Tolosaldean jende arriskutsua dabil!

Tolosaldean jende arriskutsua dabil!Ez da egia euskararik onena Tolosan egiten zela. Euskararik onena Bakion egiten zen, aspaldiko urteotan castellanoserrau-zaleago gabiltzan arren. Baina egia da Tolosaldean jende “arriskutsu” andanatxoa dagoela. Euskararen egungo estatus tristea arriskuan jar dezakeen jendea, erran nahi baita. Horra Hartsuaga, Odriozola, edo Otamendi, edota hain ezagunak ez diren Bengoetxea, Rezola, edota Larrarte, Mateo, Azkue, eta beste batzuk. Kike Amonarriz izango da ezagunena beharbada. Ez da harritzekoa.

Berriak euskaltzaleon gozamenerako plazaratu duen elkarrizketa sorta bikainari azkena emateko Kike aukeratu dute. Elkarrizketa apaintzeko aukeratutako argazkia ere, ezin aproposagoa. Izan ere, Amonarriz zerbait bada, zubigilea da. Alde batean eta bestean muturturik dauden euskalgintzako eragileekin aldarte onean jarduteko, eta horien artean loturak egiteko aukerak sortzeko gauza bada inor, bera da nor. Horra elkarrizketa mamitsutik aukeratutako pasarte batzuk. Komeni, osorik irakurtzea komeni da, baina.

Krisi ekonomikoak eragina du, euskarazko hedabideen kontsumoan oso-oso makal gaude, erabileran ez da egon hobekuntza nabarmenik orokorrean, etxeko erabileraren datuek beldur bat sortu dute… Daukagun egoeratik jauzi kuantitatibo-kualitatibo bat egiten hasteko unea iritsi da.

Paradigma aldaketa ez dago lotuta soilik egin beharreko aldaketekin eta garatu beharreko alorrekin —eta asko dira—, baizik eta euskalgintzaren barruko jarrerak, harremanak eta diskurtsoak berritzearekin. Berritu, indartu, sustatu, adostu. Euskalgintzan lanean ari garen guztiok —eta hor sartzen ditut euskalgintza instituzionala eta soziala— lortzea gure indarrak optimizatzea, estrategia minimo komun batzuetara iristea, eta aktibatzea ekarpen eta dinamismo soziala eta instituzionala. Jokoaren zati handi bat hor dago. … bide integratzaile bat, zoru komun bat definitzen duena, euskararen aldeko indar guztiak eroso samar senti daitezen, norberak bere ikuspegi, sinesmen eta asmoei uko egin gabe.

Norabidea ondo aukeratuz gero, orain arte euskarara gutxi hurbildu diren sektore asko hurbiltzeko aukera izango dugu, eta erabilerarako jauzia eman ez dutenek egiteko aukera ere izango da.

Gidaritzak Konpartitua izan behar du… Orain arteko konfrontazio giroaren ondorioak nozitzen ari gara. Hori da gainditu beharreko puntu nagusietako bat: norberak bere ardurak ditu, denok dugu elkarren beharra, eta denok dugu elkarren errekonozimenduaren beharra. Gero eta garbiago dago badirela eremu batzuk non erakundeek hartu behar dituzten erabakiak eta ardurak, eta beste batzuk non gizarteak eta gizarte erakundeek izan behar duten gidaritza. Inportantea da norabide beretsuan joatea, eta ez elkar ezabatzeko moduan. Gauza asko, proiektu asko, bide asko, bidean geratu dira, elkarren kontra jo duten bi indarren eraginez. Ahalegin asko bide erdian geratu da. Hurrengo urteetan gainditu beharko genukeen posizioa da. Ezinbestekoa izango da minimoetara iristea, oinarrizko adostasun batzuk lantzea.

