Titinen haserrealdia

Titinen haserrealdia –

Titinen haserrealdiaJada aste batzuk pasa diren arren, gehiengo batek edukiko du gogoan eskuz binakako txapelketako partida baten ostean, Euskal Telebistako kamera eta mikrofonoa testigu, Titinek botatakoak. Laburtzearren, esan genezake asko hitz egin eta ezer esan ez zuela. Baina, azpi-testuaren irakurketa eginaz, epaileen erabaki konkretu batzuk eta enpresak txapelketan zehar jarritako materialarekiko haserrea nabarmendu genezake. Aspek proposatutako pilotak errioxarrentzat ez ziren aproposak, antza.

Esandako hauen harira, pilotari beteranoak azkar asko eduki zuen bere enpresaren erantzuna. Aspek, Trizioko beteranoak esandakoa erabat gaitzetsi zuen, eta bilera batera behartu zuten pilotaria. Bilera hau egin eta egun batzuetara, Titinek prentsaurreko bat eman zuen barkamena eskatuz, eta esanez hura ez zela izan momentu ezta leku aproposa esandakoak esateko. Honen ondoren kapitulua itxitzat eman zen, eta urak baretu direla dirudi.

Izan zen Sebastien Gonzalez duela urte gutxi batzuk Aimar Olaizolari buruz latzak botatzera ausartu zena kameren aurrean. Batzuk gogoratuko duzue. Aurrekari moduan ere gogoan dut Irujok Punpa pilotagile enpresaren aurka botatakoak aurreko denboraldian. Hauei pilotak egitea ahaztu egin zitzaien nonbait. Azkenik ere, Titin protagonistatzat eduki zuen Logroñoko udalak bere fitxaketa jakinarazi zuenekoak. Txistu bat edo beste eraman zituen pilotalekuan.

Futbol ligako hogei taldetatik hemezortzi desagertu diren garai hauetan, edo entrenatzaile batek besteari esandakoak partidak berak baina garrantzi gehiago duen garai hauetan, edo txirrindularitzan edozein itzuli irabazten duen hark dopin kiratsa botatzen duen garai hauetan, batek galdetzen dio bere buruari ea gure kirol maitatuenak Gonzalez, Irujo edo Titinen kapitulu  horien beharra duen jarraitzaileen interesa mantentzeko. Argi dago kasuak oso solteak direna, eta aipatutako bi kirolekin konparaketa egitea, gaur egun, zorionez, ez dela errealista. Baina, gauzei alde hori eta zitalena ateratzeko gai garen garai ero hauetan, nork daki zer etorriko zaigun. Momentuz, hatzak gurutza ditzagun entzuten ditugun hotsak pilotarenak soilik izan daitezen.

IRUNTZI DANA