eta Espainiako Gobernura iritsi nahi badute, euren jatorrizko militantziaren aldarrikapen asko albo batera utzi beharko dituzte. Kostako zaie ezkertiarrenak pozik mantentzea gehiengoa eskuratzeko eskuindarragoak ere erakarri nahi badituzte. Berdin gertatuko da independentziaren aldeko eta espainiar nazionalistekin. Oreka hori kudeatzea dute erronka.

Kataluniako eredua

Orain gutxi pentsaezina zen arren, Katalunian ia bi miloi lagun (gutxienez) daude egun independentziaren alde. Zalantzaezina da mugimendu herritarrak izan duela protagonismoa orain gutxi arte, baina bistan da mugimendu hori gidatu eta bultzatu dutenek ere diskurtso integratzailearen aldeko apustua egin dutela hasiera hasieratik, aldarrikapen zentral gisa erabakitzeko eskubidea hautatuta independentzia lehenetsi beharrean. Espainiako Gobernuaren etengabeko ezetza hauspo ezinhobea izan da gero. Alderdi politikoek ere egoera ondo irakurri eta erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena mantendu dute, gobernu zentrala higatzeko tresna ezinhobea dela jakinda. Desobedientzia eta erakustaldiak uztartuz, apurka apurka ari dira Espainiaren murruak pitzatzen.

Hegemoniaren prezioaz

Baina dena ez da horren ederra. ERCk aspirazio neoliberalak nagusi diren independentismo bat gidatzea onartu behar izan du, uko egin behar izan diote Països Catalans-en batasuna aldarrikatzeari eta akaso, azkenerako, independentzia berari ere egin beharko diote uko bestelako formularen baten truke.

Euskal Herrian zer?

Ezker abertzaleak ere hegemonia Gramsciarra du helburu estrategia berriarekin. Diskurtsoak, borroka-moldeak eta aldarrikapenak ere egokitu dira horretara. Amnistia errebindikatzetik, giza eskubideak aldarrikatzera, esaterako. Ikusteko dago ordea, gehiengo izatera iristeko traizionatu beharreko aldarrikapeneterako prest agertuko den, eta bide horretan zer gerta litekeen lurraldetasunaren aferarekin, gatazkaren konponbidearekin…

arraiz

Bestetik, EAJ indefinizioan eroso dago oraindik, baina hori ere amaituko da lehenago edo beranduago. Kataluniakoak aurrera eginez gero, eta krisi ekonomikoak ere bai, posizio jakin bat hautatu beharko du bozak batera eta bestera ez diezaioten alde egin. Baina ziur asko, ezker abertzaleak baino are zailagoa izango du oreka mantentzea, independentista ez diren asko baititu boza ematen diotenen artean.

Eta tartean, Gure Esku Dagoren jarrera erabat integratzailea, zeinaren ibilbidea, ziur asko, bi alderdi abertzaleen jokabideak baldintzatuko duen. Hegemonia erronka, hortaz, ikusteko dago zeren truke.

Hegemoniaren prezioaz Hegemoniaren prezioaz

6 pentsamendu “Hegemoniaren prezioaz”-ri buruz

  • Asier Mirón 2014-11-14 15:50

    Oso ondo dago azalduta Hegemoniaren kontzeptua baita ere gaur egungo testuinguruan kokatuta. Ez naiz luzatuko mugikorrean idaztea zaila baita. Bakarrik mesfidantzaz aitortzen duzun galderari eutsiko diot. Zeren truke..? Batzuetan pentsatzen dt erosoago sntitzen garela gure posizio autentikoak eta esentzialak behin eta berriro aldarrikatzen ( nahiz eta lortu nahi ditugun helburuak gero eta urrunago egon) helburuak horiek lortzeko estrategia “eraginkor” eta erreal bat martxan jarri ordez. Iraganeko diskurtsoak gaur ez dute baliorik eta agian, denon ardura izan da, garaipena erabatekoa izanen zela pentsatzea… Baino ez da horrela izan eta ez dt uste inoiz horrela izango denik…Hori ez du esan nahi irtenbidea eta eraldaketa bozken bidez eta eliteen arteko itunetatik iritsiko dela (hortik ere). Oinarrian, beti gertatu den bezala, herri mugimendu sendoa ez badago, orduan zailagoa izango da, bigarren edo hirugarren tokian geratu diren aldarrikapenak eztabaida politikoaren erdigunean kokatzea. Eta hori… ;))

