Ilargira bidaia, konkista ala iruzurra?
Zortzi urte lehenago, 1961ean, errusiar jatorriko Yuri Gagarin lurra orbitatzen zuen lehen gizakia bilakatu ondoren, John F. Kennedy, EEBBtako presidenteak kongresuan gizakia ilargira bidaltzea proposatu zuen. “Hamarkada hau bukatu aurretik, herri honek lan egin beharko du gizaki bat ilargian jarri eta bueltan ekartzeko”. Gerra Hotzaren borrokaldi bat gehiago besterik ez zen.
1963an hil zuten Kennedy, baina NASAk hark agindutakoa bete zuen, antza denez 1969an, Richard Nixonen agintaldian. Ezinezkoa zirudiena lortu zuten, baina hasiera hasieratik sinesgaitzak ugari izan ziren. Gizakia ilargira heltzea ezinezkotzat hartu zuten horiez gain, Apolo 11 misioak lurrera bidalitako irudietan inkongruentziak edo azaldu ezinezko xehetasunak badirela uste duenik bada.
EEBBetako bandera haizeak astintzea ez da posible ilargian, lurraren astroan ez baita haizerik. Argi iturri bakar batek eratu ezin ditzakeen itzalek ere zeresana eman dute, eguzkiko argia baizik ez baitzuten, dirudienez, Amstrong eta Aldrinek. “C” hizkia grabaturik duen arroka bat, astronautaren kaskoan ageri diren isla arraroak edota espaziuntziaren azpian kokatzen den oin marka bat dira, besteak beste, zalantzarako atea irekitzen duten detaileak. Gizakia ilargira iritsi izana EEBBetako gobernuaren eta NASAren gezurra besterik ez dela defendatzen dute, horregatik, hainbatek, eta guztia gure planetako basamortu batean errodatua izan zela uste dute.
Beste teoriarik ere bada, ordea. Ilargira joan eta eraikin baten hondakinak aurkitu zituztela diote batzuk. Interneten, NASAk ustez zentsuratutako bideoa ere ikusgai dago.
Zalantzarako gaia da, dudarik gabe. Baina horrez gain, misio hark sortzen du beste polemikarik. Gizateriarentzat, Amstronek esan bezala, suposatu behar zuen salto handiarekin zer gertatu da? Zertarako balio izan zuen gizakia ilargira ailegatzeak? Zertarako gastatu zen horrenbeste diru? Sobietar Batasunaren aurkako golpe morala besterik ez izateko kostuak handiegia dirudi.
Baina inbertsioak pena merezi izan zuela uste dute askok. Besteak beste, velcroa, mikrouhin labea, laserra edota lentillak misio hari esker asmatu zituztela diote. Agian salto handia ez, baina hala balitz, aurrerapen bat edo beste ekarri zuen pausu txiki hark.
Hemen Apolo 11k ilargian hartutako argazki guztiak ikus ditzakezue.
Jostagarria, halaber, Kubrik-en beste kontu hura: http://www.youtube.com/watch?v=hU_o3N41d1s
Duela 40 urte ilargira joan, eta gaur egun dauden teknika aurrerapenekin ezinean? Nik ere ez dut sinisten