Kalte larriak Durangoko PSE-EEren egoitzan
Durangoko Udalak atentatua salatzeko bozeramale batzordea deitu du gaur goizerako eta elkarretaratzea 12:00etan Udaletxe aurrean.
Bonba zartatu duten lokalak 107 metro inguru ditu. Bi gela txikiak guztiz txikituta geratu dira eta sukalde legez erabiltzen zutena ere nahiko erasanda. Fernando Castillo Durangoko Udaleko PSE-EEeko zinegotziaren arabera behin lehergailuak eztanda egin eta zauriturik ez zegoela jakitean egoitzako gas ihesa izan da arazo nagusia. Ordu eta erdi inguru atzeratu du Ertzaintzaren jarduera.
PSE-EEren egoitza 2004an inauguratu zuten Askatasun Etorbidean. Behin pintura boteak jaurti eta aurrealdea zikindu zioten egoitzari, baina horixe zen erasoren bat jansandako aldi bakarra. 2004ra arte Ermodo kalean zuten egoitza. “Birritan koktelekin aurrealdea erre zioten eta beste behin barrura sartu eta sua eman zioten, dena kiskalduz”, Castilllok gogoratzen duenez.
Testigantza: “zergatik ez gaituzte abisatu?”
Askatasun Etorbidearen amaieran bizi den beste bizilagun bat kexu agertu da Ertzaintzak ez dielako abisatu. Bizilagun honen etxebizitzak egoitzaren atzeko aldera ematen du -29. zenbakia- baina metro gutxira dago: “Inork ez gaitu ezertaz ohartarazi. Terrazara irten naizean dena zigilatuta zegoela konturatu naiz. Barrura sartzeko agindu didate. Banekien kontua zertaz zihoan, ez zen zaila asmatzea, baina egoitza dagoen eraikineko bizilagunak atera badituzte, ez dakit zergatik guri ez diguten tinbrea jo, gutxienez, eta zer gertatzen zen kontatu. Beste hainbat bizilagunek itzelak esan dizkiete horregatik ertzainei. San Roke 14 eta 12ko hainbat lehio apurtu ditu eztandak, baina kontatu didatenez barruragoko kristalen bat ere hautsi du uhinak”.