eTB1 eta eTB2

etb1

ETB1 eta ETB2

Abuztuaren amaiera; udako oporretatik bueltan.
ETB1 ikusten jarri eta gure hizkuntzaren errealitate narrasean burua oinetaraino sartu, dena bat.
Arrazoia? Aranzadi Urduñan egiten ari zenari buruzko albistea. Partaideen lekukotasuna, behar bezala, euskara hutsean… harik eta nori, eta Pako Etxeberria forentseari, ezin euskaldun petoagori, egokitu zitzaion arte. Orduan –o! ustekabearen ustekabea!– Pako gaztelania dotorean mintzatzen!

Zalantza, beraz: ETB2rako prestatutako elkarrizketa azken unean ETB1erako ere aprobetxatua? Gizagaixoak! Haiei ere iritsi zaiek krisia eta aurrekontuen murrizketa!
Handik ordu erdira, ETB2 delakoa jasaten. Iristen da Urduñakoa: Pakorena erdaraz, noski, eta, halaber, ETB1erako euskaraz mintzatu ziren beste partaide guztiena ere… Denak gaztelania puruan.

Orduan ohartu etbko artezlarien (artezilarien?) logika inplizituaz: irain bat izango huke pertsonaia inportanteena hizkuntza hegemonikoan esaten duena gero indigenen eran ere errepikatzen jartzea; hori bai, bigarren mailako arkeologo-historialari horiek erraz komentzituko dituk: hizkuntza bietan egin ditzatela adierazpenak!

ETB1

Hizkuntz politika aratza:

  • Euskaldun gutxik ikusten gaitiztek,txo; beraz, mantenuzko gimnasia haientzat: programa errepikatuak, pilota-partidak, interes eskaseko saioak…

Eta larunbat-igande arratsaldeetan, sutondoan amona eta aitona baizik ez daudenean, meza santuak, mexikar abestien emanaldiak, tango-txapelketak, hitzik gabeko saioak…, ezaguna baita gor daudela aiton-amona euskaldun gehienak, mexikarrak pilo bat gustatzen zaizkiela, eta iloba txikiak bitartean ordenagailuan edo watxapeatzen dabiltzala, telebistari erreparatu ere gabe.
Inoiz intereseko zerbait emanez gero, arazorik ez elkarrizketak eta adierazpenak gaztelaniaz, gaztelania puruan emateko, ezaguna baita euskalduna definizioz dela elebiduna, gaztelania eta euskara arazorik gabe ulertzen dituena.
Ikusle inozoaren galdera baboa, bat-batean:

  • Ezinezkoa ote, gaztelania hutsez diren adierazpen eta mintzaldi luze horiek ETB1ean euskaraz laburturik ematea? Euskaraz bakarrik, alegia.

Euskaldun belarriaren patua: salbuespenik gabe, gaztelaniazko diskurtsoa –ezetz bat bera ere topatu frantsesez, ingelesez edota errusieraz burutua!– jasan beharra. Baita ETB1ean ere.

ETB2

Euskal TeleBista izenez, definizio bakarra izanaz: euskaldun komunitatearen ezabatze sistematikoa garatzen diharduen telebista publikoa.
Latza eta ikaragarria ETB2k objektiboki burutzen duen funtzioa, linguistikoa eta kulturala nagusiki.

Esatea bera ere gogorra bada ere, ETB2k EZABATU egiten du euskararen eta euskaldunen presentzia. Hutsaren parean uzten du euskal komunitatea. Ez balego bezala jokatzen du. Urtu egiten du, errukirik gabe, euskaldunon zingiratxoa erdaldunen ozeanoan. Euskalduna ez da ezer ETB2rentzat. Zapaldu beharreko zomorroa besterik ez.

Monolingue izateko erabakia hartu duen erdal komunitateak inoiz ez du ikusiko euskaldunik ez euskal kulturarik ETB2n. Akaso, folklore baskoa.

Eta euskarari dagokionez, ETB2ren armak oso dira ezagunak: bere saioetan –berdin “teleberri” zein tertulia, erreportai edo saio burutsu– ez du eragozpenik euskaldunak, euskaldun guztiak, erdaraz mintzaten jartzeko.

Azpitituluen errekurtsoa beste hizkuntzetako jendearentzat asmatua da, ez euskaldunontzat. Hemen denok baitakigu gaztelaniaz.

Horixe ETB2ren “filofosofia”.

Eta Hizkuntz Politikaz arduratzen diren politikari euskaldun-euskaltzale-abertzaleak, pozik.
Vamos por el buen camino” esango dute irribartsu ETB2rako adierazpenetan.

Eta ondo grabatua geratuko denez, ez dute gero hori bera euskaraz errepikatu beharko ETB1erako, hemen, ezaguna denez, denok baikara gaztelaniadun.

(J.U.)

12 pentsamendu “eTB1 eta eTB2”-ri buruz

  • Asier Larrinaga 2014-09-18 18:34

    Pako Etxeberriak ez daki euskaraz.

