Bi errepublika inposatuta Euskal Herrian?
Arretaz jarraitzen ari naiz Espainiako botere faktikoek Estatuaren burua aldatzeko hartu duten erabakiak sortu duen kalapita. Botere hauek Frankismoaren Erreforman inposatutako monarkiak aurpegi garbiketa behar zuela deliberatu dute, aurreikusten dituzten erronkei eta arazoei ahalik eta hobekien erantzun ahal izateko.
Erabaki honek mugimendu errepublikazale espainiarren berpiztea ekarri du alboko ondorioa bezala. Pozez hartu dut hain antidemokratikoa den Estatu antolaketa publikoki hain agerian zalantzan jartzea.
Deigarria ere hamarkada luzeetan demokrazian bizi ginela behin eta berriro errepikatuz eta ezker independentista erasotzeko eta kriminalizatzeko, Guardia Zibilaren eta antzekoen ekintzak txalotzeaz gain, Espainiako Konstituzio Monarkikoarenaren aldeko manifestazioetara joaten ziren batzuei entzutea: orain sistema hau guztiz antidemokratikoa iruditzen zaie eta prest omen daude erreforma frankistan beraiek babestu zuten instituzio monarkikoa botatzen saiatzeko. Apur bat berandu, baina hobe hau inoiz ez baino.
Aurrekoekin jarraituz eta ezkerreko alderdiei dagokienez (PCE, IU eta antzekoak) monarkia eta errepublikaren artean erabakitzeko erreferendum bat eta prozesu konstituziogilea aldarrikatzen ari dira. Talde hauen ezkerrean dauden beste talde txiki batzuek ez daude hain ados planteamendu honekin; esaterako Red Roja talde iraultzaileak:
“El Referéndum no es la respuesta. Reanudar el hilo rojo que rompió la Transición.
Ezkerreko euskal independentista naizen aldetik ez dagokit espainiarrek zer egin behar duten esatea, nire iritzia eduki arren, eta esan bezala hoberena opa diet; berdin dit monarkia botatzeko erreferendum baten bidez ala Frantzian edo Errusian monarkiaren arazoarekin betiko amaitzeko erabili zuten bidea erabiltzen duten.
Hala ere elkartasun hori mesfidantza bilakatzen da Hego Euskal Herrian aldarrikapen berbera zabaltzen dutenean, Autodeterminazioa eta zapalketa nazionalaren gaia saihesten ala kontrako jarrera agertzen dutenean. Nahiko frogak daude jakiteko Espainiako III Errepublikaren aldekoen artean, agian gehienek, ez daukatela inolako asmorik herri zapalduen Autodeterminazio eskubidea errespetatzeko.
Adibide bat; 2007 eta 2008 urteetan PCE-IUk “Declaración de los Ayuntamientos por un proceso constituyente de la III República” zabaldu zuten udal batzuetan. Egitasmoaren gakoak honela laburbiltzen dituzte:
“Nuestros Ayuntamientos caracterizan esas reivindicaciones en las siguientes claves:
– Por las libertades y la democracia participativa.
– Trabajo y salario digno, estable y con derechos.
– Por el internacionalismo solidario, contra la guerra y por la paz.
– Igualdad para todos y todas.
Aldarrikapen aurrerakoiak eta txalogarriak, baina hamarkada luze hauetan Estatu arazoa nagusienetakoa izan den borroka nazionalari buruzko txintik ez.
Adierazpen horretan Autodeterminazio eskubidea ez dago jasota, eta lurralde antolaketari buruz honako hau esaten dute:
Hots, dekretuz pasako ginateke autonomia izatetik “lurralde federatua” (?) izatera eta erabakitzeko gunerik nagusiena Madrilen egongo zen, gaurko monarkian bezala.
Espainiako III Errepublikaren aldeko mugimenduan nagusitasuna daukaten alderdiek (PCE-IUz ari naiz) haien hizkeran Autodeterminazioa ez dutela onartuko daukate idatzita. Aldatu dute iritzia azken zazpi urte hauetan? 2014an Aldarrikatzen duten Prozesu Konstituziogile horretan sartuko dute Autodeterminazio eskubidearen benetako onarpena?
Ezkerreko euskal espainolista batzuek esaten digute gure helburu politikoak, klasekoak eta nazionalak, errazago lortuko genituzkeela Espainian errepublika bat izango balitz.
Agian bai, agian ez. Ahazten dute Euskal Herriko zati batean aspalditik “dastatzen” ari garela inposatutako errepublika bat; Frantziakoa. Eta alderaketak egiterakoan ikasgai batzuk atera ditzakegu: euskara ez da ofiziala eta bere irakaskuntza eta euskaldunon hizkuntz eskubideak Hegoaldean baino baztertuagoak, Lurraldetasuna eta instituzionalizazio erabat ukatuta, ekonomia eta legeak Parisen erabakita, oligarkia eta kapitalismoa jaun eta jabe…..
Noski, zapalketa nazionalean ez du axola Estatu zapaltzailea errepublika ala monarkia den; zapaldua eta zapaltzailearen arteko indar harremana baizik. Abagunearen arabera zapaltzaileak amore gehiago ala gutxiago eman beharko du, baina zapaldutako herriak benetako independentzia eta Estatua lortu arte lortutako eskuduntzak eta aurrerapenak itzulgarriak eta galkorrak izango dira, azken garaiotan espainiarrek onartu dituzten legeekin demostratu diguten bezala.
Ez dira gutxi izan PCE, IU eta enparauen amu oportunista hau irentsi duten eskuma eta ezkerreko abertzaleak, proposamen errepublikazale espainolistarekin bat egiten. Zuhurtzia eta koherentzia apur bat gehiago, hain mediatikoak ez izan arren, errentagarriago izaten dira etorkizunari begira, behintzat aldarrikatzen ari garena independentzia baldin bada.
Ikusteko dago noraino heltzen diren erreferendum eta Prozesu Konstituziogilearen proposamenak, baina esan bezala, elkartasuna ezkerreko espainiar errepublikazaleekin, batez ere Red Roja bezalakoek klase borroka eta askapen nazionala argi eta garbi haien proposamenean txertatzen dutenekin.
Baina PCE, IU eta antzekoekin esan behar diegu ozenki gure errepublika Euskal Herrikoa izango dela. Lehenengoa.