Kaikuen gintonika
http://alteretaego.wordpress.com
Alter dixit.
Perspektiba hartzea da gauzak hobeto ikusteko dagoen amarrurik onena. Eta urteek, besterik ezean, hori ematen dute.
Gaupasara iritsi ez diren arren, baten faltan, parranda bi egitea tokatu zait joan den asteburuan, aspaldiko partez. Bizitzako beste edozein alorretan bezalatsu, honetan ere, entrenamendua oso garrantzitsua da. Behobiara entrenamenduz justu samar iritsi nintzen; asteburuko parranda bietara bezalatsu. Baina duintasunez gainditu ditudala, biak ala biak, esango nuke.
Baina gauzak asko aldatu dira merkatutik alde egin nuenetik. Krisiaren ondorioz izan daiteke, irakurketa orokor bat eginez, edo aguretu egin naizelako, nire irakurketa partikularrari jarraiki, baina orain desberdin edaten da. Kantitatea zen lehen bilatzen zena (nuena), kalitatea orain hobesten dena (dudana). Zurito, kalitxiki eta txupitoek, konturatzerako, trago luze eta koktelei egin diete lekua.
Baina bi gau hauek zerbait irakatsi badidate, ohitura aldaketek zeinen denbora gutxi behar duten ohitura berri bihurtzeko egiaztatzea izan da. Tabakoa, adibidez, ikaragarri bota dut faltan. Eta ez erretzearen kontua bera soilik, baita arropetan itsatsita eraman ohi genuen bekatu usainaren falta ere. Eskerrak, behintzat, tabernak ixteko adina gaitasun mantentzen dugun. Eta behin ateak itxi ostean, tabernarien lagun egiterik baduzu behintzat, hasten da lehengora buelta. Gaitzerdi.
Bestelako kontu bat izan da, dena den, bereziki atentzioa eman didana. Denok dakigu asko, gaur egun, edozeri buruz eta ez zen, noski, trago luzeen prestaketa gutxiago izango. Azkar ikasi ditut, adibidez, gintonik on bat prestatzeko nahitaezko zortzi pausuak:
- Kopa zabalean izotz ugari jarri.
- Koilaratxo luze baten laguntzaz, azkar eta denbora luzez, izotzak dantzan jarri, kopa hoztu dadin.
- Urtu berri diren izotzek bota berri duten ura kopatik atera.
- Matxarda biz punta banatik helduta dugun lima xerra argitara begira jarri, bihurtu, eta zipriztin nahikoa askatu duen unean, koparen ertzetik adoretsu igurtzi eta barruan utzi.
- Modan dagoen botilatik altzairuzko neurgailura likore kantitate zehatza isuri eta kopa barrura hustu.
- Modan dagoen freskagarri botila, astiro-astiro, kopara irauli.
- 2. pausukoaren antzerako koilaratxo batekin kolpe zehatz bi eman koparen hondoari, propietate guztiak egoki barreia daitezen.
- Marrubiak, kardamomoa, ezamihilua edo kanela bezalako gehigarriren bat (edo denak batera) gehitu.
Pentsatu nahi dut, oraindik, egongo dela trago bera litro biko Coca Cola botila hutsean eta osagaiak, noski, aliritzira nahastuz jarraitzen duenik. Tapoia itxi, gogor eragin eta, aparra jaisterakoan, ziur nago aurreko prozesua egin duenak bezain gustura edango duela.
Hori bai: botila husten duen bitartean, ez da, beharbada, Zeilango kanelak ematen dion ukituaz, maitasunaren eternitateaz, politikan dagoen gardentasun faltaz edo antzerako memelokeriez arituko. Baina, lasai egon, hurrengo egunean eguzkia leku beretik aterako da eta.
Bitartean, erdibideko ligan jokatu nahi dutenentzat nire proposamena. Hona hemen Kendall bikain bat prestatzeko minigida:
- Kopa zabalean izotz ugari jarri.
- Limoi edo laranja xerra bat jarri (eskuz).
- Beefeater, Tanqueray edo dagoen ginebra zorrotada bat bota.
- Kas, Schweppes edo Carrefour-eko limoizko freskagarria kopan hustu.
- Zumosol, Juver edo Carrefour-eko laranja xuku apur bat bota.
Lagunartean eta giro atseginean une batzuk igarotzeko nahikoa izango duzu horrekin. Eta Sevillan erosi eta Sanlukarren galdutako aterkinari barre egiteko…
Ego dixi.