Eskolari aitortu behar zaio ikaragarri egin duelaBaina ez da nahikoa. Udalak, herrietako gizarte eragileak, guraso elkarteak, familiak sartu behar dira. Haurren eta gazteen ingurune sozial gertua. Hiru ildo ikusten ditut: Lehenik, ikastetxeetatik sor litezkeen lan ildoak, eskola orduz kanpoko jarduerekin lotuak. Bigarrenik, haur + gazteekin lotutako esparru egituratua, eta hor udalek erantzukizun handia dute, kasu askotan landu ez dena: zonalde askotan, eskola orduz kanpoko jardueren euskarazko eskaintza txikiegia da, eta horrek ez du aitzakiarik; haur eta gazteei zuzendutako ekintza guztiek, salbuespenak salbuespen, euskaraz behar dute, are gehiago etorkin berrien seme-alabak integratuko badira; hizkuntza motibazioa lantzeko leku egokia da. Hirugarrenik, gurasoak eta familiak; landu da esparru hori, baina pista gehiago eman behar zaizkie gurasoei. Sorpresa da ikustea nolako galderak egiten dituzten oraindik. Galdera batzuek masiboki erantzunda egon behar zuten jada: etxeko lanen ingurukoak, dakiten euskara apurra erabiltzea ona den edo ez, zertan lagundu dezaketen…

Euskararen erabilera nagusia izango den esparruak sortu, mantendu eta indartu beharra nabarmentzen da arnasguneen filosofiarekin. Normalizazio prozesua oso asimetrikoa izango bada, oso ondo zaindu behar ditugu indartsuen dauden guneak, izan geografikoak edo funtzionalak. Eta, gainera, horiek irradiazio gune bihurtu behar dira, eta daukaten balioaren kontzientzia eman. Horrek lagunduko du Bilbo lehenago euskalduntzen… Euskara landu, gozatu, bizi nahi duen Bilboko pertsona batentzat Lekeitio edo Ondarroa oso gune erreferentzialak izan daitezke.

Hala ere, puntu bat azkenerako utzi dut, ez nauelako betetzen. Honakoa:
“Askoz ere diskurtso integratzaileagoak, ez hain historiko-etnizistak behar ditugu, gehiago lotuak etorkizunarekin, bizikidetzarekin eta ongizate mailarekin.”
Nik uste dut euskararen historiaz, adibidez, ezer gutxi dakitela euskal herritar gehien-gehienek, zero-patatero ez esatearren. Euskararen historia eta bilakaeraren zergatiak landu eta zabaltzeko behar gorria daukagu, nire uste apalean. Izan ere, dagoeneko integrazio-hizkuntza nagusia ez da jadanik euskara, gaztelania baizik, ia Euskal Herri osoan, eta “ia” barik beharbada. Hortaz, euskara ikasteko eta euskara erabiltzeko arrazoiak landu mahai gainean jarri beharko ditugu ezinbestean, nire ustez. Eta egungo egoeraren zergatiak ezagutzera ematea horietako bat da, zalantzarik gabe.

Tolosaldean jende arriskutsua dabil!

5 pentsamendu “Tolosaldean jende arriskutsua dabil!”-ri buruz

  • Gaztelera integratzailea da? Jendea erakartzen du? Ez. Beharrezkua da jakitea ta ez dago trabarik ez jaiteko ez erabiltzeko.

    Benetan ez dudala ulertzen beti jendea erakarri behar dela erraten danean, ze hizkuntza erakartzen du jendea? Ez dago jendeak behartuta edo beharko dulako ikasten ditu beste hizkuntzak, gehiengo zabala behintzat, beraz horrelako idei gutxigo ta legez behar haundigo.

  • Asuntoa ez da erakartzea, gauza da, Telebista, zinema, irratia… komunikabide gehienak erderaz daude, parlamentuan, erderaz ere egiten da… kolonia espaniar eta frantsez bat garen bitartean, ez dago erremediorik…. independentzia behar dugu hontan ere!

  • Ados nago iruzkinekin. Nire ustez Euskarak behar duena da ofizialtasuna eta derrigorrezkotasuna alde batetik, komunikabide eta arlo publikoan presentzia gehiengo bat bestetik eta euskal gizartea argituko duen ideologia egiazko eta puru baten hauspoa azkenik. Horretarako Euskal Estatu Nazional bat behar dugu, baina ezin gara egon estatuari itxoiten eternitate osoan, nik estatuaz gaindiko “para-estatu” edo ezkutuko estatu etniko paralelo ez-ofizial baten sortzea proposatzen dut, Ezker Abertzaleak orain 10 urte arte zituen egitura ezberdinen antzeko zerbait baino askoz asmo handiagokoa. Juduek diasporan dituzten erakunde eta sare etnikoen antzera

  • Idoyita Montaña hau bezalako lotsagabeak erakarri behar baditugu, gureak egin du.
    http://www.berria.eus/albisteak/94800/euskarasustatzekodiruaneurrianematekoeskatudu_mendiak.htm