  • Nire esperientzia:
    Behin ETBko galderei erantzutea egokitu, eta aldez aurretik esan zidaten langileek: euskaraz eta erdaraz, mesedez. (Stress unea! Zer egin, irentsi, diskurtsoa bota…). “Bueno, ez zait oso egokia iruditzen ETBk erdaraz egiteko eskatzea…”. “A, nahi duzun bezala. Baina orduan ez dute telebistan emanen.” Azkenean euskara hutsean egin, eta eman egin zuten, azpitituluekin. Kaskagogorrak izan behar?

    • Arrazoia, alperkeria. Telebista mundua ezagutzen dugunok ba dakigu askoz errazagoa dela irudia eta ahotsa dituen bideo bat euskaraz editatzea eta beste bat gazteleraz. Euskaraz bakarri egiten baduzu, kazetariak eta bideo editatzen dutenek lan gehiago izango baitu. Bideoa itzuli egin behar, ondoren azpitituluak idatzi behar, bideoan txertatu…
      Beraz elkarrizketatuak itzulpenaren lana egiten badu, lan bat gutxiago izango du.

  • Peru Dulantz 2014-09-19 08:20

    Erabat ados artikuluarekin, baina datu zehatzak ematen direnean konprobatzea komeni da, Pako Etxeberriarena kasu.

  • Amonamantangorri 2014-09-19 17:38

    Politikari, kulturgile, ekintzaile sozial eta abarren adierazpenak, tira. Nire ustez larriena da, herritar normalei telebistako editoreen lana egiteko eskatzen dietela. Nik kameren aurrean nire iritzia edo lekukotasuna ematen dudalarik, ez dut inoren lana egin beharrik.

    • “Politikari, kulturgile, ekintzaile sozial eta abarren adierazpenak, tira.”

      Eta horrela, espainiararen menpekotasuna daramagu eguneroko erosotasunean.

  • i love etb4 2014-09-20 09:02

    ETB2
    Radio Euskadi
    Vocento taldea
    Noticias taldea
    GARA

    Guztia espainieraz.

  • Alderdi abertzale ustez euskaltzaleek badute iritzirik EiTB talde publikoaren hizkuntz politikari buruz? Edo Sálvame ikusten ematen dute eguna, eta beraz, jakin ere ez dakite EiTB-n zer gertatzen den?

  • Orain ere hementxe, ETB1 ikusten.
    Cuco Ciganda, natural-natural espainieraz, bere gordinean, ez azpititulu eta ez ezer.
    Esquerric asco, ETB1!

    • Bai, alderdi abertzaleek inportantzia handia ema beharko liokete ETBren gaiari, programazioari, langileen hizkuntza jokaerei eta, Nafarroan, bereziki ETB3ren gaiari.
      Baina nik uste dut ez duela zentzu handirik gaztelaniaz ari den bati euskarazko azpitituluak jartzea. Zertarako? Norendako? Are gehiago, uste dut batzuetan “paripe” hutsa ere egiten dutela horrekin: nik ikusi izan ditut programak gaztelaniaz ETB1en (eskiari eta abarri buruzkoak), euskarazko azpitituluekin. Hobeki legoke filmak euskaraz jartzea gaztelaniazko/frantsesezko azpitituluekin. Horrela, familia osoa euskalduna ez den etxeetan ere jar liteke ETB1.

  • Ados, Naparroan. Euskarazko azpitituluak jartzeak gaztelaniaz ari denari, soilik Iparraldeko ikusle gutxi batzuei laguntzen die, baldin eta gaztelaniaz ez badakite (askok eta askok bai).
    Zuzenena, euskarazko itzulpena ahoz ematea litzateke,gaztelaniazko jarduna estaliz.
    Bestea paripea da, ados. ETB1eko programazioaren atal asko paripe hutsa den bezala.
    Arazoa da alderdi abertzaleak ere, paripean master (and comander) direla.

  • Justifikazioa lirudikeen arrazoi hutsa.

    Irakurle xume orok bezala, Kligek eta Kligeroek inguruko komunikabideak dituzte iturri nagusi.

    Klig ez da –eta ez da inoiz izan– “pomada”ren sekretuaren jakitun eta ez partaide, irakurle gehienen bizitza sozial arrunta egiten baitu. Tamalez edo zorionez.

    Kligeroek, halere, ohitura ezohikoa daukate: euskaraz irakurtzen dute, baita testu bera erdaraz dagoenean ere.

    Jakina, Pako Etxeberria euskaldun petotzat kalifikatzeak irakurketa mota hori izan du iturri.

    Prentsan edatetik eta hartaz fidatzetik datorkio, beraz, ustezko akatsa, Kligek forentse ospetsuaz dituen erreferentziak zeharo mediatikoak eta mediatizatuak baitira.

    Baina beharbada J.U. Kligeroa gehien despistatu duena orain lau bat urte Berrian azaldutako albistea izan da, zuzen-zuzenean egina dirudien elkarrizketa digitala euskara hutsean eskaintzen baita, itzultzailerik egon izan denentz adierazi gabe (http://www.berria.eus/elkarrizketak/216/lege_info.htm).

    Bistan da gertaera horrek beste artikulu baterako abiapuntuan jarriko gintuzkeela, baina aparkaturik utziko dugu momentuz.

    Eskerrik asko.

    Klig