  • Euskal Herrian zer? Euskolabel kaka.

  • Amonamantangorri 2014-11-14 19:38

    “Yo no soy socialista, la América de hoy, la América que viene, requiere un salto adelante, vamos más allá del socialismo e incluso más allá del capitalismo salvaje como lo llama el Papa Juan Pablo II. Yo creo en un proyecto humanista, un proyecto incluso integral”.

    “Propongo una tercera vía, un modelo capitalista pero con rostro humano”.

    Horrelako gauzak esaten zituen telebistan Hugo Chávez Frías zenak 1997ko hauteskunde kanpainan. Alegia, Sobiet Batasuna erori eta urte gutxira, Latinoamerika osoan eskuineko gobernuz inguratuta eta Kuba oraindik bakar-bakarrik zegoela. Momentu hartan, XXI. mendeko sozialismoaz hitz egitea martzianada bat zen. Eta gero begira nolako kristoak montatu zituen gizon hark.

    Traizioaren eta malgutasunaren/pragmatiskoaren arteko aldea zein den, hor dago koxka.

  • 1-Katalunian hasieratik independentzia izan da diskurtsoaren muina eta motorra (Asanblea Nazionala); eta ez erabakitzeko eskubidea.
    2-Gramsciren alderdi komunistak sekulako porrota jaso zuen faszismoaren aurrean.
    3- Gaur egun egiten ari diren Gramsciren teorizazioaren manipulazio berbera “Eurokomunismoak” egin zuen (Italia eta Espainiako alderdi komunistak gehienbat) 70ko hamarkadan; eta beranduago Euskal Herrian Euskadiko Ezkerrak.
    4-Gramscik ez zion batere ekarpen teorikorik egin nazio askapenerako.
    Zertara dator “berreskuratze” hau?
    5-Gramsci gizajoa.

    • Amonamantangorri 2014-11-15 03:43

      1- Katalunian, ezker nahiz eskuin, Espainiarekiko adostasuna bilatu dute federazioaren bitartez. Pragmatikoak izan dira beti. Federalismoaren proiektua agortua gelditu delarik hartu du indarra independentismoak. Errua Madrilgo politikeroena da, ergel, harroputz eta itsu totalak baitira.
      2- Porrot erlatiboa. Frantzian eta Italian PCko ministroak izan ziren gerra ondoren. 70 eta 80eko urteak arte, alderdi potenteak izan ziren beren estatuetan. Bilatu zergatik dagoen Frantziar Errepublikan Électricité de France bezalako enpresa publiko bat eta zergatik den han unibertsitateko matrikula dohainik.
      3- Gramscik fama txarra du zenbait koadrillatan, Europa mendebaldeko PC horiei dieten gorrotagatik. Hala ere, hori ez da aski Gramsciren lan teorikoa osorik errefusatzeko (inor izutu baino lehen, diodan ez dudala Gramsci irakurri, ezta hark berrirakurritako Maquiaveloren “Printzea” ere).
      4- Ba omen dira baita eskuindar petoak ere, Gramsciren lanetatik irakasgaiak atera dituztenak. Hegemoniaren nozioa oso interesgarria da politikan garaile izan nahi duen edonorentzat. Ez dakit zergatik abertzaleek ez duten harengandik irakaspenik atera behar.
      5- Bai jauna. Kartzelan hil zen, gixajoa.

  • nazio askapenerako …borrokari.