Atxagaren okerra (6/7)
“Hamahiru mila lagunen aurrean ezin da esan, beharbada, baina liburu batean esan egin behar da”, dio Atxaga idazleak.
Liburu batean. Liburua da, izan ere, esparru egokia erretorikaren kontrako borroka burutzeko. Liburua da esparru ahaltsua egia unibertsalak eta eternalak sortzeko.
Harrotuegia irudi liteke liburuari buruz Atxagak duen iritzia. Baina pentsatzen badugu liburuak azaltzen duen ahalmena idazkeratik datorkiola; eta jabetzen bagara idazkeraren jatorrian sistema genetikoa aurkitzen dela; eta begiratzen badugu nola sortzen duen sistema genetikoak bizitzaren idazkera; eta kontuan hartzen badugu liburua bizitzaren idazkeraren fruiturik helduena dela; eta naturari begira konturatzen bagara zer sortu duen bizitzaren idazkerak, hobeto sumatuko dugu zein izan litekeen liburuaren ahalmena.
Idazkerak, sistema genetikoak bezala, eternala eta unibertsala bilatzen du. Liburuak, lehenengo zelulak bezala, ideia (forma) unibertsalak eta eternalak sortu behar ditu. Eta idazlearen betebeharra da prozesu sortzaile horren zerbitzura aritzea.Ez da okertzen Atxaga, nire ustez, liburuari ematen dion garrantzian, ezta idazleari eskatzen dion engaiamenduan ere. Idazteak erretorikaren kontrako borroka etengabea exijitzen du. Horrela bakarrik herri batek bere berezitasuna gizateriaren prozesu unibertsal batean inskribatu ahal izango du. Ez da horretan okertzen Atxaga, nire ustez.
Atxagaren okerra zibilizatuen okerra da. Oker horren sustraietan zibilizatuen dogma aurkitzen da. Dogma horren arabera idazkera bakarra idazkera grafikoa da eta liburua idazkera bakar horren adierazpenik burutuena. Dogma horretan ere oinarritzen da Atxagaren okertzea: bertsolariek idazten ez dakitelako iritzi okerra, hain zuzen.Ateratzen duen ondorioa logikoa da: horregatik erretorikaren lakioetan erortzen dira eta ideia unibertsalak eta eternalak ezin dituzte sortu eta partikularra eta unekoa unibertsaltzat hartzen dute. Ondorio horrek zibilizatuen erretorikaren nukleoa osatzen du.
Zibilizatuen dogma kolokan jartzen hasi da gaur egun. Gero eta jende gehiagok idazkera grafikoaz gain beste idazkera mota batzuk daudela onartzen du; haien artean idazkera akustikoa, bertsolariena, alegia. Zibilizatuen dogma apurtuz gero, zibilizatuen erretorika agerian geratzen da. Eta zibilizatuen erretorikaren bihotzean “bestearen ukazioa” ere aurkituko dugu; idazkera grafikoa ez dutenen ukazioa, hain zuzen. Jakina denez, ukazio hori mendebaldeko ideologia inperialista eta kolonialistaren euskarria da. Izan ere, idazkera grafikoa ez dutenek jaun eta jabe izateko eskubiderik ere ez dute, jauntza eta jabetza idazkera grafikoari, hau da, zibilizatuen idazkerari besterik ez dagokiolako. Bestearen ukazioa ere eragiten du saltsa horrek. Kasu honetan liburuak idazten ez dakienaren ukazioa, idazkera grafikorik ez duenarena, alegia. Ikuspegi menderatzaile horren azpian Atxagak bertsolariei buruz duen aurreiritzi berdina dago: idazkera grafikorik gabe ez dago ahalmenik egia unibertsalak eta eternalak sortzeko. Horregatik, ideologia horren ikuspegitik gizon-emakumeen historia idazkera grafikoarekin hasten da. Hori baino lehen, gizon-emakumeak, bertsolariak bezala, partikularrak eta unekoak itsuturik, zibilizaziotik kanpo bizi ziren.
