Independentziarik gabe, botererik ez

Independentziarik gabe, botererik ez

Duela gutxi, subiranotasunik gabeko herri menderatu bat garela argi erakusten duen notizia bat irakurri dugu: Hego Euskal Herriko bi administrazioetan Espainiak dituen bi ordezkariek bultzaturik, eta Espainiako «justiziak» onarturik, «gure» instituzioek onartutako 900 ekimen salatu eta atzera bota dituzte.

Udalek, aldundiek eta EAE edo Nafarroako gobernuek (horrela deitzen zaie, nahiz eta, ikusten denez, ez duten asko gobernatzen) onartutako ekimen horiek euskara, gure kultura, gure ekonomia eta abar hobetzeko neurri gisa onartu zituzten. Eta, hara non, Espainiak ezetz esaten digun, neurri horiek (Espainiako) legeen aurka doazela, (Espainiako) konstituzioaren aurka doazela, eta zapuztu egiten ditu.

Horrek zenbait gauza pentsarazten dizkit:

– «Gure» instituzioak, Bidasoaz hegoaldean, Madrilen sukurtsal hutsa besterik ez dira. Gauza batzuk erabaki ditzaketenak, baina, kontuz!, pasatu gabe. Eta hori ez da ez gobernu, ez autogobernu. Subiranotasunik ez duen Herri bat gara, indarrez kendu zigutenetik, eta egoera hori ez da aldatu. Menderatzaile-menderatu erlazioa dugu Espainia eta Frantziarekin, eta menderatuak, noski, euskaldunok gara.

– Egoera honetan, ez dago demokraziarik, ez marko demokratikorik. «Gure» instituzioetako erabakiak botoen legitimitatea duten pertsonen erabakiak direla dio notizian, baina boto horien bitartez legitimatzen dena Espainiaren boterea da. Ez dute Euskal Herria ordezkatzen, ezin dute askatasunez lan egin, estatu arrotzen botereen menpe baitaude. Hauteskundeek soilik ez dute bermatzen demokrazia, eta gure Herria horren adibide garbia da.

– Euskal Herriak, independentzia lortzen ez duen bitartean, ez du demokraziarik ezagutuko. Independentzia lortu ondoren saiatu beharko dugu gure Herria herri demokratiko bat izan dadin. Bitartean, nola esan dezakegu zapaldutako herria, arazo nazional bat duen herria, demokrazian bizi dela?

– Herriaren instituzioak, Herriarentzat lan egiteko, ezin dira izan beste herri batek emanak eta kontrolatuak. Lan horretarako baldintza beharrezkoa gure Herria askea izatea da. Herri independenteek bakarrik izan ditzakete instituzio propio askeak. Eta, noski, Euskal Herria ez da independentea, «gure» instituzioak ere ez. Horregatik, boterea dutenek botatzen dituzte atzera Espainiak hemen dituen instituzioetako erabakiak. Nahiz eta hauteskundeen bidez demokraziarik eza demokraziaz mozorrotu nahi izan, inperialismoa agerikoa da, zeren eta arazo nazionalak bere horretan dago.

– Instituzio propioek Herriarentzat askatasunez lan egiteko beharrezkoa den independentzia ezin da gaur egun ditugun instituzioetatik etorri, askatasuna ukatzen digutenek emanak eta kontrolatuak baitira, eta ezbaitira inoiz haien interesen aurka joango. Independentzia lortzeko estrategiak etsaiaren instituzioetatik kanpo kokatua egon behar du, aldameneko bi estatuen kontrolpetik at. Soilik esparru horretan lan eginaz lortuko dugu independentzia.

Asier Ezpeleta Jauregi

Orreagako kidea

Independentziarik gabe, botererik ez

14 pentsamendu “Independentziarik gabe, botererik ez”-ri buruz

  • Kaixo Asier,
    Ados nago politikoki independentzia izango bagenu, Paris eta Madrileko instituzioekiko ari naiz, aipatzen dituzun ekimen horiek aurrera ateratzeko erraztasun gehiago izango genituela, baina, hauteskundeetan independentismoaren aukera bozkatzen dugun guztiok, gure “kontsumo” eredua aldatuko bagenu, ekimen horiek lortzetik gertuago egongo ginatekeela iruditzen zait, baita independentzia lortzetik ere.
    Badago non aukeratua: http://mecambio.net/ baita gure herrietako kontsumo taldeetan ere.
    Iberdrola, BBVA,…rekiko independentzia lortu eta eredu ekonomiko eta soziala aldatu arte, ez dugu benetako Euskal Herri independente bat izango.
    Gure pasaportea izan bitartean, baditugu eraginkorrak diren eta erraz aldatzeko “jarrerak”.
    Non kontsumitu ere, gure esku dago! 😉
    Ongi izan,

  • Hauentzat aldiz, independentzia nazionala ez da defendatu behar den eskubidea.
    https://www.youtube.com/watch?v=IXGFUVspx_8

  • Bai baina ez duzu iparralde aipatzen. Eta zer Estatu eredu nahi duzu? Aspertuta gaude Estatu ereduari buruz hitz egiten ez duten independentistekin. Ez da bakarrik kolonialismoa, gauza gehiago daude. Egia da kolonialismoak guztia bustitzen duela, baina Orreagak ez du eredu sozialaz hitz egiten… Kutxak bankarizatu dizkigute… jendea etxegabetzen dute… aber fundamendu pixka abt

  • kaixo Patri. Idaztera bultzatu nauen berria EAE eta Nafarroako instituzioek harturiko eta Españako Estatuak atzera botariko erabakien inguruko zen, horregatik idatzi dut Hegoalderi buruz soilik. Bestalde iruditzen zait estatu ereduari buruz hitzegin behar dela baina lehenago dagoela Estatu hori berreskuratzeko estrategiaren garapena. Eta noski kolonialismo ez dela gauza bakarra baina ezin dugu ahaztu kolonialismo honek baldintzatzen dizkigula eredu soziala, kutxen bankarizazioa, etxegabetzeak eta gure bizimodu osoa. Eta ez al zaude aspeturik independentziaz ez beste gauza guztietaz hitzegiten duten independentistekin?

