Kuba: uztailaren 26a, 56 urte eta gero
Bizardunen altxamenduaren aurrekaritzat hartzen da Moncadako kuartelari eginiko erasoa eta horregatik Kubako erregimenak urtero urtero ospatzen du nazioaren asaldatze egun hori.
1952an estatu kolpe bidez heldu zen bigarrenez Kubako presidentetzara Batista. Hauteskudenak baino 4 hilabete lehenago prozesua “azkartzea” erabaki zuen, inkesten arabera hirugarrena zen hautagaiak. Urte bete beranduago Castro eta bere lagunen lehen ahalegina heldu zen hura boteretik kentzeko. Aurrez existitu ziren konspirazio txikiak, baina Moncadakoa, Batistari zuzenean aurre egin zioten lehen aldiz zen. Horregatik Ignacio Ramonetek Biografia a dos voces liburuan biltzen duen bezala, Castrok egun dio ez lukeela estrategia hartatik ezertxo ere aldatuko. Eta egiaz, iraultzak sei urte beranduago garaitu izana positiboa izan zela uste du, aurretik ez baitzeuden prestatuta.
Kubako herriaren ohorea goraipatu eta bat eginik aurrera jarraituko dutela esan zuen atzo Raul Castro presidenteak uztailaren 26ko ospakizunetan. Hitzaldi hutsa, betikoa, guztiek ezagutzen dutena izan zen atzokoa ere. Ekonomia izan zuen hizpide batik bat, krisiak mundutik deskonektaturik dirudien herrialderai ere gogor eragin baitio.
Garai berezia da egungoa Karibeko irlarentzat, EEBBekin duen harremana dela eta. Gorroto historikoak atzean utzi eta blokeoa amaitzear egon liteke. Elkar gorroto duten bi herrialdeen arteko gerturaketa aroa izan liteke, beraz. Nahiz eta oraingoz biak dabiltzan zuhurtziaz jokatzen. Noski 50 urteko ezinikusia ezin bi egunetan konpondu.
Eta azken egunotako gertakariek ere horixe eman dute aditzera. Obamak indatsu iragarri zuen aro berri bat Kubarentzat. Baina oraingoz, pausu lotsati batzuk baino ez ditu eman. Presidente aldaketarekin EEBBak Kubari ezartzen dion blokeoa berehala amaituko zela uste zutenek itxaron beharok dute, eta dezente zihur aski.
Atzokoan, Raul Castroren hitzaldian EEBBekiko adiskidetasun mezurik entzun nahi zuten horiek ere ez dira zortedun. Itxarotea tokatuko zaie horiei ere. Zuhurtziaren lehia dirudi. Ikusi beharko nor aursartzen den aurrerapausuak ematera, norbait ausartzen bada. Eta ikusi beharko Obamaren iragarpenak zertan geratzen diren.
Eta ondoren, historiak epaitu dezala.