Zibilizatuen erretorika muturreraino eraman duena kristautasuna izan da. Liburutik kanpo ez dagoela salbaziorik aldarrikatzeaz gain, herri primitiboen ohiturak eta sinesmenak deabrutu zituen. “Primitiboen” kulturak gaitzetsiz, deliberamendu kriminalaz mundu osoan zehar kultura horiek txikitu eta ezabatzen ahalegindu da. Deliberamendu kriminal hori argitzeko kristautasunaren berezitasuna ulertu behar da. Idazkera grafikoan sustraiturik erlijio guztiak neurri handian edo txikian kultura primitiboak baztertu eta ordezkatu dituzte. Baina kristautasunak izan ezik (Islama utziko dut kanpoan, beranduago sortu zelako), inork ez zituen kultura primitibo horiek erabat ukatu eta are gutxiago haien desagerpena erabateko deliberamenduz bilatu. Asmo suntsitzaile hori burutzeko kultura horiek deabrutu behar izan zituen. Deabrutze prozesua gauzatzeko erretorika kristaua agertu eta garatu zen. Erretorika kristauak ezberdina eta arrotza denaren gaitzespen eta suntsipena muturreraino eraman zituen (nazien sarraski eremuak asmo suntsitzaile horren gailurra izan liteke… hurrengoa arte).
Kristauen asmo suntsitzaile horren azpian komunitate sena zapuztu eta ezabatzeko asmoa ezkutatzen da. Izan ere, komunitate sena kultura primitibo edo pagano horiei (kristauen hitzak erabiliz) atxikirik dago. Eta kontuan hartzen badugu komunitate sena sakratuaren sena adierazteko beste izen bat baino ez dela, kristautasunaren helburua sakratuaren sena zapuztu eta ezabatzea dela ondorioztatu behar dugu. Horren arabera, kristautasuna erlijio satanikoa dela zentzu hertsian esan daiteke eta Itun Berria lehenengo liburu satanikoa. Horregatik erretorika kristauari satanikoa ere dei lekioke. Zein da Satan hori zeini komunitate sena desagertzea ezinbestekoa zaion? Zibilizazio kristauaren garapena aztertuz gero, diruaren eta indibidualismoaren nagusikeria zibilizazio horretan baino ez dela garaitu onartu behar dugu. Dirua da, bada, komunitate sena desagertzea komeni zaion deabrua. Eta kristauek beraiek deabru horri antikristo deitzen diotenez, Gurutziltzatua – edo, gure artean hain maitatuta dena, Jesusen Bihotza – antikristoren lehenengo figura dela ondorioztatu beharko genuke.Eta goian zibilizatuen dogma haien kolonialismoarekin lotu badugu, orain kolonialismo horren muina – komunitate sena ezabatzea diruaren garaipena ziurtatzeko– agerian geratu da.
Hala bada, kristauen liburu sakratuetan zibilizatuen erretorika satanikoaren jatorria bilatu behar da. Arrotza eta ezberdina dena, euskaldunok adibidez, sistematikoki ukatzen dituen erretorika, hain zuzen. Atxagak uste duenaren kontra, berak erabiltzen duen zibilizatu kristauen erretorika “primitiboena” baino askoz zitalagoa da. Eta azaldu dudanez, erretorika, berez, idazkera grafikoaren fruitua da. Jatorrizko herrietan agertzen bada, hori da zibilizatuek kutsatu dituztelako.
Beraz, Atxagak iradokitzen duenaren kontra, zerbait ezin bazaie primitiboei edo bertsolariei leporatu, erretorika asmatu izana da, eta, are gutxiago, kristauen erretorika satanikoa. Eta Unairen bertsoak deabrutzeko ematen duen arrazoia aztertuz gero – esperientziak dio min hori, aita hil dioten ume baten mina, ez dela gainditzen -, Atxagaren erretorika agerian geratzen da. Izan ere, Atxagak (aurre)iritzi bat egia unibertsal eta eternal bezala kontrabandoz igaro nahi du. Halako ziurtasunez esperientziak zer dioen jakiteko, objektibotasun zientifikoa alde batera utzi behar da, zibilizatuen erretorikan plisti-plasta egin ahal izateko (Atxagak gutxieneko espiritu zientifiko izango balu, ez litzateke halako baieztapena esaten ausartuko). Halaber, Unairen bertsoei buruz halako kondena biribila egiteko, apaiz kristauen deliberamendu suntsitzailearen apurtxo bat izan behar da. Irakurle objektibo bat Unairen “bertso satanikoak” irakurriz gero (behean aurki ditzakezue), Atxagaren gaitzespena inolako fundamenturik ez duela eta aurreiritzietan baino ez dela oinarritua jabetuko da. Aurreiritzi horien azala politikoa da, hau da, Atxagaren ezker abertzalearen kontrako erresumin ezaguna. Muina, ordea, zibilizatuen dogma.