    • Horiek ez dira independentistak. Horiek ez dute ardurarik hartu nahi. Horregatik hainbeste hitz eta pitz estatalismo serio bat ekiditeko. Baina ereduak askatzen gaitu. Diskurtso independentistak askapenaren bidea ibilaraziko diguten substantziak behar ditu: hobe biziko al gara Euskal Herriko Estatuan? Zein da gure eskaintza. Zer, antikolonialismo klasiko bat… Antikolonialismoak alternatiba integral, berritzaile eta askatzaile bat eskaini behar digu. Bestela, Asier, jai dugu.

      • Antikolonialismoaren alternatiba integral, berritzaile eta askatzaile batek askatuko al gaitu Espainia eta Frantziaren atzaparretatik? Nik nahiago dut, bitartean, horrelako alternatibarik gabeko Euskal Herri independente bat. Bai, Patri, hobe biziko gara Euskal Herriko Estatu batean; dudarik ez. Nahiago dut gaurko eredua duen Euskal Herri aske bat, eredu berdinean aldameneko bi estatu inperialisten menpean bizitzea baino.

        • Euskal Herriko Estatuarekin kolonia izateari utziko diogu. Hori egia da. Baina nolako Euskal Herria nahi dugu? Zer, Irlanda bezala? Euskararik gabeko Euskal Herria? Deskolonizazio osoa behar dugu. Hemen guztiok jakin behar dugu euskara, hori da Euskal Herriko Estatua. Eta nolakoa izango da? Ba 3.000.000 modu daude euskaldun izateko, nola moduak hala pertsonak. Hori bezain sinplea da. Zer hasiko zara, Mikel, jendeari nolako euskaldun izan behar duen esaten ala?

          • Ez Patri,, ez daude euskaldun izateko 3.000.000 modu. Euskaldun izateko modu bakarra dago: askea. Bestela ez zara euskaldun; espainol edo frantsesa zara. Euskaldun izan ondoren, Estatua berreskuratu ondoren, Estatu hori izango da 3.000.000 horiek euskara jakin beharraren bermatzaile. Hori lortzeko munduko Estatu guztiak dira adituak: behartu egiten dute. ” El castellano es la lengua española oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla.”

          • Ea Mikel, Asierrek botereari buruz hitz egin du. Azurmendik ere, filosofoak, Euskal Botereari buruz hitz egin zuen. Oso ongi hitz egin zuen. Euskaldun izateko 3.000.000 modu daude. Ni ez naiz zu bezalakoa. Kolonia izateari uzten diogun momentu horretatik aurrera Euskal Herriko Estatua izango gara. Noiz izango gara herritar guztiak euskaldun, ba denbora beharko da. Gertatzen dena da hemen euskaldun izateko modu bakarra inposatzen zaigula: frantziarra eta espainiarra izatea. Horregatik da hain garrantzitsua konstituzionalismoa. Gure berdintasuna berdintasun konstituzional bat da. Ni nazionalista baino gehiago konstituzionalista naiz. Eskubideetan oinarritutako mugimendu zibikoa. Hor, bai, Mikel, guztiak berdinak gara, baina nik nire nortasuna daukat. Ni ni naiz eta zu zu zara. Ni ez nago euskal totalitarismoaren alde. Ni Euskal Herriko Estatuaren alde nago. Eta hau da boterea. Independentziarik gabe, ez dago botererik.

          • “Konstituzionalismoa, berdintasun konstituzionala, nazionalista, konstituzionalista, eskubideetan oinarritutako mugimendu zibikoa”, euskal totalitarismoa…
            Gauza bat daukat garbi, Patri, ni ni naiz eta zu zu zara.
            Nik libre bizi nahi dut eta horretarako nire herria libre izan behar du.
            Klaudiok esan duen bezala, “Geo ikusiko deu, izozkiyak edulkorantiakin egin edo ez”.

          • Bai. Zu zu eta ni ni.

  • Klaudio atemorroia 2014-07-13 23:10

    “Gertatzen dena da hemen euskaldun izateko modu bakarra inposatzen zaigula: frantziarra eta espainiarra izatea.” Nire karnetean ESPAÑOL jartzen du, ta Urdiñarbeko bizilagun batenian, Fransuá. Hor EUskal Herria jarri arte, independentista. Geo ikusiko deu, izozkiyak edulkorantiakin egin edo ez.

    • Bai baina ez. Nola independizatzen garen garrantzitsua da. Zer, gu garen atemorroiok atea ireki, eta gero eskuina gobernuan? Deskuentoko independentziarik ez dut nahi nik. Nazionalismo gehiegi…