Goxo-goxo nagoen bitartean
Goxo-goxo nagoen bitartean
Amaren sabeletik isipuarekin atera ninduen medikuak. Burua bentosa batekin harrapatu behar izan zidaten handik irten nedin. Behartuta goxo berotik ateratzea baino ekintza krudelagorik! Jakin banu tamainako basakeria egunero sufrituko nuela, ez ninduten aise kanporatuko amarenetik.
Bada, 25 urte beranduago, berdinetan nago. Hezi ditut oinak lurrean tinkotzeko adina, olgetan balantza eta arrastakako ibilerak ia ahaztu arte. Halabeharrez teklatuari lotuta bizitzen ikasi dut, letrez osatzen aho kordek esaten ez dutena. Ekaitzaren azpian aterki ere banaiz, haize ufadak naraman arte. Baina badira bi gauza irentsi ez ditudanak. Urriaren 27 batean amak munduratu ninduela gogoratzen didaten bi gauza.
Egunero-egunero bihurtzen naiz jaio atariko haur, eta senak bertan gelditzeko esaten didan arren, beti dago irtenarazten nauen isipuren bat. Azalduko dizudana ez da tragedia bat. Txikikeria handi bat baino ez.
Izara zikinduen goxoan egon nahiko nuke beti. Ez oheari estima berezia diodalako, altxatzearen hotzari beldurra diodalako baizik. Zein une deserosoa, biluzi sentituz mundua iratzartzen duzunean. Zein asmakizun txarra, lo lasai hartzen den bezala esnatu ordez, nagikeria goiztiarrez ziztazu gintuenarena. Higuina diot goizeko zazpirei, baina berdin-berdin naiz sumintzen hamabiak jo dutenean ere. Neure buruari kontuak eskatuko ez banizkio ohean segiko nuke gaur, bihar eta etzi. Berriz diot, ez dela edredoiaren larruazaltasun epela, zoruaren hotzikara eta gorputz esnatu berriaren kirrinka besterik.
Ohekoa beste hainbeste gertatzen zait 38 gradutan isurtzen den ur txorrotaren azpian ere. Dutxa-itxituran bai epel, bai lasai, ur tanta beroak azalean behera etengabe eta betiko labainduko diren ustean. Eta berriz hasten da dena: ura badator eta badoa, gutizia goiztiarra. Zimel-zimel nituzke hatzak ur-lurrunetan, beste ardurarik ez banu. Deabruak zigor beza dutxa zabaldutakoan datorren aire hotz madarikatua!
Argi dago epelean gaudela ederkien, eta bakoitzak dituela bere izararteko uneak eta oin hutsik ibiltzeko momentuak. Neure artean pentsatu dut testu honekin nenbilela: idazten segiko dudala, goxo-goxo nagoen bitartean. Ez dudala berehalakoan amore emango.