ZuZeuko audientziak 2013an (eta+)

zuzeu audientziakUrtea amaitu berri dugunean atzera begira egin dugu ZuZeun, post irakurrienak eta elkarrizketa ikusienak plazaratuz. Oraingoan, Google Analytics-ek eskainitako audientzia datuei erreparatu diegu. Gustura egoteko arrazoiak ditugu, gora egin baitugu bai bisitetan -%15,55- baita bisitari bakarretan ere -%25,95-.

2009an euskarazko sareari bultzada emateko jaio ginen, eta hein handi batean lortu dugula uste dugu. Oraindik bide luzea daukagu egiteko. Bost urte beteko ditugu apirilean. Horrekin batera, ZuZeu indartzeko proiektuak jarriko ditugu martxan; bai edukien kalitateari begira, baita finantziazioari dagokionez ere. Laster izango duzue horien guztien berri.

Tribuak irakurri nahi duena sortzea eta zuzeularien artikuluei bide egitea da geure lanaren zati handiena. Webgunea ahalik eta erakargarrien egiten ere jarri ditugu gure ahaleginak, eta 2014an izango dira emaitzak zentzu horretan. Etorriko dira hauek guztiak. Aitzitik, post hau 2013ra begira dago.

Audientzia datuek hobera egin dute 2013an, 2012koekin alderatuz. Berri ona da hori. Baina ozeanoan tanta besterik ez gara, eta euskal itsasoan galerna noizbehinka; gehienetan olatu bat gehiago. 2014an lanean segiko dugu, gehiago eta hobeto, zuen alboan ZuZeuk arraunean jarrai dezan tinko. Bagoaz zenbakiekin. Audientzia datuek itsaso metaforatik gutxi dute, eta gordin-gordin utzi dizkizugu Google Analytics-ek emandako datuekin.

 

ZuZeuko audientziak 2013

502.714 bisita izan ditu ZuZeuk 2013an, aurreko urtean baino %15,55 gehiago. Bisitari bakarrek ere gora egin dute, %25,95, eta 174.585era heldu dira.

Behin garden jantzia jarrita, Analytics-en datu gehiago egin ditugu publiko. Beheko infografian dauzkazu. Nabarmendu nahi genuke 2013 urtean plataforma mugikorrek izan duten igoera, sakelekotan nabarmen, eta tabletetan apur bat. Hutsaren hurrengo izatetik, smartephone-k bisiten %12 urratu dute, tabletek %4. Kontsumo bide berrien egonkortzearen erakusgarri dira datu horiek. Era berean, Twitterrek garrantzia irabazi du trafiko iturrien atalean, bisiten %22ren jatorri bihurtuz. Facebook %1 igo da, bisiten %10en iturri bihurtu arte.

 

Nondik datoz ZuZeura?

Zein nabigatzaile darabilte?

Zein gailutik sartzen dira?
| Create infographics

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.