Atxagak bertsolariei egiten dien kritika azkenean haren kontra itzultzen da. Garbi geratzen da kritika horretan kristau zibilizatuen erretorikaren mende dagoela. Eta erretorika hori erabiltzen du, kristau zibilizatuek bezala, herri baten biziraupena bermatzen duen komunitate senaren kontra. Aitzakia ideologia jakin hori da – terrorismoaren mamua! -, baina helburua euskal kultura “primitiboa” baztertzea da edo, era leunagoan esan nahi bada, bere lekuan jartzea, hau da, hitz joko bezala herri xumea dibertitzeko. Nik ez ditut Atxagaren zintzotasuna eta asmo ona zalantzan jartzen – inolako azpildurarik gabe diot -, baina bertsolariez eta haien inguruan biltzen den jendeaz adierazten duen mesprezua eta nahikotasuna mingarria eta injustua da. Tamalez, Jose Irazuk ondo dakienez, zibilizatuen mesprezua jasaten denbora gehiegi daramagu. Baina gu ez gara abarkadun analfabetoak. Euskaldunok, jatorrizko herri guztiok bezala, eta hori Atxaga idazleak ez daki edo ahaztu du, zibilizatuek iritsi baino lehen bagenekien idazten, bagenekien pentsatzen, bagenekien ideia unibertsalak eta eternalak sortzen eta bagenuen komunitatea sortu eta eratzeko sena. Idazkera horren arrastorik preziatuena bertsolariak dira. Haiek desagertzen badira edo, Estatuaren distirak itsuturik usteltzen badira, euskaldunok ere desagertuko gara.
Kritikak kritika, Atxagak diseinatu duen liburuak idazteko metodoa baliagarria litzateke bertsoak sortzeko ere. Erretorikarik gabeko bertsoak kantatzeko, hain zuzen. Atxagaren kritika ez da zuzena, baina berak diseinatutako idazteko bidea sakona eta emankorra da eta, aldatu behar dena aldaturik – hau da, bertsolariei buruzko aurreiritzi zibilizatuak -, erretorikaren aurkako borrokari buruz esaten duena idazleentzat nahiz bertsolarientzat “unibertsala eta eternala” da, nolabait ere.
Laburbilduz, erretorika bertsoetan nahiz liburuetan agertzen den bezala, bietan ere badaude baliabideak erretorika horren kontra borrokatzeko. Baliabide horiek idazkerari atxikirik daude. Eta bertsolariek baliabide horiek dituzte, haiek ere idazten dakitelako. Horregatik haiek ere kontzeptuak lantzeko gaitasuna eta jakintsuen eta apaizen erretorikari aurre egiteko ausardia badituzte. Hala bada, Ametsek edo Unaik ez dute liburu bat idatzi behar egia unibertsalak eta eternalak sortzeko. Bertsoak kantatu baino ez dute egin behar.
Unai Iturriagaren “bertso satanikoak”
Gaia: Zure aita atentatu batean hil zuten. Aurten, lehen aldiz, sentsibilitate politiko guztietako ordezkariak izan dira aitaren omenaldian
Zulo handiko galbahe
Izan zen noizbaiten muga
Han hemen tiroa beti
Eguneroko ohitura
Behintzat hala oroitzen dut
Ume nintzen garai hura
Ordutik joan da odolik
Ta errekan bera ura
Aurten estraineko aldiz
Zer berezi bat lortu da
Jende ezberdinen artean
Ahula da baina lotura
Badakit horrekin aita
Ez da itzuliko mundura
Baina neuk itzuli nahi dut
Tokatzen zaidan lekura
Ta zeinek ez du presente
Gure iragan bortitza
Batzuk oraindik hor dela
Zabaldu nahian dabiltza
Soilik hau eska dezaket
Denek daitezela mintza
Sar bitez gela batean
Ta neuk gordeko dut giltza
Emaitza bat lortu behar da
Hori da lehen baldintza
Utzi poesiarako
Zeru ertz ta zubigintza
Orain diote gakoa
Dugula elkar bizitza
Ni neu konforme nengoke
Errespetua balitza
Ez dakit zenbat arrazoi
Hartu ditzaken saskiak
Badakit gaur artekoak
Izan dira garestiak
Gaur hemen elkartu dira
Ederrak eta piztiak
Alde batera utzita
Elkarrekiko hozkiak
Utz ditzagun iraganak
Diskurtsoak ta hostiak
Biktimak gora gorakak
Ta gerrako abestiak
Aita gabe umezurtz naiz
Dauzkat begiak bustiak
Baina herri honek behar ditu
Aita ta ama guztiak
Non dago bertso hauen satanismoa? Bertso hauek deabrutzeko, aurreiritziz jositako betaurrekoekin aztertu behar da.Literaturak eta filosofiak – hau da, liburuek – halako deformazioak sortzen badituzte, harritzekoa al da batzuek “analfabetoak” izaten jarraitu nahi izatea? Norbaitek pentsatzen ikasi beharko balu, hori ez da bertsolaria, idazlea baizik.