Sexu indarkeriaren aurkako borrokan GPSa
Sexu indarkeriaren aurkako neurrien artean aspalditik erabili izan dute GPS-arena. Duela urte batzuk sistema hori erabiltzen zuen telefonoa jarri zuten eskuragarri indarkeria jasaten zutenenentzat. Hala, botoi bati sakatuz biktimak arriskuan zegoela jakinarazi ahal zion poliziari. Baina biktimak arriskuaz ohartu behar zuen hori burutzeko. Eskumuturrekoekin ordea, ez dute botoirik sakatu beharrik izango, biktimaren eta erasotzailearen arteko distantzia automatikoki neurtuko baitute. Genero indarkeriaren aurkako lege integralaren baitan hartutako neurria da honakoa.
Epaileek agindu beharko dute eskumuturrekoaren erabilera beharrezkoa den edo ez eta urruntze agindua ezartzen den kasuetarako soilik erabiliko dira. Iaz aurkeztu zuten ekimen honen helburua biktimen babesa handitzea dela azaldu zuen Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako presidenteordeak. Hori horrela, urruntze aginduak urratzen diren bakoitzean alerta sistema martxan jarri ahal izango da.
Hasiera batean, helburua, funtzionario bakoitzak 200 pulsera, hau da, urrutze agindua duten 200 pertsonen jarraipena egitea zen. Ikusi beharko da baliabide horiek nahikoa diren eta eraginkorrak ote diren.
Badira neurri honen aurrean eszeptiko xamarrak, sexu indarkeria eragin duten guztiak eskumutur bidez kontrolatzea ezinezkoa izango dela uste dutenak.
Eszeptizismoa alde batera utzita, ongi etorria bedi sexu indarkeria gutxitzera bideratutako irtenbide oro. Iaz egunero 400 pertsonek salatu zituzten tratu txarrak, beraz, argi dago arazo honi aurre egiteko neurriak hartzen jarraitu behar dela.
Lehendik frogatu izan dituzte GPS eskumuturrekoak Espainian eta orokorrean esperientzia positiboa izan bada ere, salbuespenak izan dira. Akatsek egungo sistema hobetzeko balio izan dute.