Kazetaritza konprometitua

Historia aspaldiko kontua da, bai. Duela hamarnaka, ehunka, milaka urte gertatutako gauzak datozkigu burura “historia” hitzarekin. Gaur egungo gertaerak historiaren parte ez balira bezala. Eskoletako materian juxtu-juxtu aipatzen dira orain dela bost urte gauzatutako gerra edo gatazkak. Horiek ez dute eraginik gure bizimoduan, ez. Hurrengo hamarkadan ikasiko ditugu, akaso.

Kazetaritzarekin gauza berbera gertatzen da. Orain dela hamar, hogei, berrogeita hamar urte egondako kazetari handien berri ematen digute, eredugarri izango zaizkigulakoan. Jakina, ez dut ukatuko eredugarriak direla, baina denborak aurrera egin ahala, pertsona berriak murgiltzen dira kazetaritzaren munduan, eta hauek berrikuntza ekartzen diote lanbideari.

Betidanik egon da landa-kazetaritza, frantsesez journalisme sur le terrain esaten zaiona, albistea gauzatu den tokian egiten dena. Honi zentzu sakonagoa gehitzean, beste kontzeptu bat aurkitzen dugu: kazetaritza konprometitua, gertaera zailetan beraien zereginei eusten dieten kazetariek egiten dutena, gogorra izanda ere gertaeran bertan daudenak lan egiten. Baina badirudi adituentzat orain eta hemen dauden profesionalek bide hori ahaztu dutela eta teknologiez besterik ez direla baliatzen kazetaritza egitean.

Gezurra. Gezur galanta besterik ez da hori. Adibide argiak baditugu, esaterako, @larbelaitz eta @axierL.[1] Badaude kazetariak, besteek ematen ez duten informazioa emateaz gain, informazioaren iturburuan daudenak. Horiek lehenengo pertsonan bizitzen dituzte gertakariak, horiek euren balioei eusten diete, horiek kazetaritzaren maila oinarrizkoena (eta ezinbestekoena) betetzen dute: benetakoa izatea. Lekuko izan den kazetari baten hitzak eta irudiak urrea dira.

Honi buruz ez digute hitz egiten eskoletan, ordea. Kasu honek gatazka handia suposatzen duelako, akaso? Gu lan bera egiteko gai ez garelako, agian? Gazteak ez direlako eredugarriak beste gazteentzat? Profesionaltasunak gaur egun pantailaren bestaldean egotea besterik ez duelako eskatzen, ala? Nork daki.

Gogoratu beharko genuke, nolanahi ere, egungo bizipenek biharko historia osatuko dutela. Egungo profesionalak biharko profesionalen, orain bidean dauden haien, eredu izango direlako. Zertarako itxoin berrogeita hamar urte pertsona baten lana aintzat hartzeko eta goraipatzeko, mementoan egiteko aukera izanda?

Gazteek ere historia idatz dezakete.


[1] Beste inoren lana mespretxatu gabe.

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...