Hodei beltzak Mordor gainean

http://alteretaego.wordpress.com

73_basque country

Argazkia: Basque Country
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 3140×3500 px (9:10)
Sortze data: 2014/01/27
Latitudea: 43º 16,277´ N
Longitudea: 2º 47,922´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon 50mm f/1.2 L
Distantzia fokala: 50mm
Irekidura: f11
Esposizio denbora: 1/250?
Sentikortasun eskala: 200 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Atentzioa eman zidan, bere garaian, Iruñea Mordor da bezala zenbait illuminati-k aurkeztu zuten ekimenak. Berez, gehiago zen Nafarroako, oro har, eta erresumako kapitaleko, zehazki, eguraldi petralaren inguruko mugimendu bat. Dena den, eta ohi bezala, errealitateak fikzioa gainditu du, beste behin.

Eguzkiaren Hirugarren Aroan kokatzen da kontatu nahi dizuedan bukaerarik gabeko istorioa. Erdiko Lurraldean bizi dira bai gizakiak, eta baita hobbit-ak, elfo-ak edo ipotxak bezalako bestelako arraza antropomorfoak ere. Eguzkiaren Bigarren Aroan sortu zituzten Mirdain elfoek sekulako ahalmenak zituzten Boterearen Eraztunak, Erdiko Lurraldeko biztanleen bizia eta arraza desberdinen arteko botere-oreka mantentzeko xedearekin. Eraztunok, baina, Sa(nz)uron Jaun Ilunak galbideratu zituen, Erdiko Lurraldeko herri denak nahieran menderatzeko.

Era estrategikoan barreiatu zituen Erdiko Lurraldean zehar: CANen utzi zuen bat, Itoizko urtegian beste bat, Ogasun eta Ekonomia sailean hirugarren bat, Iruñeko harresiko zulotxo batean beste bat… Horrela, hogeiak bere interesetarako onak ziruditen eskuetan utzi arte. Euron boterea, hori bai, igurtziaren igurtziaz, erabiltzailearen kontra itzultzen zen. Baina hori beste istorio bat da…

Eraztun Bakarra, aldiz, denetan boteretsuena, berak hain ondo irakatsitako Saruman(cina) ikaslearen esku utzi zuen, eraztunaren boterea bere kontra erabil zezakeela ondo kalkulatu gabe.

Bitartean, iluntasun hartan argitasun apur bat berreskuratzeko ordua iritsi zela iritzita, Frodo Bolsoi(rga) ile kiribildun mutil ausart bat abiatu zen, ia berak ez zekiela, ezinezkoa zirudien ametsaren bila: Eraztun Bakarra lortzea, apurtzeko eta dena berriro hutsetik hasteko baino ez bazen ere. Arraza desberdinetako lagun ugari batu zitzaizkion bidean, baita batzuetan bidelagun eta besteetan eraztuna beretzat nahi zuen etsai bezala jokatzen zuen Gollum(enez) pertsonaia sailkaezina ere. Ahotsak entzuten zituen bere burmuinean, uneko haizearen arabera aldatzen zuelarik bere aldartea: iparraldetik zetozenean Bolsoi(rga) zuen lagun; hegoa zebilenean, aldiz, Saruman(cina).

Aspaldi hasitako bidaia honi bukaera duin bat eman ahal izateko, gure lagun ausarta gaizkiaren kontrako guda honetan gidatuko duen Gandalf baten agerrera ezinbestekoa izango dela uste dut . Etortzear dagoen Gandalf hori, edonor delarik ere, lanpetuegi dago, nonbait, aspaldi honetan horrenbeste Powell, Currin eta Manikkalingam-ekin.

Bitartean, eta errealitatera itzuliz, gaur itxiko dute, faltsuan noski, Yolanda Barcina bete-betean harrapatzen duen komisioa. Dagoeneko, ez dut uste inor ikerketaren ondorioen zain dagoenik: egin dutenak ustelkeriaren zantzua duen arren, legala da; etikoa agian ez, baina legala.

Eta hortik dator aurpegi erdira bota beharko litzaiekeena: legala ez izatea bakarrik faltako zen! Edo beste era batera esanda: administrazio publikoko edozein kudeatzaileri ez zaio legalitatearen barruan mugitzea eskatu behar; hori soldatan doa. Baina gutxieneko etika bat erakustea eskatu beharko litzaiokeen minimoetako bat da.

Besteoi minimoak eskatzen trebeak baitira, denak. Minimo demokratikoak bezala janzten dituzte gainera, ahoa betean. Kontua da besteentzat minimoak eskatzea bezain garrantzitsua –edo gehiago– dela euren maximak betetzea: zertarako nahi dut txiringito bat muntatu, nahi dudanean eta nahi adina bertan eskua sartzeko ez bada?

Peter Jackson-ek ez du Euskal Herria ezagutzen. Ez zen, bestela, Zeelanda Berriraino joango bere filmak errodatzera…

Ego dixi.